Sare sozialen munduan bidaiatuz, edozein motatako edukiak topatu daitezke: kexak, bakoitzaren gustuak, pasadizoak… Batzuek, aldiz, egunerokotasunean arreta deitzen dizkieten gauzen inguruan hitz egiten dute, hausnarketarako zabalgunea bilakatuz.
Idoia Torregarai kazetariak, @bootxo ezizenaz ezaguna denak, X plataforman topatu du eguneroko bizitzarekin lotutako gaiak jorratzeko gunea.
Idatzitako txioak abiapuntutzat hartuta, Elkar argitaletxeak Torregarairen eta Patxi Huarte Zaldieroa ilustratzailearen Mikroipuinak liburua argitaratu du.
Torregaraik Josune stilist ezizenarekin lan egiten zuenean ezagutu zuen Huarte, hain zuzen ere, BERRIA egunkarirako bere txio bat ilustratu zuenean. “Edonork idazten duena marrazten dut, baina egia da eskuan deus ez daukadenean bootxok ea zer idazten duen ikustera jotzen dudala, badakidalako hor zerbait ona egongo dela”, adierazi du Huartek.
Duela bi urte bururatu zitzaion Torregarairi txioak liburu batean biltzearen ideia: “Denak hor barreiatuta edo galduta zeuden Txiolandian, eta pentsatu nuen noizbait zerbait gertatuko balitz hor geratuko liratekeela; hortaz, batzuk paperera eta fisikora ekartzea polita izango litzatekeela pentsatu nuen”.
Letrak pixkanaka bizia hartzen joan ziren Huarteren ilustrazioen bidez. Torregaraik azaldu duenez, hasieratik argi eduki zuen Huarte izan behar zela liburuaren ilustratzailea, urteak zeramatzan haren txioak ilustratzen.
Txio batzuk aurretik marraztuak eduki arren, batzuk bere horretan uztea erabaki zuen Huartek: “Ipuin asko daude txuriak direnak eta horrek norberari marrazteko aukera ematen dio; liburu hori munduan bakarra bilakatuz”. Kazetariak gaineratu duenez, liburua interaktiboa edo pertsonalizatua izan daiteke”, edonork marrazteko, oparitzeko, hausnarketak gehitzeko, jarraipenak egiteko eta, oro har, idazteko aukera ematen baitu.
Gainera, zuritasunak erritmo bat markatzen duela aipatu du Torregaraik: “Presaz irakurri arren, ikusteko atsegina da, baita irakurtzeko eta zurea gehi-tzeko ere”.
Estiloaren aldetik, ilustrazio guztiek haien artean harreman bat dutela azpimarratu du Huartek: “Hasieran marrazki solteak egiten nituen eta gero, orrialde osokoak, erritmo pixka bat emateko”. Marrazki gehienak kolore zinta batekin laguntzea polita izango zela bururatu zitzaion. Gainera, batzuk lehenagotik BERRIAn argitaratu zirenez, askok zinta formatua dutela gehitu du.
Modu laburrean, jendearen antsietateak transmititzea lortu du, “zen” estiloko ilustrazioak onduz. Hala ere, “sinpletasunean” sakonak direla esan du Torregaraik: “Ekarpenak dituztena, bai edukien, baita marrazkien aldetik ere”.
Liburuak, guztira, 150 txio biltzen ditu, besteak beste, kazetariaren eguneroko bizitzarekin lotuta dauden gaiak landuz: “Nire bizitza arruntean gertatzen eta ikusten ditudan gauza arruntei erreparatzea gustatzen zait”. Sakonak, txikitasunetik eta hurbiltasunetik idatzitakoak eta janariarekin lotutako txioak topatu daitezke, baita maitasunezko eta desamodiozkoak ere. Torregaraik denetarik idatzi arren, mikro ipuinen bidez bere sormena bideratzea lortzen duela aitortu du.
Gai ugariren artean, irakurleen arreta bereziki janariarekin lotura duten txioek lortu dute, kroketenek hain zuzen. Txio arrunten artean, egitura berezia dutenak ere badaudelagogorarazi du kazetariak: “Batzuetan maite zenuen? Zenbat? idazten dut, gero txorakeria bat gehituz”.
Publikoari dagokionez, euren buruarentzat egindako liburua izan arren, edonork atsegin dezakeen liburu bat izan daitekeela adierazi dute: Irakurzaleentzat “apeta” bat eta irakurtzeko ohiturarik ez daukatenentzat, aldiz, irakurtzeko eta ikusteko liburu “erosoa”. “Denok atera dezakegu zerbait hemendik; egia da bizitzako zein etapan zauden ere badaukala, baina edozeinek gustura irakur dezakeela esango nuke”, azaldu du Torregaraik. Gainera, euskarari dagokionez, irakurterraza dela adierazi dute.
Badaude X plataformaz kexatzen direnak, kritikatzen dutenak edo ingurune “toxikoa” dela uste dutenak, baina batzuentzat sormena garatzeko, buruan giltzapetuta dauden pentsamenduak askatzeko edo egunerokotasuneko bizipenak kontatzeko altxor bat da. Torregaraik azaldu duenez, Txiolandiak askatasun hori dauka: “Nahi duzuna bota-tzen duzu zure buruarentzat, jendeari gustatzen bazaio oso ondo”.
Janaria, ohea prestatzeko moduak, maitasuna, bakoitzak eduki dezakeen antsietatea… Sinpleak edo ohikoak izan daitezkeen gaiek bizitasuna lortzen dute txioen formatu bereziaz baliatuz. Zuritasunek eta marrazkiek irakurleari hausnar-tzeko bidea irekitzen diote, haren ekarpenak gehitzeko, eduki ditzakeen pentsamenduak idazteko, eta, era berean, gertukoei aipatutakoak partekatzeko edo mezu pertsonalizatuak oparitzeko aukera emanez.