PSILOCYBEA perretxiko berezi baten izena da. Ez da edozein perretxiko, bere kontsumoak albo eragin batzuk izaten baititu; besteak beste: barre algarak, deshinibizioa edo hitz jariotik, errealitate, denbora eta espazioaren ikuspuntu berri bat sortzera helduz.

Kontua ez da perretxiko hau jateak alde onak dituen bakarrik, eta ez da guztiz gomendagarria ere. Baina, badago beste modu bat efektu hauek guztiak sentitzeko eta, gainera, ondorio txarrik sufritu gabe: musikaren bitartez.

Ondo baino hobeto dakite hau Hondarribin, duela hiru hamarkada Psilocybe aretoa martxan jarri baitzuten, beraien inguruko nahiz urrutiko musika mota desberdinen erakusleiho izateko helburuarekin. Lehen 30 urteak iaz bete bazituzten ere, aurten atera berri dute disko berezi bat urteurrena ospatzeko, musika elkartea osatzen duten talde eta musikari desberdinek egindako kantak bilduz.  

“Psilocyberen zigilupean ateratzen dugun hirugarren diskoa da. 19 talde dira, funtzionamenduan dauden edo erregulartasun batekin jotzen dutenak daude bertan. Horrez gain, musikari asko daude talde finkorik ez dutenak, baina lokaletara entseatzen joaten direnak eta diskoan parte hartu dutenak ekintza honetarako propio egindako talde batekin edo bakarlari bezala”, Mikel Larratxe musika elkarteko partaideak azaltzen duenaren arabera.

Disko berezi honekin, gaur egun elkartea osatzen duten kide desberdinen “argazki orokor moduko bat” egin nahi izan dute. Horrek ez du esan nahi 19 talde daudenik guztira, baizik eta guztien artean egindako zerbait dela. “Gauza heterogeneo bat” atera zaie, bere hitzetan. 

Lan heterogeneo bat egin dute, musikarien argazki orokor bat osatuz. Mikel Larratxe

GAZTE MUGIMENDUA

Psilocybe musika elkarte bat da, 30 urte bete zituena iaz; 1993an sortu zen, hortaz. Urte horretan herriko gazte talde bat batu zen musikaren inguruan, bai musika lokalak egiteko, entseatzeko tokiak finkatzeko eta baita herrian kontzertuak antolatzeko ere. Lehenbiziko belaunaldi horretan, Dut edo The Illusions bezalako taldeak izan ziren. Larratxek dioenaren arabera, “esan daiteke gazte mugimendu bat izan zela. Hondarribiko gaztetxean kontzertuak antolatzen hasi ziren, udalari entsegu lokalak eskatzen zietenaren testuinguruan.

Lehenengo urratsak, alde batetik, entsegu lokalak lortzea izan zen, udalak eman zituenak; eta, bestetik, kontzertuak antolatzea, garai hartan gaztetxean egiten zirenak”. Gaur egun, antzeko egoeran dirau, entsegu lokalek berberak izaten jarraitzen dute, nahiz eta berrituta egon. 2003an, udalaren laguntzarekin, areto bat irekitzea lortu zuten, Psilocybenea deiturikoa, elkarteak kudeatzen duena.

Lekua kontzertu areto batez osatzen da, barra txiki batekin, estudio areto bat eta baita irrati bat ere, nahiz eta azken aldi honetan ez duten irratsaiorik egin, Larratxek onartu duenez. Aretoa, hori bai, erabat profesionala da, kamerinoz edo bulego txiki batekin hornitua dago.

Pasa den ekainaren 8an festa berezi bat egin zuten musika elkartean. Helburu nagusia musikaz gozatzea izan bazena ere, “egun hori elkar ezagu-tza ahalbidetzen duen espazio bat sortzeko ere” erabili zuten, elkarteko parte hartzailearen arabera. “Entsegu lokaletan askotan ez zara konturatzen ondoko lokalekoak ze musika egiten duen, ordutegi batzuetan kointziditzen ez baduzu, behintzat. Hiru lokal dira ditugunak eta txandaka ibiltzen gara”. Horri gehitu behar zaio bertan dauden talde askok ez dituztela kontzertuak oso maiz ematen.

“Hortaz, ikusten genuen beharrezkoa zela festa bat egitea, elkarteko musikari guztiak beraien musika jende aurrean egin zezaten gonbidatzeko. Horretarako formatu egokia zen kontzertu mo-tzak ematea eta eszenatokia partekatzea, talde amankomun batekin, aldaketak erraztuz eta, gainera, errepertorio zabal baten beharrik eduki gabe”. Bilatzen zuten helburua komunitatea sortzeko jai bat zen, nolabait.

Alde horretatik “oso ondo funtzionatu” zuen egunak, Larratxeren arabera. Lehenago, beste esperientzia bat ere izan dute, jai hori beste ekitaldi batetik eratorritakoa baita: Gabonetan egiten duten Bertsio gauetik, hain justu. “Izugarrizko arrakasta daukan festa bat da. Formatu bera da: eszenatokia eta ekipoa elkarbanatzen dira eta jendeak bertsioak prestatzen ditu zehazki gau horretarako. Oso giro ona sortzen da, jendeak elkar ezagutu dezan balio du eta formatu hori ekarri nahi izan dugu, baina gure kantak eginez”. 

KONTZERTUA

Hondarribiko musika elkartea ezagutzeko modurik onena bertara hurbiltzea da dudarik gabe. Edozein musika zalek bisitatu beharreko leku horietako bat da Psilocybe. Normalean, uda garaian ez dute kontzerturik izaten, eta atseden hartzeko eta irailetik aurrera berriro gogoz aritzeko aprobetxatzen dute; hala ere, aurten, salbuespena egingo dute lehen aldiz, uztailaren 20an.

Elkartearen lagun diren The Kill Devil Hills talde australiarraren kideak izango dira bertan eta, horrez gain, 30 urteak ospatzeko egindako diskoa erosteko aukera ere izango dute nahi duten guztiek.