Síguenos en redes sociales:

Matxalen de Pedro Larrea: “Historia zati bat herritarren bitartez eta euskara hutsean eskaini ahal izatea pozgarria da”

‘Isuskitza’ izena du Uribe Kostako Busterri Herri Antzerkiaren azken obrak. Matxalen de Pedroren gidaritzapean, herri lurren historian sakondu dute. Gaur eskainiko dute bigarren emanaldia Gorlizen

Matxalen de Pedro Larrea: “Historia zati bat herritarren bitartez eta euskara hutsean eskaini ahal izatea pozgarria da”Maitane Campos

Duela 10 urte sortu zuten Busterri antzerki taldea Plentzia eta Gorlizko herritarrek, eta ordutik, bost antzezlan ekoiztu dituzte. Matxalen De Pedrok (Getxo, Bizkaia, 1981) urte asko daramatza antzerkigintza profesionalean, eta hirugarren aldiz izan du herriko talde amateurra zuzentzeko aukera. Hain zuzen, Isuskitza antzezlana oholtzaratu dute aurten. Plentziako Isuskitza muinoan azken 170 urteetan gordetako historia puskak kontatzen dituen obra da Isuskitza. Gaur, urriak 11, Gorlizen eskainiko dute bigarren emanaldia: 20:00etan Eleiz Plazan. 

Zer kontatzen da ‘Isuskitza’ antzezlanean?

Plentzian (Bizkaia), XIX. mendean, Isuskitza deituriko muino batean, herri multzo bat zegoen, Butroe errekak inguratzen zuen lur sail bat. Lur sail hori herriak zuen zor bati aurre egiteko saldu egin behar izan zen; eta, ondorioz, 1855. urtean enkantera atera zen. Hala, Olagibel izeneko Bilboko aberats batek eta bere emazteak erosi zuten. Urteekin Isuskitzaren jabetza eskurik esku pasatu da, azkenean erosleetako batek urbanizazio bat eraikitzea erabaki zen arte. An-tzezlanean Isuskitzako herri lurretan, historian zehar, XIX. mende erdialdetik gaur eguneraino bizi izan diren gertakariak kontatzen dira. An-tzezlanak ez du trama edo narratiba jarraikorrik; saltoka doa, pintzelada historiko batzuk izango balira bezala.

Kontatzen den guztia errealitatetik ateratakoa da?

Asko bai. Gidoia Jokin De Pedrok, nire aitak, idatzi du, eta bera beti abiatzen da artxibo historikoetatik. Hala, gertaera historikoak dramatizaziorako eta antzezlan forman eskaintzeko tratatu dira, baina ia gehiena artxibo historikoetan jaso bezala mantendu da. Aurre ekoizpenean lan handia egiten dugu, horregatik estreinatu ohi dugu antzezlan bat bi urtean behin, dokumentazioari eta idazketari eskaintzen diogu urte bat.

"Antzezlanean azaltzen diren gertaera ia gehienak artxibo historikoetan jaso bezala mantendu dira.”

Matxalen de Pedro Larrea . Antzerkigilea

Nortzuk dira istorioaren protagonistak?

Hainbat pertsonaia gorpuzten ditugu: Olagibel bera, armak hartu behar izan zituzten emakume hiritarrak, herriko alkatea, aguazila, enkantean parte hartzen duten beste aberats batzuk, Gipuzkoatik etorritako herritar talde bat, gerra garaian hegazkin batetik eroritako parakaidista nazi bat, Sitse trikitilari ezaguna ere azaltzen da... baina, antzezlanean garrantzia, bereziki, lur sail horretan sorturiko eta desagerturiko ondareak du. 

Zergatik?

Olagibel aberastu egin zen Plentziako herritar bat zen, eta Gipuzkoako herri batzuetatik, Orio eta Getariatik, besteak beste, lurrak lan-tzen zekiten baserritarrak ekarri zituen itsasoko ur gezei pasoa itxi eta Butroe errekako ura jasotzeko. Hainbat izan ziren Gipuzkoatik etorritakoak, eta oraindik gaur egun Plen-tzian hainbat abizen daude inguru hartakoak, Plentzian zein alboko herrietan gelditu zirelako gerora. Gaur egungo Plentziako alkatearen [Aitor Garagartza] abizena, adibidez, bertakoa da. Horrez gain, euskalki berezi bat sortu zen, baita ondare bat nekazaritzarekin lotura zuena ere. Antzezlanean, gertaera historikoak kontatzeko dramatikotasuna zaintzeaz gain, euskararen trataerari eman diogu garrantzia.

Zer lortu nahiko zenukete antzezlan honen bidez?

Ikusleari transmititu nahi diogu herriarentzat ezezaguna zen historia zati bat. Horrez gain, historia hori gaur egungo herritarren bitartez eta euskara hutsean eskaini ahal izatea pozgarria da. Parte hartzaileentzat, bestalde, herrigintza proiektu bat da, antzerkia egiten ikastearen bitartez beraien herritarrekin beste modu batera harremantzeko aukera dute. Halaber, gure lanak fruituak ematen dituenaren erakusle, eta duela mende erdi inguru hainbat getariar Plen-tziara bizitzera etorri zirenaren harira, etorri ziren horien ondorengo zenbait senide eta egungo Getariako alkatea antzezlana ikustera etor-tzea lortu dugu.

"Kasu honetan, abiapuntua, nolabait, klasikoagoa da. Aitak testua pasatzen didanean hasten da sormen prozesua.”

Matxalen de Pedro Larrea . Antzerkigilea

Busterri antzerki taldeko kideek parte hartzen dute ‘Isuskitza’ antzezlanean. Nortzuk dira beraiek? 

Plentziako eta Gorlizko biztanle amateurrak dira. Bost urtetik hasi, eta 75 urtera arteko jendea dago. Guztira, 25 bat aktorek, 35 figurante eta laguntzailek eta Gorlizko Lirain abesbatzak parte hartzen dute Isuskitza antzezlanean. Beraien denbora librean egiten duten zerbait da, igande goizetan elkartzen gara entseatzeko. Martxo aldera hasten ditugu entseguak ekainera arte, udan etenaldi labur bat egiten dugu, eta irailean berriz ekiten diogu urrian estreina-tzeko. Zuzendari naizen heinean, inplikazioa eskatzen diet dugun denborari zukua atera eta denok ondo pasatu eta gozatzeko. Urterik urtera interprete gisa nola hobetzen diren ikusteak bihotza betetzen dit. Horrez gain, oholtza azpian jantzitegiaz eta eszenografiaz arduratzen diren kideak ere aipatu behar dira, baita erregidoreak ere.

Antzerkigintza profesionalean aritzen zara. Sorkuntza prozesuan, zein alde dago antzerki talde amateur batekiko?

Kasu honetan, abiapuntua, nolabait, klasikoagoa da. Aitak testua pasatzen didanean hasten da sormen prozesua. Testu hori antzerkigin-tzatik ikusita, eta dramatikotasuna hobetze aldera, proposamen batzuk egiten ditut. Behin moldaketak eginda, irakurketak egiten ditugu partaideekin; eta ostean, rol banaketen proposamenak egiten dira. Casting-a eratzen da, eta an-tzezleek testua landuta dutenean, abiatzen gara, gutxika, eszenaratzen dena finduta utzi arte.