Aldarrikapenak plazaratzeko, usteak partekatzeko, norberaren buruaz barre egiteko, elkartzeko, jolasteko, iritzia emateko… Denetarik egiteko balio du umoreak. Kar-kar-kar egiteko euskarazko espazioen garrantziaz eta beharraz ohartuta, horretarako guneak bultzatu ditu Hiru Damatxo ekoiztetxeak; hala, publikoaren aurrean zutunik, stand-up, egoteko aukera eskaini die umoristei.
Proba lekuak sortu zituzten horiek testuak proba-tzen has zitezen, gero ikastaroak prestatu zituzten bakarrizketatzaileak hezteko, eta orain, Zutunik dakarte, dena borobiltzeko. Izan ere, bakarrizketak ikus-entzunezkoan biltzea eta zabaltzea da azken proiektu horren asmoa, baita umoristei stand-up formatuan euskaraz aritzeko lekua eskaintzea ere.
Hala, lehen lau parte hartzaileak diren Divina Comediaren, Beñat Iturberen, Maialen Sorzabalbereren eta Ane Lindaneren saioak bideoz eta audioz zabalduko dituzte Gaztearen Youtubeko kanalean, @egunkarkarkar egitasmoaren sare sozialetan, EiTB Podkast atarian eta bestelako audio plataformetan, bi asterik behin bakoitza. Dagoeneko, ikusgai daude Divina Comedia eta Sorzabalbererenak.
Stand-up egoten dira umoregileak ikusleen aurrean, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeko Lander Arretxeak dio Zutunik dela euskarazko bakarrizketak sustatzeko probalekuekin abiarazi zuten pozesua borobiltzeko aukera. “Hiru Damatxon badaukagu Karkarkar dei-tzen den ekimen bat, eta horren baitan, duela hilabete batzuk probalekuak antolatzen hasi ginen; hau da, Open night moduko saioak, umoristek beraien testuak proba-tzeko guneak.
Probalekua baldin bada testuberriak probatzeko tokia, herriz herri edo tabernaz taberna aurkeztutakoa borobiltzeko, amaitzeko, gordetzeko aukera da Zutunik”, azaldu du.
Horrela, modu informalean, bigarren espacio bat sortu dute. Erakusleiho bat ere bada, plataforma ezberdinetan presente egoteak eskaintzen duen leihoa. “Egia da tabernetan sekulako arrakasta izaten ari dela formatua, baina gero jendearengana ez da iristen, edo jendeak ez daki dagoenik ere.
Hala, Zutunik bada tabernetan gertatzen dena erakusteko modu bat. Baina kontrakoa ere bai: gerta liteke euskarazko bakarrizketak telebistan edo Interneten ikustea eta horrek stand-up saioak ikusteko gogoa piztea. Elkar ondo elikatzen duten bi erakusleiho dira”.
Hala, tabernetako lau saio grabatu dituzte momentuz, uste dutelako hori izan daitekeela abiapuntua: “Stand-up eszena beti izan da umorezko edukia sortuko duen jendearentzako abiapuntua, hasteko balio duena”. Eta hori bilatu dute, euskarazko saioak eta umorezko edukiak sustatzea baitute helburu.
“Stand-up saioek zapaltzen dituzte beti lur deserosoak, mugekin jolasten dute, eta iruditzen zait euskarazko umorea -telebistan agertu dena batez ere- atzean geratu dela”, hausnartu du Arretxeak. Beraz, euskaraz egindako umorea sustatzea bilatu dute, bai, baina umoreari begiratzeko modu berriak eskaintzea ere bai: “Uste dut stand-up-ak umoreari begiratzeko modu berriak eskaintzen dituela, eztabaida gaiak ere bai.
Ekarriko ditu ikuspegi freskoagoak edo berriagoak euskarazko umorera”. Izan ere, saiatu dira taberna zuloko giroa mantentzen, errespetatzen. “Nahi genuen tabernetako benetako giroa jasota geratzea”
Euskarazko edukien artean, berpizten dagoen generoa da bakarrizketena. Arretxeak dio duela urtebete antzeman zutela loraldia, Antton Telleriaren Nekatutak lanaren eraginak bultzatuta: “Umorean egon dira aurrekariak, baina Telleriaren ikuskizunak plaza asko bete zituen.
Esan behar da lehenago ere bazegoela stand-up-ekiko interesa, baina oso denbora gutxitan hori asko areagotu dela ikusi dugu. Uste dut denbora gutxian egonkortu den generoa dela, eta baliteke gero hustea, baina oraingoz, badirudi gero eta jende gehiago dagoela gogotsu. Ikusleak ere ez dira nekatzen. Horregatik uste dugu zentzua daukala joera horri ikus-entzunezkoetan zabalkundea ematea”.
Hiru Damatxoko kideek diote 20 komiko inguru dabiltzala lanean gaur egun: “Hori euskarazko umorea osasuntsu dagoen seinalea da. Ze, hiruzpalau urte atzera joanda, bizpahiru ziren aktibo zeudenak, eta esponentzialki hasten joan den generoa da, ez bakarrik kantitatean, kalitatean ere bai.
Komikoek elkar elikatzen dute eta erreferentziak hartzen dituzte; ikasten eta hobetzen ari dira”. Eta kantitatean ez bada, generoa kalitatean hobetuko dela dio Arretxeak, duela sei hilabete hasi zen jendea plazak betetzen ari delako.
Hain zuzen ere, aktibo dauden horietako lau komiko aukeratu dituzte Zutunik grabatzeko eta zabaltzeko. Umoreak gaitasuna ematen dio mikrofonoa hartzen duen pertsonari gauza asko esateko, eta “ikuspegi anitzei” ahotsa ematea bilatu dute Hiru Damatxokoek: “Umorea beti izan da oso gizonezkoena, eta Euskal Herrian, oso gipuzkoarra ere bai. Ahalegindu gara, ahal dugun neurrian, begirada anitza presente izaten eta zerbait aberatsa proposatzen”.
Tresna komunikatiboa Hala, Divina Comediarentzat tresna komunikatibo “oso indartsua” da umorea: “Berdin dio hizkun-tzak, testuinguruak, zuk zerbait transmititu nahi izanez gero, umorearen bidez egin dezakezu hori”. Onartu du, berak, beste momentu batzuetan, umoregile legez, pentsatu izan duela euskaraz ezin dela “berdin jolastu hi-tzekin”, euskarak “ez daukala sakontasunik” umorerako: “Baina aurreiritziak baino ez dira, esperientziarekin oso erraz zuzentzen direnak. Grazia daukanak edozein hizkun-tzatan dauka grazia”.
Sorzabalbererentzat, berriz, umorea bozgorailua da, pentsatzen duena esateko tresna. “Umorea gauza asko egitea ahalbidetzen dizun tresna da. Ahal duzu aldarrikatu, ahal duzu trauma bati buruz berba egin, umorez. Nik nire buruaz berba egiten dut, probatu dudan guztietan hori izan delako gehien fun-tzionatu duena, eta egia esan, eroso senti-tzen naiz”, baieztatu du umoristak.
Eta euskarazko umorearen olatu honetan, Sorzabalberek dio momentu aproposean ailegatu direla Hiru Damatxokoak, eta beraiek direla, “hein handi batean”, egungo euskarazko bakarrizketen sustatzaile nagusiak; izan ere, aspalditik ezagutzen ditu, Barrexerka antzerkian aritzen zenetik. “Euskarazko stand-up saioak egitera gonbidatu ninduten, eta baietz esan nuen. Iazko maiatzean parte hartu nuen probalekuan lehenengoz, eta maitasunez gogoratzen dut unea”, onartu du.
Hala ere, Sorzabalberek ez ditu bidea zabaldu zuten horiek ahaztu, eta besteren artean, Antton Telleria, Ana Goitia eta Iker Plazaola aipatu ditu. “Bazetorren lasterketa bati sekulako espazioa eman diote Hiru Damatxokoek”, adierazi du. Divina Comedia ere bat dator Sorzabalberen erreferentziekin: “Stand-up-a euskaraz, gauza guztiak bezala, gero eta gehiago lantzen ari den kontua da.
Boladan dago, baina azken urteetako euskazko komedia sustatzeko lana azpimarratuko nuke. Ze, badago euskaldunak oso zurrunak garenaren aurreiritzia, eta azken urteetan, Ane Lindanek Bilbon, Maider Lazkanok eta biok Iruñean, eta beste zenbait mugimenduk lan handia egin dugu hori gezurtatzeko”. Divina Comediaren berbetan, ez dute ezer asmatu, baina komiko askoren esfortzuak bat egin eta norabidea hartu du, “umoretik ere transmititu daitekeela erakusteko”.
Barrea eragiteak erraza dirudien arren, testu bakoitzaren atzean ezkutuko lan handia dago. “Testuak ere landu egin behar dira, eta, askotan, horiek jendaurrean probatu aurreko sentimendua oso urduria da, baina xarma berezia dauka”, aitortu du Sorzabalberek.
Eta horretarako probalekuak aprobetxatu ditu. Hain zuzen ere, stand-up saioak “probatu” daitezkeen arren, ezin da hori egin publikorik barik. “Bakarrizketa batek publikoa behar du, ikuslerik ezean, ikuskizunaren erdia falta delako. Eta horregatik dira behar-beharrezkoak probalekuak”.
Zutunik proiektuarekin lanak borobilduta, euren lana zabaltzeko bestelako era bat dute. Izan ere, plataforma ezberdinetan ikus daitezke bakarrizketak. “Tabernetan probatzea oso dibertigarria da, baina honek gure lana zabaltzeko balioko du”, esan du Divina Comediak.
Bere lana izan da Zutunik-ek zabaldutako lehena, eta bigarrena Sorzabalbererena. “Harrera ona” izan dutela diote komikoek. Ez dutela “izugarrizko olatua” sortu aitortu du Arretxeak, baina jendeari gustatu zaiola eta beraiek “pozik” daudela onartu du: “Nik uste dut pixkanaka zabalduko direla gehiago. 20 minutuko piezak dira, denbora eska-tzen dute, eta 1.000 ikustalditik gora ditu Divina Comediarenak.
Pozik gaude erantzunarekin. Gainera, aktualitateari keinu zuzenik egiten ez dion edukia denez, lau ikus-entzunezkoek elkar elikatuko dute. Jendeak hirugarren bideoa begiztatuko du, eta baliteke beste guztiak orduan deskubritzea. Ikusiko dugu, baina pozik gaude”.
Etorkizunera begira, bakarrizketa gehiago grabatzea gustatuko litzaieke, baina, lehenengoek ze ibilbide duten ondorioztatu behar dute lehenengo: “Gustatuko litzaiguke egonkortuko den zerbait izatea, eta bere bidea egitea”.