Síguenos en redes sociales:

Dokumentala

Aiten dolua ikusarazteko esperantza mezu bat

Anakotz Lasartek ‘Aitatxo’ dokumentala plazaratu berri du Arteman ekoiztetxearekin. Lanak seme-alaben heriotza lantzen du aiten begiradatik, maiz ezkutarazia. Gaia lantzeko antzerki bat ere sortu du mallabitarrak, eta aurki liburu bat kaleratuko du

Aiten dolua ikusarazteko esperantza mezu batMikel Segato eta Beñat Abasolo

Bi seme galdu zituen Anakotz Lasarte eta Iratxe Uribelarrea bikoteak orain dela hamaika eta zortzi urte: Gari eta Ekai. Heriotza perinatalak izan ziren biak; dolu prozesua, aitarena zein amarena, ezberdinak. Lasarteri indartsu agertu behar zuela esaten zioten etengabe, amari lagundu behar ziola, eta gogor plantak egin zituen. Denbora bat igarota eta emaztea lanean hasi zenean konturatu zen zerbait ez zegoela ondo bere barnean, dolu terapia behar zuela. 

Bikoteak elkarrekin egin zuen dolu-terapia, eta orduantxe jabetu zen Anakotz Lasarte aiten sentimenduak isilarazten dituzten sinesmen matxistez: “Ikusi nuen ez direla kontuan hartzen aitaren begirada, mina, sentimenduak eta emozioak, ez behintzat amarenak bezainbeste”. Gerora, emaztea dolu perinatal elkarte batean sartu zen eta bertan denak ziren amak, ez zen aitarik inondik ageri. Hor ikusi zuen Lasartek hutsune itzela dagoela, aitaren mina ezkutatu egiten dela.

'Aitatxo' dokumentala gaiaren inguruan hitz egiteko eta hausnartzeko baliabidea izatea nahi du Anakotz Lasartek. Bi helburu jarri zizkion dokumentalari, eta bete egin ditu, gogotik bete ere. Lehena aitaren dolu eskubidea plazaratzea zen, sinesmen matxistak apurtu eta erakustea sentimenduek eta emozioek ez dutela generorik.

‘Aitatxo’ dokumentalaren irudi bat.

Bigarren helburua dolu prozesuan murgilduta dauden pertsonei esperantza mezu bat ematea zen, erakustea esperientzia gogorrenetatik ere atera daitekeela: “Ni eta beste aita eta ama asko egon garen bezala orain zuloan daudenek ikus dezatela, kasu oso gogorrak daudela, baina aurrera egin dugula gure bizitzekin”. Euskal Herrian formakuntza handiko komunitate zabala dagoela ere azpimarratu du Lasartek, profesionalez eta elkartez osaturikoa, eta prozesuan laguntzen dutela inork ez dezan bidea bakarrik egin.

MINTZATZEAREN BEHARRA

Aiten dolua azaleratu nahi zuela erabaki zuen unetik bertatik Lasartek garbi izan zuen dokumental batekin izango zela. Ez zuen ikus entzunezkoen mundua ezagutzen, eta urtebeteko eszedentzia hartu behar izan zuen proiektua Arteman ekoiztetxearekin batera aurrera eramateko, baina garbi zuen hala izan behar zuela.

Gaia dokumental bidez erakutsi eta herriz herri joatea jendearengana hurbiltzeko, familiei dolua lantzeko beste baliabide bat ematea, hori bilatzen zuen, eta horretan dabil. Hainbat herri eta auzotan izan da dagoeneko dokumentalarekin, eta saio guztiak arrakastatsuak izaten ari dira: ez da izan ehundik behera pertsona gerturatzen den ekitaldirik eta batzuetan emanaldia errepikatu beharko dute, jendea kanpoan geratu zelako.

Proiektuaren bultzatzaileak azpimarratu nahi du lana herriarentzako dela, eta zabaltzeko deia egiten du, Euskal Herri osora iritsi dadin. Tokiaren arabera saioak moldatu egiten ditu, baina dokumentalarekin batera beti antolatzen du solasaldi edo mahai-ingururen bat, gaia gertutik ezagutzen duen pertsonaren batek lagunduta: aitatxoren bat, medikuren bat, terapeutaren bat…

Proiektuaren balioa ez datza soilik aiten doluaren begirada erakustean, dolu prozesurako baliabide bat ere bada.

Ikusleek parte hartu dezaten nahi du Anakotz Lasartek, publikoak ere esperientziak parteka ditzan, gaiaren inguruan hitz egin dezaten. “Doluan dagoen jende asko dator eta hor emozio pilo ateratzen dira. Oso giro emozionala sortzen da, oso giro polita da”, gaineratu du.

Pozik dago orain arte jasotako emaitzarekin. Proiektua abiatu zuenean pentsatu zuen gaia mahai gainean jartzeaz batera berea bezalako kasu gehiago ezagutuko zituela, eta horrela izan da: “Familia asko agertu dira, laguntza eman digute eta enpatia sentitu dute”. Dokumentala ikusi dutenen artean askok eskerrak eman dizkiote, horrelako lan baten beharra sentitzen zutelako. Proiektuaren balioa ez datza soilik aiten doluaren begirada erakustean, dolu prozesurako baliabide bat ere bada, eta jendearentzako baliagarria izatea espero du sor-tzaileak.

LAU AITATXO, ETA GEHIAGO

Aitatxo dokumentalean lau familia ageri dira, Anakotz Lasarterena barne. Elkarrizketa bidez aitek azaltzen dute zer gertatu zen haien seme-alabekin eta nolakoa izan zen haien dolu prozesua. Aiten begirada jorratzeko, lau protagonista horiez gain, dolu terapeuta bat eta Osakidetzako zenbait mediku ere ageri dira, ikuspegi zabal eta osatua eman asmoz.

Lasartek azaldu du beste familia eredu batzuk erakutsi nahi izan zituela, gurasotasun eredu tradizionalarekin ere apurtu nahi zuelako. Zenbait elkarrizketa egin bazituen ere, aukeraketa beharra medio azkenean ez dira Aitatxo-n ageri. Bi emakumerekin elkartu zen, bata haurduna eta bestea ez-haurduna. Umea galdu zuten eta ez-haurdunak Lasarteri azaldu zion enpatia sentitzen zuela berarekin, jendeak arreta bikote haurdunean jartzen zuelako, eta bera albo batean sentitzen zela. “Azkenean ezin izan genuen sartu, baina polita izango litzateke horrelako ereduak ere ateratzea”, gaineratu du egileak.

Dolu perinetala du ardatz proiektuak.

PROZESU LUZE ETA ZAILA

Esan bezala, Aitatxo sortu aurretik Lasartek ez zuen harremanik ikus-entzunezko munduarekin: zerotik ikasi behar izan zuen dokumental bat egiten. Iñaki Peña medikuarekin bildu zen lehena, hark doluaren inguruko zenbait dokumental plazaratuak zituelako. Buruan zuena kontatu zion Lasartek eta Peñak eman beharreko urratsak azaldu zizkion: gidoi bat prestatu, ekoiztetxe batekin harremanetan jarri…

Hala, Arteman ekoiztetxearekin jarri zen harremanetan duela ia hiru urte baina orduan ez zuten dokumentala egiteko aukerarik, agenda bete-betea zutela-eta. Azkenean, 2025an aukera sortu, eta buru-belarri sartu ziren proiektuan. Lasartek urte osoko eszedentzia eskatu eta lantaldea osatu zuten: Anakotz Lasarte bera, eta ekoiztetxeko Mikel Segato eta Beñat Abasolo.

Prozesu zaila bezain polita izan dela aitortu du proiektuaren sustatzaileak. Batetik, dokumental baten ekoizpenaren atzean dagoen lan guztia ezagutzeko aukera izan duelako, eskema guztia ikusi ahal izan du eta prozesu osoan parte hartu du. Bestetik, familiekin egoteko aukera izan duelako. Berak egin ditu dokumentalean ageri diren elkarrizketa guztiak, berea salbu, bera ere agertzen baita bere esperientzia kontatzen. “Protagonistekin egotea luxu bat izan da”, azpimarratu du.

Elkarrizketekin zorte handia izan duela dio Lasartek. Proiektuarekin bueltaka hasi zenean pare bat familia zituen buruan, eta denek eman zioten baiezkoa: “Altxor bat izan da niretzat”. Jakitun da kamera aurrean bizipen gogorrak kontatzea kosta egin zaiela, eta oso eskertuta dago horregatik, baina jakin ere badaki parte hartu duten familientzat dokumentala bera sortzea ere terapeutikoa izan dela: “Orain emaitza ikusten dute, aretoak beteta, eta eurak ere oso pozik daude”.

Lasarte pozik eta harro dago egindako lanarekin eta lortutako emai-tzarekin. Bide luzea izan da, pentsa, laster hiru urte beteko dira Iñaki Peñarekin lehen elkarrizketa hura izan zuenetik, baina bidean asko ikasi du Lasartek, pazientzia izaten, besteak beste.

ANTZERKIA ETA LIBURUA

Prozesu luzea izan da, baina oharkabean dokumental izateko jaiotako proiektua handitu eta antzerki bilakatu da, eta liburu forma hartzeko bidean da orain. Lasartek bere semeekin dituen gogoeta batzuk sartu nahi zituen Aitatxo dokumentalean, baina Mikel Segatok eta Beñat Abasolok azaldu zioten ez zutela lekurik lan horretan. Hala, hausnarketak nola argitaratu bueltaka hasi eta Telmo Irureta aktorearekin hitz egitea otu zitzaion.

Arteman ekoiztetxeak ondu du dokumentala.

Iruretarekin batera antzerki forma ematea erabaki zuen, eta horrela jaio da Aitatxo antzezlana. Bi aktore ageri dira oholtza gainean, bata aitarena egiten eta bestea semearena, Telmo Iruretaren zuzendaritzapean. Dagoeneko zenbait herritan aurkeztu dute eta aurki areto gehiagotara zabaltzea espero dute.

Antzerkiaz gain, Aitatxo liburua ere argitaratzeko bidean da Anakotz Lasarte. Eñaut Aiartzaguena ilustrazioak sortzen ari da Lasarteren gogoetetatik abiatuta, eta laster liburutxoa kalean izatea espero dute.

BUKAERA ETA HASIERA

Aitatxo prozesu baten bukaera gisa ikusten du Anakotz Lasartek: “Niretzako bukaera baten modukoa izan da. Nire semeek hemen jarri naute eta aitaren dolua lantzera eta erakustera bultzatu naute”. Beste askoren-tzat, ordea, dolu prozesu horren hasiera izan daiteke, eta horretarako lagungarria izango delakoan dago Lasarte.

Proiektuarekin hasi zenean ez zuen inondik inora pentsatuko dokumentalaz gain antzezlan bat eta liburu bat ere plazaratuko zituenik. Hasierako helburua aiten dolua mahai gainean jartzea eta esperantza mezu bat ematea zen, prozesu horretan murgilduta dauden pertsonei baliabide bat gehiago eskaintzeko, eta gogotik bete du. Horrez gain, webgune bat ere sareratu du, proiektuaren gaineko informazio guztia txukun-txukun jasotzeko. Bertan, besteak beste, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera dago. Izan ere, diru-iturri pribatuak besterik ezin izan ditu lortu eta oraingoz proiektuaren % 30 soilik dago finantzatuta. Hortaz, nahi duenak askatasun osoz eman diezaioke laguntza proiektuari, bestela sortzaileak berak ordaindu beharko baitu gainerakoa.