GAUZA sinpleekin jolasteko gonbidapena da Artilusio antzezlana. Liburuz elikatzen den eta bihotz baten taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoa daukan makina handi bat da an-tzezlanaren protagonista. Harritzeko gaitasun gero eta gutxiago dagoen garaiotan, “harridura berreskuratzeko” obra osatu dute Markeliñe an-tzerki konpainiako kide Jon Kepa Zumaldek eta Iñaki Egiluzek.
Liburuz elikatzen den eta ilusio artistikoak sor-tzen dituen tramankuluaren inguruan sortu duzue ‘Artilusio’. Zer bilatu duzue?
Jon Kepa Zumalde: Sortu dugun eta liburuz elikatzen den makinak balio du liburuei eta irakurketek eskaintzen duten ilusio edo abenturei erreparatzeko. Liburuari eta irakurketari egiten diogun omenaldi moduko bat da obra. Istorioek eta liburuek duten garrantzia zelakoa den erakustea bilatu dugu.
Iñaki Egiluz: Guk beti dugu lehenengo helburutzat harriduraren eta irudimenaren bitartez ondo pasatzeko sentsazioa sortzea ikusleengan. Horrez gain, hausnarketa elementuak sortzeko aukera badugu, hobe. Markeliñen asko lantzen dugu aurretiazko esperimentazioa; elementuekin esperimentatzen dugu, ilusio artistikoak sortzeko, eta gero, kontakizun batean kokatzeko. Kasu honetan, testuingurua makina arraro bat da, zertarako balio duen ere ez dakiguna. Baina konturatzen gara, harridura sortzeko balio duela, eta kontzeptu hori oso garrantzitsua da gure-tzat. Harridura deitzen diogu ikusleak espektakuluak harritzen dionean izaten duen sentipen horri, zerbaitekin liluratzeko gaitasun horri. Eta hori interesatzen zaigu, sentipen horren ondorioz haurrek gauzak galdetzen dizkiotelako euren buruari, gehiago jakin gura izaten dutelako. Uste dugu harridura dela gehiago jakin nahi izatearen oinarria, eta hori da gure obretan lantzen duguna.
Kasu honetan, irakurketak sortzen duen ilusio horretan jarri duzue fokua.
I.E: Obra honetan, Artilusio deitu dugun makina da irudi nagusia. Artea eta ilusio hitzen elkar-tzetik sortzen den izena jarri diogu makina horri, bere horretan sartzen den materialarekin hainbat gauza sortzeko gaitasuna duelako. Esperimentazio prozesuan literaturarekin lotura egitea pentsatu genuen, liburuekin elikatzen den makina sortzera helduz. Makina Gretarena da, adineko emakume batena. Berarekin egoten da Pina deituriko zaintzailea, eta makinaren, Gretaren eta Pinaren arteko jolasa irudikatu dugu. Gretak irudikatzen du irudimenerako joera duen bizitzaren zentzua, arriskatzeko joera duen horrena, bihurria denarena, inprobisatzeko joera duenarena. Zaintzaileak, aldiz, zuhurtzia eta arrazoimena ordezkatzen ditu. Bi mundu horietan sakontzen du obrak, irakurmenaren garran-tziari balio erantsia emanez.
JK.Z: Esaten duenari baino, irakurketak hainbat pertsonengan duen garrantziari erreparatu diogu; izan ere, pertsona asko elikatzen dira liburuek ematen diguten informazio eta istorioekin. Antzezlan honetan, hori ikusten da, asko bizi izan duen baina bizitzak ere asko kendu dion adineko pertsonaia horri esker.
Antzerkiaren bitartez irakurzaletasuna sustatu gura izan duzue?
JK.Z: Gaztetan liburu asko irakurri ditugu guk, hori zelako gure informazio iturri handiena. Gaur egun, inork ez du bilatzen informaziorik entziklopedietan edo hiztegietan. Denok daukagu sakelako telefonoa. Ez dugu ezer kontrasta-tzen. Internetek dioena da balio duena. Gauzak beste era batera egiten dira orain, baina, obra honetan, ez dugu ezer asmatu. Saiatu gara erakusten badaudela galdu ezin ditugun beste gauza batzuk ere; horiek dira liburuak eta horiek eskaini ditzaketen bizitasuna, altxorra eta magia. Gazteek eta haurrek horretan murgiltzeko aukera ez galtzea da gure helburua.
Gretarentzat liburu bat irekitzea bizitza ikustea da. Hausnarketa hori ikus dezake ikusleak?
I.E.: Hausnarketaren elementua gauzak egiten diren eran atzeman daiteke. Gu material sinpleekin jolasteko ideiaren defendatzaileak gara. Uste dugu jostailu aktiboek buru pasiboak sortzen dituztela, eta jostailu pasiboek, berriz, buru aktiboak. Elementu sinpleekin irudipen berriak sortzea bilatzen dugu; gauza sinpleekin harritzen gaituzten gauzak egitea posiblea dela erakutsi gura dugu. Hori da antzezlanaren mezu nagusia. Kasu honetan, jakina, liburuez ere hitz egiten dugu. Irakurtzearen garrantziaz ari gara, liburuek gauzak ezagutarazteko eskaintzen duten aukeraz... Bidaiatzeko gonbidapena dira: tokitik mugitu barik bidaiatzera eta norbera harritzen duten istorioak ezagutzera. Hori guztia ere sustatu gura dugu.
Pertsonaia asko ageri dira lan honetan, eta ba-tzuek ipuin ezagunetara eramango dituzte ikusleak: Kixote, printzesak, txanogorritxoren atzetik dabiltzan otsoak...
JK.Z.: Pertsonaia ezagun batzuk aterako dira, bai, eta ikusleek zuzenean identifikatu ahalko dituzte. Eszena batzuetan badaude sotilak diren erreferentziak, edo garrantzia berezia dutenak. Pertsonaia mitikoetara jo dugu, iruditeria kolektibora, klasikoetara itzuliz.
Adin guztientzako ikuskizuna da, ezta?
JK.Z.: Guk ez dugu esaten umeentzako ikuskizunak egiten ditugula, saiatzen garelako helduak ere harrapatzen. Gozatzeko tarte bat ere zabaldu gura diegu. Ez bakarrik kontatzen dugunagatik, nola egiten dugunagatik baino. Hala, badaude irudi bisual oso poetiko batzuk, badaude mezu sakon batzuk, helduek segituan harrapatuko dituztenak.
I.E.: Badira espazio komunak, adina edozein dela ere, haurrentzat zein helduentzat interesgarriak izan daitezkeenak, eta espazio horietan lan egiten dugu.
Irudimenez sortutako eszena horIek sortzeko, liburuak, objektuak, papera eta kartoia erabili dituzue. Esperientzia desberdin bat sortzea izan da zuen helburua?
I.E.: Obrak sortzerakoan gu ez gara ideia batetik, istorio batetik abiatzen. Ez. Gu esperimentazio edo joko prozesu batetik abiatzen gara. Elementuekin jolasten duten lehenengoak gara. Elementu errazekin ¬-kartoia, papera- jolasten hasten gara, horien eraldaketa bilatzeko: zelan erabili, zelan manipulatu, aktoreak zelan erlazionatu horiekin ... pentsatzen hasten gara. Denbora luzeko esperimentazio lan bat egiten dugu, gero hori guztia behatzeko eta erakutsi gura duguna zer den erabakitzeko. Azken hori da ikusleek ikusten dutena, aurreko prozesu guztiaren emaitza.
JK.Z.: Hala da. Eszenografia izan da lan honen oinarria. Hasieran ideia zen makina bat egitea eta horrek egin behar zuenari buruz erabaki-tzea: zerk mugiarazten duen, zer egiten duen... Galdera horiei erantzunez hasi genuen obraren oinarria. Materialetatik hasi ginen, eta hortik abiatuta, sortu genuen Artilusio.
Hitzik gabeko obra da, eta, ondorioz, keinuen garrantziak beste obra batzuetan baino garran-tzi handiagoa dauka. Ikusleek erraz ulertzen dute esan nahi duzuena?
JK.Z.: Bai, eta ondo gainera. Helduak gehiago harritzen dira obra ikusterakoan, umeak baino. Umeak ohituago daude jolas horretara, berbarik egin barik gauzak komunikatzera. Ez dute testu asko behar jolasteko. Helduok, berriz, ohitura hori galdu dugu, eta ematen du testu barik zailagoa dela gaia ulertzea. Haurrek gozatuko dute, bai, baina helduek ere bai.
I.E.: Istorioak kontatzeko keinu adierazpen bisuala erabiltzen dugu. Eta hori teknika baten bidez egiten dugu, gauzak eta pertsonaien asmoak ikusleentzat ulergarri egiteko, hitza erabili beharrik barik. Keinuzko adierazpen hori adierazpen hizkuntzaren teknika bat da, berbarik gabekoa. Eta guk hori lantzean oinarritu dugu gure ibilbide osoa. Adierazpen mota honek aurretiazko lan dezente eskatzen du. Harridura bat aurkitzeko froga asko egin behar dira, eta gauzak probatzeko denbora hartu.
JK.Z.: Kasu honetan, gainera, azpimarratu genezakeena da obraren erritmoa. Aktoreak lanean hasten direnetik ez dira gelditzen. Zoragarria da egiten dutena. Antzezlan honek fisikoki eska-tzen duen lana nabarmena da, eta aktoreen lana oso korala da.
‘Artilusio’-n, gainera, ikusleekiko hartu-emana biltzen duzue. Zergatik?
JK.Z.: Dantza edo mugimendu fisikoarekin lotutako hainbat eszena daude, eta ikusleen beharrizana dugu. Beste hiruzpalau obretan ikusleekiko harreman hori bilatu eta asko gustatzen zaiela ikusi dugu; eskertu egiten dute. Parte har-tzen dutenentzat oso liluragarria da istorioan murgiltzea; gainera, askorentzat ikusleen aurrean zerbait egiten duten lehen aldia izaten da. Oso polita da haurrak parte hartzen ikustea.
I.E.: Jokoa beraiei ere badagokiela sentitzen dute. Konturatu gara haurrak zerbaitekin harritzen direnean, elementu horretara hurbiltzeko eta ukitzeko joera sentitzen dutela, eta hori erabiltzen dugu obra hurbilagoa sentiarazteko.