Antzerkia antzerkiaren barne
Iragana eta orainaldia batzen dituen ‘Rikardo III eta ni’ antzezlana ondu dute Horman Poster eta Dxusturi Teatroa konpainiek. Antzezlana Shakespeareren ‘Richard III’ obraren egokitzapena da, euskarara ekarria
Oholtza gainean hiru emakume ageri dira, elkarrizketan. Era berean, William Shakespeareren zale 'friki' batzuk daude taula gainean 'Rikardo III' antzezten, lan hori aztertzen, haren inguruan hausnartzen. Obra eta antzezlanari buruzko iruzkinak tartekatzen dira, antzerkia antzerkiaren barruan sartuz. Hala egituratu dute 'Rikardo III eta ni' antzezlana, Horman Poster eta Dxusturi Teatroa konpainiek elkarrekin ondutako lana.
Proiektu hau proposamen batetik jaio zen: Igor de Quadrak, antzezlanaren zuzendariak, Eneritz Artetxe aktorea eta idazketa dramaturgiako eta kritikoaren arduradunari bota zion proposamena. Biek aurrez elkar ezagutzen zuten, baina, bakoitzaren lanen inguruko jakinminak batera lan egitera bultzatu zituen. Hasieratik zekiten antzezlanak Shakespearekin zerikusia izango zuela; eta hala, dramaturgoaren lanak aztertzen ari zirela, hainbat irakurketa egiteaz gain, teorikoki ere landu zuten haren obra.
Shakespeare ezezaguna
Lan guztien artean 'Rikardo III' hautatu zuten, hainbat arrazoirengatik. Eneritz Artetxeren esanetan, ezjakintasuna izan zen hauetako bat: “Shakespeare asko irakurri eta ezagutu arren, nik ez nuen obra hau ezagutzen”. Horrez gain, inguruan galdetuta ere jendeak lana ezezagun zuela iruditzen zitzaion aktoreari, mundu mailan, aldiz, badu bere ospea.
Ezjakintasuna ez zen izan ezaugarri erabakigarri bakarra; artean, harridura ere badago, inpaktuarekiko harridura. “Pertsonaia nagusia harrigarria bezain modernoa da–bere sorkundean–, gaiztoaren arketipo handia zeinak bere azkartasuna eta diskurtso gaitasunarengatik liluratzen zaituen”, azaldu du Artetxek.
Protagonistak ikusleari zintzoki hitz egiten dio, ezer ezkutatu gabe: behin bere nahiak argi eta garbi azalduta, antzerkira jotzen du. Horrela jardutea polita iruditu zaio idazketa dramaturgiakoaren arduradunari: “Horrek ikuslea harrapatzea ekartzen du, normalean alderantziz gertatzen baita; hau da, ikusleari fikzio horren barruan gertatzen dena eta haren bizitzaz gutxi agertzen da; kasu honetan, berriz, alderantziz da: antzerkiaren barruko antzerkia da, ikusleak berak antzezten duena ikusten baitu”. Gainera, Rikardo III.enaren diskurtso gaitasuna azpimarratu du, Shakespearek ere berezko zuena.
Jatorrizko egilearen zigilu diren xehetasun ugari topa daitezke 'Rikardo III eta ni' antzezlanean; besteak beste, hizkuntzaren bidez irudi poetikoak sortzeko duen gaitasuna eta pertsonaiei ematen dien psikologia sakona. Antzezlana familia sare baten erretratu bilakatzen da, baita erretratu historikoa ere. Finean, idazlearen gainontzeko obrek bezala hainbat “geruza” ditu 'Rikardo III eta ni' obrak.
Idazle ingelesaren esentzia bertan dago, eta Dxusturi Teatroa eta Horman Poster konpainiek zailtasunak eduki dituzte dramaturgia moldatzerakoan; izan ere, obra originalak 50 pertsonaia inguru ditu; euskarazko eguneraketak, aldiz, hiru aktore besterik ez. Artetxek dramaturgia ez dela “klasikoa” azaldu du: “Gutako bakoitzak pertsonaia ezberdinak egiten ditu, gero salto egiten dugu gaur egungo egoerara, batzuk entseatzen ari garen horiek antzezten edo lana era narratiboan azaltzen gabiltzalako”.
'Rikardo III eta ni' obraren zenbait aspektu bereziki azpimarragarriak iruditzen zaizkio sortzaileari: proposamen eszenikoa, testuaren laginak, interpretazioak eta jantziteria. Xabi Paya izan da lan originala euskara-tzearen arduradun, “altxor txikiak” bezalakoak direnak. Artetxeren aburuz, proposamen eszenikoak kontraste nabarmena egiten du Shakespeareren testuekin, ekarpen eguneratua eginez: eszenaratze garaikidea eta jolasa eremu berdinean topatzen dira. Interpretazioari eta dramaturgiari dagokionez, testuaren sartuirtenak garrantzitsuak dira, baita eszenografia eta jantziteria ere: “Biak tonu berdinean doaz, ez dira Shakespeareren obra bat taularatzerakoan esperoko zenukeena, baina kutsu garaikidea ematen diote, baita idazlearen lanak azpimarratu ere”.
Beste moldaketen artean ikuspuntua dago: “Gurera ekarri dugu, obraren gaineko gure ikuspuntua azaltzeaz eta eszena batzuk gaur egungo kontuekin alderatzeaz gain euskal kulturari keinu bat egiten diogu”. Hamaika hausnarketa taularatzen dituzte antzezlanean zehar eta, nolabait, denbora historiko honetara eta norbanakoarengana urbildu.
Orainera ekarri dutenen eszenetako bat da, ustez, “sedukziozko” bat: “Mitiko bat da eta askotan ikusi izan dut sedukzio eszena gisa hartu dena, niretzako biolentzia totala dena eta horren gaineko komentarioak egiten ditugu”. Hari-mutur asko daude obran: makiavelismoa, enpatia falta, misoginia, gaur egun berriro ere bor-borren dauden balore neoliberalak eta patriarkatuarenak, besteak beste. “Are gehiago sakontzeko aukera izango banu emakumeen ikuspuntua izango zen azpigaietako bat”, gehitu du Artetxek.
Azaroaren 8an estreinatu zuten antzezlana, eta proposamena gustukoa izan delakoan dago aktorea: “Proposamena ulertzea garrantzitsua zen eta lortu dugula esan dezaket; konplizitate bat sortu zen, baita barre egiteko parada ere”. Edonork ikusteko modukoa izatea, astuna ez izatea, zen helburua eta antzezlanaren izaera dinamikoa lagungarri suertatu da aktorearen iritziz. Etorkizunari begira, dagoeneko 'Rikardo III eta ni' obraz gozatzeko hainbat parada daude: urtarrilaren 14 eta 15ean Bilboko Arriaga antzokian, otsailaren 20an Andoainen, 21ean Gernikan, apirilaren 24an Basaurin eta 29an Norvegian, hizkuntza gutxituen jaialdi batean.