JON Arretxe basauritarra (Bizkaia) da jatorriz eta arbizuarra (Nafarroa) adopzioz. Euskal Filologian doktorea da, Heziketa Fisikoan lizentziatua, eta Piano eta Kantuko ikasketak eginak ditu Gasteizko eta Bilboko kontserbatorioetan. Egile polifazetiko honek aspalditik du ogibide idaztea, baina hitzaldiak ere eskaintzen ditu bere bidaia nahiz liburuez, eta opera kantatzen ere aritzen da, bai koruetan bai bakarka.
Sortu dituen hogeita hamataka liburuen artean nagusi dira bidaia narrazioak (Tubabu, 7 Kolore, Oroituz, Griot…), haur-literatura (Harresi Handirantz, Beti Iparralderantz, Trumoiaren Alaba…) eta nobela beltza. Azken genero honi dagozkio Xahmaran, Tangerko Ametsak eta Toure ikertzailearen saga, dagoeneko hamar nobela dauzkana eta telesail bihurtu berri dena.
Jon Arretxeren kultur gomendioak:
Abesti bat: Xalbadorren heriotzean.
Musika talde bat: Gatibu.
Liburu bat: L’empreinte du renard (Moussa Konate).
Idazle bat: Chester Himes.
Idazteko toki bat: Karrantzako bainu-etxea.
Antzezlan bat: Zuberoako pastoralak.
Film/telesail bat: Blade runner.
Kultur espazio bat: Bilboko Arriaga antzokia.