Oihal zuri bat besterik ez. Forma abstraktua duen oihal zuri eta handia, goitik behera altuera hartzen duena, erortzen dago erdi-erdian. Bertatik ateratzen dira hiru dantzariak, lotuta, korapilatuta, estututa. Mugimenduak, formak daramatzate askatasunera.
Obran zehar ikusten da oihal zuria, gona erraldoi bat. Hau zabaltzen den unean hasten da potagonisten askatasunerako bidea. Noeud hitzak, frantsesez “korapilatuta” esan nahi du.
DAB konpainiaren bigarren produkzioa da kalez kale aurkezten dabiltzan Noeud lana eta bi inspiraziotan oinarrituta sortu dute artistek. “Eduardo Txillida zein Cristobal Balentziagaren lanak barrenetik ezagututa landu dugu ikuskizuna. Batetik, inspirazio artistikoa, eta, bestetik, inspirazio soziala. Lanerako orduan artista biek komunean zituzten bi kontzeptuak uztartu nahi izan ditugu.
Espazioaren sorkun-tza eta irudi lerromakurrak, alde artistikoari dagokionez, eta ikuspegi sozialari begira, aldiz, garai hartako estuasunari, “kortsearen itolarriari” kritika, azaldu du Sanzek. Bi artisten museoak bisitatu ondoren, konturatu ziren amankomunean hainbat kontzeptu zituztela eta horrela sortu dute Noeud ikuskizuna. “Gure lanetan beti nahi dugu gizarteari lotuta dagoen mezuren bat bidali; ahal den neurrian, ekarpen soziala egin.
Bi artista hauek ezagututakoan hori hartu genuen gaitzat, estuasunetik askatasunerako bidea”, kontatu du Eskisabelek. “Balentziaga Museora joan ginenean eta berak egindakoa ezagutu genuenean, ideia polita iruditu zitzaigun gure lanera ekartzeko.
Garai hartan, jaiotzen zinen unetik bizitza bat zenuen planifikatuta, iritzirik eman gabe bide bat jarraitu beharra. Zentzu horretan, Balentziagak emakumeei beraien jantzietan zuten kortsea kendu zien. Hau da, jantzien silueta mantenduta, airezko kamara batzuk sortuta hori aldatzeko bidea hartu zuen. Eta ideia hori garatu nahi izan dugu guk gure lanean”, borobildu du Eskisabelek.
Estuasunaren eta askatasunaren arteko gatazka islatzen du piezak. Hitzik gabe, musika, dantza eta gorputzaren mugimenduek kontatzen dute istorioa. Molde ezberdinetan landu dituzte espazioa eta irudi lerromakurrak, Saenzen arabera: “Espazioa, gorputz bat eta bestearen artean sortzen den tartearekin, espazioaren ikerketarekin, irudikatu nahi izan dugu. Irudi lerromakurrak, aldiz, bakoi-tzak bere gorputzarekin lantzen dituen mugimendu eta formak erabilita”.
Karrikan saria jaso du DAB konpainiak ikuskizun hau garatzeko, eta hautatuak izateak abantaila asko ekarri dizkiela aitortu dute artistek; alde batetik, denbora: lana aurrera eraman ahal izateko “altxor preziatua”; eta bestetik, hasi aurretik hamahiru ikuskizun lotuta izatea. “Agenda beteta hasteak indarra ematen dizu lanari ekiteko, eta Leioako Umore Azokan, bi ikuskizunekin bideari hasiera ematea oso indartsua da”, gogoratu dute dantzariek.
Denbora nahi eta behar zuten emanaldia ondo antolatzeko, ondo sortu eta berau gara-tzeko, eta hau da sari honek eman diena. Iragan abuztuan hasi ziren esplorazio lan hutsak egiten eta ondoren, abendutik eta estreinatu arte, maiatzera arte, astia eduki dute obraren lanketa osoa egiteko: koreografia, eszenatokia, atrezzoa, jantzitegia, musika eta abar.
“Adibidez, Nun Zira antzezlana, gure aurreko lana, bi astetan egin behar izan genuen eta nahiko estresagarria izan zen. Oraingo honetan, aldiz, denbora eduki dugu patxadaz eta mimoz, ikuskizun ikusgarria lantzeko”, kontatu du Eskisabelek.
Jendearen ikuspuntua baliatu dute Noeud sor-tzeko. Zortzi tailer egin zituzten lau museotan: Chillida-Lekun, Balen-tziaga Museoan, San Telmo Museoan eta Albaolan. “Estudioan egiten genituen antzeko ariketak burutu genituen beraiekin. Hortik beste ikuspuntu bat jaso genuen, parte hartu zuen pertsona bakoitzarena, eta guretzat koherenteena zena hartu genuen proiekturako”, azaldu du Miren Eskisabel dantzariak.
Kalea dute eszenatokia, bere alde on zein txarrekin, eta udaberri zein uda euritsu honetan egin dituzten zortzi emanalditik seitan B plana jarri behar izan dute martxan, eguraldia tarteko. Hala eta guzti, oso pozik daude kalearekin, kalean lan egitearekin. “Kalean lan egitean, jendearekiko duzun gertutasuna ikaragarria da eta esango nuke obra aberasten duela zentzu handi batean.
Publikoa horren gertu eduki-tzeak beraien sentsazioak eta erreakzioak jaso-tzeko aukera ematen dizu eta orokorrean horrek indartu egiten zaitu zu zeu dantzari gisara, zein zure jarrera. Oso positiboa da”, gogoratu du Saenzek.
Egin dituzten emanaldiak baloratzen jarrita, orokorrean jaso duten feedbacka positibo baloratu dute artistek: “Gehiengoak asko transmiti-tzen dugula esan digu. Aurpegia gertu ikusten dute eta berarekin asko esaten dugula diote. Guretzat inportantea da ikusleari emozioak transmititzea”.
Aldapatsuak, eskailerekin, estuak eta zabalak... Forma asko hartzen ditu kaleak. Hasiera batean espazio dezente beharko zutela uste zuten artistek. Baina Leioako Umore Azokan euria egin zuenez, frontoi txiki batean garatu behar izan zuten ikuskizuna. “Espazioa nahiko txikia zen, ez genuen uste ondo kabituko zenik, baina egia da bere xarma lortu zuela bertan egiteak”, gogoratu du Sanzek.
Hala, kaleko eszenatoki txiki zein handietan egiten dute ikuskizuna. “Gona erraldoi bat dago, hamar metro karratu dituena, baina oihalez egina dago, beraz, moldatu egin daiteke, aukera asko ematen digu”, gehitu du Eskisabalek.
Dantza garaikidea herritarrengana hurbiltzea da DAB konpainiaren helburuetako bat, eta zentzu honetan, kalea dute bidea: “Argi dago antzokietan edo aretoetan egiten diren emanaldietara horiek ikusi nahi dituen jendea joango dela, eta, tamalez, nahiko genukeena baino jende kopuru txikiagoa da hori. Aldiz, kalean egiten diren lanetan, jendeak zu topa zaitzake. Kalean aurkitu eta ikusten geratu, lehen kontaktu bat egin. Eta hau hasiera baterako bidea izan daitekeela uste dugu”, aldarrikatu dute artistek.
Zortzi emanaldi egin dituzte eta beste horrenbeste dituzte egiteke. Era guztietako publikoaren aurrean aurkeztu dute lana eta jasotako erantzunarekin pozik daudela azaldu du Saenzek: “DBH laugarren mailako ikasleen aurrean, publiko jakintsu edo adiatuagoaren aurrean, edo adibidez, Lezo eta Iurreta bezalako herrietan, non agian, ez dauden oso ohituta dantza garaikideko emanaldiak ikustera.
Asko dira zapaldu ditugun plazak eta ,oro har, sentsazio positiboak jaso ditugu. Batek hipnotizatu egiten dugula esan zigun, behin begiratzen hasi eta begirada ezin kentzearen sentsazioa daukala publikoak. Badago ere negarrez egon denik. Egia esan, momentuz egindako bidearekin pozik gaude, datorrenarekin gogotsu eta esperantzaz”.
Nahiz eta hasierako bidearen erdia egin duten, oraindik ere urduri jartzen direla aitortu du Eskisabelek. “Gauza asko egin behar dira pieza osoan zehar, mugimenduak denboran oso sartuta baitaude. Beraz, ezin zara erlaxatu, adi eta kontzentratuta egon behar duzu emanaldi osoan zehar”. Lehen emanalditik gaur arteko bidean ikuskizunak bere horretan jarraitzen duela kontatu du Saenzek.
Mugimendu aldetik modu berean jarraitzen duela. Hasieran sortutakoa bere horretan mantendu dutela. “Egia da gero eta gehiagotan eginda, beste gauza batzuetan erreparatzeko tartea daukazula”.
Eskultura eta jantzigintza dira inspirazioa bilatu duten bi artisten ildoak. DAB konpainiako kideek ere beraientzako estetika “dena” dela onartu dute. Zuria, beigea da lana. Estetikatik abiatuta egin dute obra ikusgarria, hala bilatu dutelako. Eskultura eta jantzigintza dantzan jartzeko Johan Sebastian Bachen musika erabili dute nagusiki. Talde handia dago hiru dan-tzarien atzean.
Bi emanaldi berezi emango dituzte Donostiako Musika Hamabostaldiaren bueltan, bat Chillida-Lekun eta bestea Balen-tziaga Museoan. Hauetan, German eta Alai Ormazabal, bata pianoan eta bestea elektronikan, egongo dira zuzenean.
Bi urte besterik ez dira igaro DAB konpainia sortu zutenetik, eta ordutik, atsedenik hartu gabe dihardute lanean. “2022an Oarsoaldeko garapen agentziarekin hasi ginen, eta egia da, enpresa hitza hasieratik maneiatu dugula. 2023an Karrikan saria jaso genuen eta zortzi ikuskizun lotuta, orain ere Kutxa Fundazioarekin proiektu sozial bat garatzen gabiltza.
Esan genezake, une honetan konpainiaren momentu estrategiko batean gaudela eta oso pozik gaudela egin dugun zein egiteko dugun bidearekin”, azaldu du Iker Sanz konpainiako kideak.