Museora sartu eta beheko solairutik hasita ikus daitezke paperez sortutako obrak. Forma, kolore eta neurri ezberdinak dituzten artelanak. Agustin Ibarrola (Basauri, 1930 - Galdakao, 2023) artistak azken hogeita bost urteetan egindako lanak daude ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan dagoen ‘Papera ardatz’ erakusketan. 11 urte zituela joan zen Orozkoko baserri batera morroi lanak egitera. Orduan ekin zion bertako abereak zaintzen zituela, mendian, natura artean aurkitzen zituen harri eta objektuei kolorea emateari, marrazteari.
Naturarekin lotutakoak eta publikoak diren lan ezagun asko ditu Ibarrolak, eta Durangoko museoan orain arteko bere lanik “intimistena” dago ikusgai; hala azaltzen du, behintzat, Irrintzi Ibarrola (1966, Bilbo) artistaren seme eta erakusketaren komisario denak: “Lan ezagun asko ditu aitak: naturan sortutakoak, burdinean eginikoak, biktimen aldekoak… Omako basoa dago horien artean. Durangorako beste neurri bat bilatu behar genuen eta azkenean bere ikerketa eta azterketa jasotzen dituzten lanak dira hauek, bere barneko lanak, laborategikoak”.
Ideiak garatzeko euskarri bezala erabili du Ibarrolak papera, eta hori da bilduma honen substraturik “garran-tzitsuena”. Azken hogeita bost urteetan naturan egin ditu esku-hartze artistiko garrantzitsuenak eta erakusketan jasotako lanek toki horietara izandako joan-etorriak, bidaiak, jasotzen dituzte. Lan bat egin behar zuen lekura ideia bat garatuta eraman, eta bertan hainbat testura, forma, bolumen, argi eta neurrirekin topo egiten zuen. Hala, “erronka” berriekin topo egin eta laborategian bere ideia berriak garatzen zituen.
50 lanetik gora daude ikusgai museoan eta gehienak inoiz argitaratu gabeak dira. Hautaketa prozesua eta erakusketaren ideia duela zortzi hilabete inguru prestatu zuten eta Durangoko Azokari keinu bat egiteko paperean zentratzea erabaki zuen Ibarrolak: “Azken urteotan inbentarioak egiten ibili gara, lanak katalogatzen. Ondo ezagutzen ditugu aitaren lanak, baditugu gure gogokoenak ere, baina hautaketa zenbaten artean egin dugun esatea ezinezkoa da, lan asko daude”. Artistaren lanek duten atzea erakustea izan du helburu Ibarrolak, kanpoan ikusten diren bere lan horien atzean “bidaia eta burutazio” asko baitago. Paperezko lanen erakusketa da Durangoko museoan aurkitzen dena, baina ez dira paper hutsak edo paper margotuak soilik. Erakusketan hiru dimentsioak ikus daitezke: eskulturak, collageak eta margoak.
Seriean egindako lanak dira erakusketan ikus daitezkeen asko. Aukeraketa egiterakoan ere hala hautatu zituztela kontatu digu Ibarrola semeak: “Artista guztiek egiten dituzte horrelakoak”. Bere aitak esaten zuena ekarri du gogora: “Oso txarra naiz lan bati itxiera ematen, lana amaitzen.” Azaldu digu horrela kontatzen ziola Agustin Ibarrolak. Ez zekiela obra baten bukaera noiz iritsiko zen eta ideia bat garatu eta ideia bera josiz beste an-tzeko lan bat egiten zuela. Hala sortu zituen seriean egindako lanak Ibarrola eskultore eta margolariak.
Ilunetik argira
Urte luzeetan landutako obrak jasotzen ditu erakusketak. Erakusketaren goiko pisuan dauden lanak 1998. urtean egindakoak dira gutxi gorabehera, eta behean ikusgai daudenak, aldiz, bere azken urteetan egindakoak. “Artistei gertatzen zaienaren aurkakoa da nire aitak egin zuena. Gero eta zaharrago izan gero eta kolore gehiago sar-tzen zizkien lanei. Adinarekin bere erroetara itzuli zen aita. 50eko hamarkadan egiten zituen lanak ”, adierazi du semeak.
Agustin Ibarrolaren Papera Ardatz erakusketa urtarrilaren 28ra arte dago ikusgai Durangoko museoan. Irekiera egunetik hamar bisita gidatutik gora egin dituzte museoan, horietako hainbat Irrintzi Ibarrolak berak zuzenduta. Gaur bertan egingo dituzte, momentuz, azken bi bisita gidatuak, euskaraz 11:00etan eta gaztelaniaz 12:00etan.
Artistari omenaldia
Une “berezian” iritsi da erakusketa. Hain zuzen ere, erakusketa zabaltzen zen egunean zendu baitzen Agustin Ibarrola. “Ez genuen horrelakorik espero. Aitaren heriotza eroriko baten ondorioz aldaka apurtzearekin etorri da. Sorpresa izan da guretzat. Burua ez zuen guztiz ondo baina gainerantzean ondo zebilen. Bere herio-tzak, bere galerak, hausnartzera bultzatu nau. Azken unera arte egon da aita lanean, bere margo eta eskulturekin lotuta, eta erakusketaren hasierarekin batera joatea ez da kasualitatea izan”, aitortu du artistaren semeak.
Erakusketaren komisarioa pozik dago lanak kalean ikusteaz, bere hitzetan, artista bati egin ahal zaion omenaldirik handiena “bere lanak publiko, erakusgai eta jendearen eskutara egotea” baita. Hori dute helburu semeek, beren aitaren lanak museo eta galerietan herritarren gozamenerako jar-tzea.