Síguenos en redes sociales:

Ion Estala eta Borja BordonabeZuzendaria eta dantzaria

“Basandereri beste ikuspegi bat eman nahi izan diogu”

“Basandereri beste ikuspegi bat eman nahi izan diogu”NODE

NODE dantza eta performance konpainiak bere azken pieza estreinatu berri du ‘Basandere’ izenburupean. Bertan, euskal mitologiaren pertsonaia ez horren ezagun baten ikuspegi berri bat taularatzen dute. Marina Eskisabelek eta Borja Bordonabek gorpuzten dute, Ion Estalaren zuzedaritzapean. Aladaketa klimatikoa gaur eguneko gizarteak duen kezka nagusietako bat bihurtu da. Arazo hori dantzaren bitartez antzeztea ez da lan erraza, baina helburu hori dauka dantza konpainia donostiarrak uztail honetan estreinatu berri duen piezarekin: Basandere. Emanaldiaren nondik norakoen berri eman du Ion Estala zuzendariak eta Borja Bordonabe dantzariak.

Zer kontatzen digu ‘Basandere’ obrak?

Ion Estala: Basandere gure azken dantza pieza da, kalean egitekoa eta 20 minutu inguruko iraupena duena. Obra Mundu bat gobernuz kanpoko erakundearekin egindako elkarlanean jaio zen. Izan ere, gure aurreko pieza bat, Emakumeak izenekoa, beraiekin ekoiztu genuen. Oraingo honetan, proiektu handi eta global batean sartuta gaude, Emakumeak eta Justizia Klimatikoa izenekoa, pieza bat sortzeko helburuarekin. Justizia klimatikoaren barruan kontzeptu asko daude, baina guk mundua klimaren ikuspegitik nola aldatzen ari den aintzat hartu genuen; batik bat landa inguruetako jendearen bizimodua eta gure basoak. Ildo horretatik, euskal mitologiaz hausnartzen hasi eta Basajaunaren irudian jarri genuen arreta, basoaren eta oihanaren zaindari bezala. Puntu horretatik ikertzen hasi eta konturatu ginen Basandere existitzen dela.

Ez da pertsonaia oso ezaguna euskal mitologiaren barruan.

I. E. Oso kuriosoa da, hausnarketa bat egiten hasi eta bere inguruko ipuinak aurkitu genituen: pertsonaia erromantiko bezala agertzen da, baina Basajaunen itzalean bizi da. Istorio batzuek diote tipo batekin maitemindu zela; eta, hortik aurrera, emakumeei lotutako gaitzespen eta mendeku istorioak datoz.

Basandere emakume “gaiztoen” klubean sartzen da hortaz, beste behin; edo, kasu honetan, zein irudi eman diozue zuen ikerketaren bitartez?

I.E.: Irudi oso zatarra zeukan. Oso kuriosoa da: Basajaun gorputz indartsuarekin aurkezten da eta Basandere, berriz, itsusi. Horri buelta bat eman nahi izan genion eta, batik bat, gure umiltasunetik, Basandereri beste ikuspegi bat eman. Justizia klimatikoaren proiektuarekin bat egiten duen kontzeptua da, landa inguruko gaiaren inguruan eta hor paralelismo bat dago. Hortik abiatuta, Basandereren dramaturgia Basajaunen atzetik agertzen da. Baina, momentu batean, Basanderek gauzak esploratu eta aurrera egin nahi du. Borroka moduko bat dago, eta borroka horretan konturatzen dira elkarrekin boteretsuagoak direla. Basajaunek lekua laga-tzen badio Basandereri, gauzak aurrera eramateko gai dira. Hori da pixka bat kontatu nahi duguna. 

Pieza uztaila hasieran estreinatu zenuten Portugaleko jaialdi batean, nolakoa izan zen estreinaldi hori?

I.E.: Aurre estreinaldi bat egin genuen Tabakalerako jardunaldi batean, eta estreinaldia uztailaren 3an izan zen Portugaleko jaialdi batean. Zoragarria izan zen emaitza eta erantzun polita.

Borja Bordonabe: Oso esperientzia polita izan zen. Ez gaude ohituta hainbeste publiko izatera, jende pila bat egon zen. Gainera, publikoari asko gustatu zitzaion.

NODEren beste obra batzuk, ‘Basandere’ baino lehenago, ‘Emakumeak’ izan da, eta beste bat ‘Natura 21’; hortaz, ‘Basandere’ bi lanen cross-over bat kontsidera daiteke?

I.E.: Kar, kar, kar, bai, Marvel komikietako lan bat bezala. Egia esan, konturatu gara, adibidez, Batu eta Basandere obrek unibertso berdina konpartitu dezaketela. Eta, bai, azkenean, konpainia berdina gara, eta gure piezak dira, orduan bai dago ildo nagusi bat. Duela gutxi konturatu ginen nolako konexioa zegoen Basandere eta Batu obren artean. Are gehiago, planteatzen ari gara unibertso hori baliatuz bi piezak batzea.

Zuen ibilbidean zehar, sortze prozesuak pieza bakoitzean desberdinak izan dira. Oraingoan ere desberdina izan da beste lanekiko? 

I.E.: Estruktura esangonuke berdina dela, azkenean, gai bat dago, bide bat sortzeko nahi edo desira dago, hasten gara pentsatzen zer egin gura dugun, taldea sortu, etab. Borjarekin azkeneko, hiru piezetan elkarrekin lan egin dugu, eta azkenean, bere presentzia eta lana handitu egin da. 

B.B.: Bai, gure arteko komunikazioa gero eta handiagoa da, baina pieza hau desberdina da. Izan ere, zuzendaritza koreografikoa enkargatu zidan Ionek. Hasieran, elkartu eta koreografikoki azaldu zidan kontraste bat ikusi nahi zuela. Hori erakusteko tentsio eta abiadura desberdinak erabili ditugu, Basandere eta Basajaunen arteko desberdintasun horiek adierazteko nolabait. 

‘Basandere’ bezalako obrez gain, Node konpainiak jaialdiak ere kudeatzen ditu.

I.E.: Node dantza konpainia da eta Labo-ren bitartez kultur ekintzak kudeatzen dira. Urtean hiru jaialdi ditugu. Urte hasieran Labo sortze prozesuei agerikotasuna ematen zaie. Erakusleiho moduko bat da eta konpainioi lekua ematen zaigu “barruak” erakusteko, apiriletik ekainera. Oso ondo funtzionatzen du, jendeak ez dakielako zer ikustera datorren eta oso pozik ateratzen da. Artista eta publikoaren arteko distantzia kentzen da. Gero, Labo Geo daukagu, gorputza eta ondarea; iaz hasi ginen proiektu honekin eta helburua da dantza garaikidea herri txikietara eramatea. Eta gero, azaroan, Labo XL dago, espazio + hizkuntza eszeniko berrien jaialdia. Hori da gure munstro handia, indar eta garrantzia asko hartu du jaialdiak.