04:07
Iratzargailuak jo ez badu ere, errezel ertzetatik sartzen diren argi izpiek esnatu naute. Errezel astunak albo batera botatzean eguzkiak bere izpi guztiak nire begietara zuzendu ditu eta itsututa, besoaz aurpegia estali dut banpiro bat egunsentian bezala. Erretina kiskaliekin, kostata, zein ordu dudan begiratu dut. Goizeko laurak dira. Bai zera! Ohera berriz.
07:30
Oraingoan bai. Iratzargailu gorrotagarria bere lan penagarria egiten ari da. Burua estaltzen didan kamiseta kendu dut burutik. Iluntasunari orain arte balio gutxi eman izan diot. Ez dago atzerrira joatea bezalakorik, etxean bertan dauzkagun luxu txikiez ohartzeko.
11.50
Beste irakasle batzuekin batera Finlandiako Lanbide Heziketaren dohainak bertatik bertara ezagutzen ari gara. Miseriak ez dizkigute erakusten, baina erdi irekita dauden ikasgeletako ateen zirrikituetatik begira, han ere txakurrak oinutsik doazela ikusi dugu.
Bazkal ordua dela eta leku berezi batera eramango gaituztela esan digute. Industriagune batera gerturatu gara. Hiltegi batera. Berezia dela ezin ukatu. Tapolan Mustamakkarabaari. Saltxitxa beltzen hiltegi-taberna. Konbinazio bitxia. Menua: arrozdun odolkia, labean egindako patatak eta piimä. Azken hau aurpegi onarekin irenstea kosta egin zait, esne garratza baita, hozkailutik kanpo asteburuan ahaztutako esnearen ukitua duena. Ikasle pisu garaitik ez nuela halakorik dasta-tzen.
14.31
Lan konpromisoetatik libre, Pyynikkin deituriko naturagunera joan gara. Bertan kokatzen den ia 100 urteko granito gorriko dorrera igo gara. Bertatik zein ingurutan gauden ulertu ahal izan dugu. Tampere Finlandiako hirugarren hiri populatuena da, nahiz eta ikuspegi garai honetatik baso eta lakuen artean ezkutaturiko lau etxe sakabanatu iruditu. Näsijärvi and Pyhäjärvi lakuen artean dagoen Tammerkoski ur-lasterrean kokatua, urak eskainitako energiaz baliatuta gune industrial garrantzitsua izan da aspaldidanik.
Ur-lasterraren ertzean kokatzen dira adreiluzko eraikin handi ugari, gaur egun merkataritza gune eta jatetxe bihurturik, garai bateko metalgintzan, papergintzan eta oihalgintzan ikur izan zirenak. Hiriaren ezizena, Manse, Ingalaterrako Manchester hiritik dator, hura bezala herrialdeko industrializazioko aitzindari izan baitzen.
.
17.22
Finlandiarrentzat Tampere industriaren hiria da; kanpotarrentzat, aldiz, ‘munduko saunaren hiriburua’ da, hala izendatu baitute sarri. Laku ertzetik hiriko bizikleta publikoekin paseo lasai bat eginez, Rauhaniemen-eko kansapylpylä-ra iritsi gara, bainu publikora, alegia. 10 euroko sarrera ordaintzerakoan ohartarazpena egin digute, alde batean sauna arrunta dagoela, 100 ºC-ko tenperaturakoa, eta bestean ‘gogorra’, 120 ºC takoa. Orain jakingo dugu zer sentitzen duen oilasko batek labean sartzen dugunean.
Dutxa arin bat eta labera. Denok isilik, kontzentratuta, izarditan blai. Noizean behin burruntzali batekin ura isurtzen dute harri beroen gainean. Lurruna. Ufa. Arnasak erre egiten du. Barkatu sufriarazi egin zaituztedan oilasko koitaduak. Beganoa egingo naiz. Kanpora irten eta lakura zuzenean. Ur hotzetik irten eta arrokaren gainean eguzkipean etzan. Jendea berriketa lasaian dago, lakura begira, giharrak bigunduak. Sufrikarioaren osteko barealdia.
19.35
Lantegi bat izandako adreiluzko eraikin dotore batera sartu gara afaltzera. Bertan ekoizten duten garagardoz busti dugu gibela saltsan eta andere-mahats garratzez osaturiko plater goxoa. Une batean argiek dir-dir egin dute. Kalera joateko unea dela esateko modu leuna. Parranda taberna batean Mikel Laboa jartzen dutenean bezala.
21.10
Jakin berri dugunez, Munduko izotz hockey txapelketa jokoan da eta gaurkoan etsaietan etsaiena denaren kontra jokatzen du Finlandiak, Suedia. Bizilagunen menpe igarotako mendeengatik izotzaren gainean mendekua hartzeko unea. Terraza batean, pantaila erraldoi batekin, giroa berotzen joan da Suomi, Suomi! oihuen artean, ulertzen ez dugun jokaldi, dirudienez, ikaragarriekin. Suediaren gola azken unean. Partida amaitu da. Denak etxera joan dira. Bakarrik geratu gara.
00.05
Ez zen asmoa baina, Finlandiatik ezin gara joan gizartearen hirugarren zutabea ukitu gabe: karaokea. Bertan igaro ditugun egun apurretan, gutxien espero genituen pertsonaiak mikroa eskuan hartuta ikusi ditugu euren barneko sasi abeslariak kanporatzen. Ilara sistema sofistikatu baten bidez gure txanda itxaron dugu eta unea iritsitakoan, soilik ezezagunez inguratuta egotearen bermeak ematen digun adoreaz abestu dugu. Inork ez badigu kasurik egin ere, Kiitos Suomi oihu batekin (eskerrik asko Finlandia) amaitu dugu, Rock izar batzuen moduan.
02.46
Taberna zulotik irtetean, harrituta, ordularira begirada bat bota dugu. Baina nola da posible! Orain dela bi trago eta lau abesti ilundu berri du, eta orain eguna argitzen ari du. Gaupasa merke dago herrialde honetan. Sauna, izotz hockeya eta karaokea gizartearen oinarritzat dituen herri honetan eguna amaitzeko unea iritsi da. Ohean sartu naiz, oraingoan kamiseta batez burua ondo estalita.