Azkenaldiko joeren aurka, hamabost kantuko lan luzea osatu du Odei Barroso (Urruña, Lapurdi, 1988) musikariak. Esperientzia propioek inspiratuta, gordintasuna eta goxotasuna nahasi ditu bere letra eta errima zorro-tzetan. Talde osoarekin batera zuzeneko “indartsua, landua eta zintzoa” prestatu du.

Martxoaren 21ean aurkeztu zenuen diskoa Atabalen. Zelan joan zen lehen kontzertu hura?

Biziki ongi. Aretoa goraino bete zen eta oso harrera ona izan genuen: giro beroa eta maitasun handikoa. Ederra da diskoa horrela aurkeztea eta oso eskertuta gaude.

Kontzertu bira luzea duzue aurretik. Zelan zaude? 

Gogo handiz. Urtebete estudioan lanean aritu ondoren, berezia da diskoa atera eta berriz martxan jartzea. Terapia-ren bira bukatu eta urte t’erdi egon naiz jo gabe eta lan handia egin dugu ekipo guztiarekin. Jakin behar da ni ØDEI naizela, baina inguruan badut jendea eta zuzenekoetara 7-8 pertsona mugitzen gara: oholtzako laurak gehi soinu eta argi teknikariak. Denok gaude oso gogotsu kon-tzertuei ekiteko. Badakigu Lapurdi aldean jendeak babesten duela hau, baina ikusiko dugu Euskal Herrian barna zer harrera duen.

Bakarkako lana izanagatik, aipatu duzu talde oso bat duzula atzean. 

Lana ØDEI gisa aurkezten dut abestiak eta produkzioa nik bakarrik egiten ditudalako, baina zuzenekoei begira ekipo bat gara. Koristetako bat Jo da, garaian 2zioko bitmakerra zena, eta bera beti dut ondoan sorkun-tza prozesuan: beti dator entzutera, iritzia ematen dit... elkarlanetik badu berarekin. Nigandik abiatzen da dena, gero Jorekin baieztatzen dut, eta zuzenekoari begira lagun gehiago batzen dira.

Nolakoa da zuzeneko hori?

Indartsua, landua eta zintzoa. Rapa perkutantea da, instrumentalak bezala. Egia erran, zintzoa da hasieratik bukaerara: ez dago aurrez botatako ezer, ez aurrez grabatutako musikarik ez ahotsik. Ordubeteko zuzenekoa da, jo ta su aritzen gara bata bestearen atzetik. Lan anitz egin dugu gure showa ikusgarri bat izan dadin.

Nolakoa da oholtzara igotzen den ØDEI?

Ni naiz, nonbait. Musika hainbeste bizi dut, ezen egiten dudan momentuan bizi dudan bezala ateratzen zaidala. Egia da oholtzara igo behar naizela % 200ean kontzentratuta, ordubetean ezin dut kontzentrazioa galdu, horregatik, dena ematen duen ØDEI kontzentratu bat da. Musika zinez barnetik bizi dudan zerbait da eta ez dakit pertsonaiarik jokatzen, ez dakit ni ez naizen zerbait egiten hor. Hain barnetik ateratzen zait, non ezin dudan roletara jolastu.

Nola definitzen duzu ‘Goizegi Hiltzeko’?

Rapa da dena, rap purua gainera, ez du makillajerik, ez du hibridotasunik, artifizio gutxi eta kontzesio gutxi alde horretatik. Hiru dira rap mota nagusiak: trapa, drilla eta boom bap-a. Hirurak daude barnean, neure modura ekarriak, ez naizelako copy-paste-aren zalea, batere. Neure galbahetik pasatako instrumentalak dira denak. Ni rapero bat naiz, raperotzat du neure burua; hori da egiten dudana, ateratzen zaidana eta maite dudana. Badakit horrek zailtasun bat dakarrela gero, ez baikaude raparen herrian eta Euskal Herria ez da rap purua entzuten duen herri bat.

Zein da aldea ‘Terapia’-rekin alderatuta? 

Ahots tonuetan eta flowetan aldaketa dago, disko hau dinamikoagoa da, biziagoa, zuzenekoagoa eta anitzagoa. Terapia egin behar nuen disko bat zen, neure buruari bide emateko eta bakarrik bidea egin nezakeela neure burua konbentzitzeko. Behin hori eginda, libreago sentitu naiz eta uste dut nabari dela.

Zerk inspiratu zaitu sortze prozesuan?

Inspirazioa bizitakotik ateratzen dut. Disko hau aski zintzoa iruditzen zait, aski nigandik ateratakoa, horrexegatik justuki: nire egunerokoan bizi, ezagutu, ikusi eta sentitzen ditudan guzti horien bilduma bat delako. Ez dut pentsatu “honetaz hitz egingo dut” edo “gai honi helduko diot”. Batere, naturalki idazten joan naiz. Egun batzuetan atera zaizkit testu gordinagoak, beste batzuetan goxoagoak… hori gara pertsonak.

Martxoaren 21ean Biarritzeko Atabal aretoan aurkeztu zuen lan berria. SABINA HOURCADE

Esan duzu ez gaudela raparen herrian. Nola ikusten duzu euskal raparen eszena?

Euskara hutsean ari garenak gutxi gara, gehienek hizkuntzak nahasten dituztelako. Nire-tzat denak dira ongi etorriak, zeren batak zein besteak, hizkuntza nahasketak ere, aberasten du euskal raparen kultura. Beti diot ez dagoela euskarazko rap eszenarik, zintzoki, ez dagoelako. Erran nahi dut, taldeak badaude, geroz eta gehiago, gainera, baina duda dut entzulegoak segitzen ote duen talde kopuruaren handitze edo puzte hori.

Zu bakarkako bigarren lana da hau. Gustura zaude hartutako bidearekin?

Hasieran kosta egin zitzaidan lehen urratsa ematea, nire burua mugatua ikusten nuelako. Bitxia da, orain pentsatzen dut zergatik ez ote nuen lehenago egin. Gaur egun, lotsak eta konplexuak baditut, baina saiatzen naiz horiek gainditzen eta pixka bat paso egiten. Kontent naiz egindako hautuez, bakarka aritzeak ematen dit askatasun erabatekoa, nahiz eta taldearekin eta ene kideekin anitz kontrastatzen dudan. Biziki maitasunezko harremana dugu Alkimia eta proiektu honen inguruan. Ez nago hain bakarrik, baina, hala ere, egia da erabaki artistiko eta musikal gehienak bakarrik har-tzen ditudala. Hori muga bat izan daiteke, baina askatasuna ere. Gaur egun gehiago bizi dut askatasun bezala eta ongi sentitzen naiz bakarkako bide honetan.

Askatasuna aipatu duzu, diskoan ere erreferentzia egiten diozu musika industriari zuzendutako kritikan. Zer dakar horrek zure lanean?

Horrek dakar ziurrenik nire lana ez dela beste batzuk bezainbat entzungo irratietan, nire lanaren promozio guztia nik bakarrik egin behar dudala, management etxeek erabateko boterea duten jaialdi askotan ez dudala joko edo zaila egingo zaidala bertan jotzea... Euskal Herria ttipia izanik ere, management etxe askok erabateko monopolioa dute. Ni horrekin naiz biziki kritiko, niretzako hori antikultura da. Kritikoa naiz eta badakit kritiko izateak ondorio batzuk dituela, baina jada ez ditut hemezortzi urte eta ez dut deus galtzeko. Kanturen batean diot: ez didate ezer eman, ez diet zor. Nik ez dut hortik jasoko, baina ez diot horri emanen.

Martxoaren 21ean Biarritzeko Atabal aretoan aurkeztu zuen lan berria. SABINA HOURCADE

Aukeratzerik balego, zer nahiago duzu, sormen prozesua, grabatzekoa ala oholtzara igotzekoa?

Sortze prozesua. Beti nahiago izan dut nire kobazuloa eta sortze prozesua: hor sentitzen naiz ni, sentitzen naiz erosoen. Zuzenekoak maite ditut, biziki, baina bitarik bat hautatu beharko banu, estudioa hautatuko nuke. Sor-tzearen magia hor bizi dut, behin oholtzara igota erreproduzitzen ari gara. Sortzearen magia behin gertatzen da abesti bakoitzeko. Neuretzat momentu hori da ederrena, kantu bat bukatu duzula entzuten ari zarenean, oraindik zure buruarentzat berria denean. Kantu bat grabatu eta Jorekin partekatzen dudan momentu hori magikoa da, ez dut hitzik deskribatzeko.

Zergatik ‘Goizegi Hiltzeko’ izena?

Bi arrazoi nagusi daude. Denoi gertatu izan zaigu norbait galtzea eta norabait mundutik badoanean, beti da goizegi. Gure etxean ama goizegi galdu genuen eta egiten dudan guzti horretan dago nire ama. Nonbait beretzako omenaldi moduko bat ere bada, egiten dudan guztiaren parte bat ere berari zor diodalako. Uste dut sentsibilitate batzuk garatu ahal izan ditudala berari esker eta gaur egiten dudana ezingo nukeela egin bera izango ez banu. Batetik, amari omenaldia eta, bestetik, modu bat da esateko goizegi dela nire rapero izaeraren-tzat hiltzeko edo behintzat isiltzeko. Norbaitek uste badu isilduko naizela orain, jakin dezala gerra ematen segituko dugula.

Agian goizegi izango da honetarako ere, baina pentsatzen hasia zara hurrengo lanean?

Momentuz zentratua naiz honetan. Hori gertatzen zait niri: Terapia-ren bira bukatu behar izan nuen disko hau sortzen hasteko. Momentu honetan burua hemen dut eta hau da defendatu nahi dudana, ez nago gehiegi aitzina begira. Ez naiz gutti eta maiz sortzekoa, baizik eta luze eta denborarekin. Ez dut presarik, orain oraingoak eta gero gerokoak.

Amaitzeko, zer espero duzu bira honetatik?

Egia erran, nahiago izaten dut ez gehiegi proiektatu, horrek frustrazioak dakartzalako. Nahiago dut joan eta egin, eta gero ondorioak atera, behin eguna pasata. Atabaleko kontzertuan sarrera guztiak joan ziren astebete lehenago eta beste 200 jarri zituzten. Horri begira egon banintz, ez dakit zer pasako zitzaidan burutik, zer esperoko nuen. Horri ez begiratzeak lasaitasuna ematen dit, aski lan dut zentratzen neurea egiten. Hori du musikak, dena momentuan gertatzen da: sorkuntza sortzen ari zarenean gertatzen da eta kontzertua gertatzen da ematen ari zaren momentuan.