Oihane Amantegi (Zornotza, 1985) idazleak Cayo Hueso (Elkar) lana aurkeztu berri du, bere bigarren eleberria. Bere lehen nobelan (Ibaiertzeko ipuina) bezala, oraingoan ere, urrutira jo du istorioa kokatzeko, hartara, askeago senti-tzen baita Amantegi.
Zer da ‘Cayo Hueso’?
Bi pertsonen arteko enkontru bat kontatzen duen nobela labur bat da. Istorioa Cayo Hueson kokatzen da, Floridako hegoaldean dagoen irla txiki-txiki batean. Bertan lotzen dira bi protagonistak eta istorioa kontatzen digun beste protagonistetako bat. Azken finean, pertsonaien enkontruez eta aldentzeez diharduen narrazioa da.
Cayo Hueson kokatzen duzu istorioa. Aurreko lana ere, ‘Ibaiertzeko ipuina’, urruntasunetik kontatutakoa da.
Cayo Hueso nahiz eta lehen liburuaren bigarren zatia ez izan, elkarrengandik oso lotuta daude lehen eta bigarren lanak; alegia, lehenengotik tira egindako hari batetik eraikitakoa da bigarrena. Egia da geografia bi kasuetan garrantzitsua izan dela; izan ere, askatasun handia eman dit eszenografia eraikitzeko momentuan. Lehen liburuak urruntasun bat eska-tzen zuen arrazoi argi bategatik: abesti baten biran sortutakoa izan zelako, abestiak eskatzen zuen inguru hartara joatea. Bigarren aukeraketa honetan ezberdina izan da. Literaturan, garrantzitsuagoa da eszenatokia eraikitzea tokia bera baino. Izan hemen edo han, urrunean, eszenografia literarioa sortu behar da.
Istorioak eraman zaitu bertara edo kokapenak eman dizu istorioa?
Istorioak eraman nau bertara. kontakizuna beroa da, epela, umela, tabako asko dagoena. Orduan bai, bertan egon nintzenean seguruenik zerbait piztuko zen nire barruan. Halako eszenatoki bati, behin bertatik aldenduta, elementu tropikalak ikusten dizkiozu eta idatzitakoak halako elementu tropikal guztiak behar zituen behar bezala kontatua izateko.
Lekua ondo ezagutzen da liburuan, sasoia, aldiz, ez da zehazten.
Ibaiertzeko ipuina liburuan ez zen zehaztu eta oraingo honetan ezta ere. Orain arte ez dut behar izan horrelako koordenada kronologikorik jar-tzea, garai bati fidela izatea, kontatu nahi nuena azaltzeko. Cayo Hueso oso barrura begirako liburua denez, kanpora begira egoteak despistatu egiten ninduen. Aurreko mendeko erdi aldean gertatzen den zerbait dela sumatu daiteke, besteak beste, erreferentzia batzuk daudelako: urakanak trenbidea erausten duenekoa, adibidez. Baina egia da, kokapen kronologiko txiki hori egon harren, sasoiak ez duela indarrik hartzen.
Maitemina eta desira bizi dira ‘Cayo Hueson’.
Batez ere, hasierako maitemina, pasioa, grina eta obsesioa nabaritzen dira; dezente du azken horretatik. Dena urakan batekin hasten da eta oso konparaketa sinple bezain ona da. Hasieran energia indartsu eta basati bat dago. Bakoitzak zein etiketa jar-tzen dion hori da polita. Irakurleekin hitz egindakoan bakoitzak gauza bat nabaritu duela. Batzuek maitasuna ikusten dutela eta beste batzuek honetatik ez dagoela ezer. Beste batzuek desioa ikuste dute. Pasioa ikusten dutenak ere badira. Baita indarra sentitu dutenak ere. Nik neuk pasioa ikusten dut, eta grina ere. Liburuaren bigarren partean, zintzoa izanda, nostalgia nabari dut gehienbat, eta itxiera bat ere. Ibaiertzeko ipuina eleberrian, oraingoan baino maitasun gehiago dago.
Obsesiotik asko, beraz.
Bai. Nahita eginda dago. Tabakoak pisu handia du liburuan zehar eta hau desirarekin lotu dezakegu. Nola lotu gaitezkeen gorputz bati tabakoari moduan. Nola lotzen garen gauzetara, pertsonetara. Nola korapilatzen garen.
Kapitain zaharra da narratzailea.
Ez zegoen hasieratik zehaztuta. Hasiera batean nobela askoz koralagoa zen, gauza ezberdinak esaten zituzten ahots asko batzen ziren bertan. Baina idatzi ahala kapitainak indarra hartu zuen eta narratzaile baten ikuspuntu polita zeukan. Gauzak ikusi eta epaitu nahi, baina ezin. Horrela, azkenean, bera protagonista bihurtzen da nahi eta ezin ahal horretan. Hasiera batean idatzi ahala sortutakoa izan zen, eta gero, erabaki kontzientea hartu nuen: alegia, istorioa bere ikuspuntutik kontatzekoa. Denborarekin indartu eta gorpuztu den ahotsa da.
Bi liburuetan musikak protagonismo handia du.
Modu ezberdinetan, baina bai, bietan dute protagonismo handia. Lehenengoan abestiak, letrak ere azaltzen dira. Bigarren honetan atmosferan du indarra musikak. Protagonistak ere musikari lotuak: bata abeslaria da, eta bestea musika kritikaria. Dena musikaz inguratuta dago.
Joseba Sarrionandiak idatzi du hitzaurrea.
Amaieran iritsi zen lanera. Azken bertsioetako bat irakurri zuen eta hortik abiatuta idatzi zuen hitzaurrea. Oso hitzaurre polita da niretzat, ez du istorioa kontatzen baina gogoa ematen dizu irakurtzeko.
Eta orain, ba al duzu zerbait eskuartean?
Liburu bat ateratzerakoan beti da azken emaitza, icebergaren punta. Horra iristeko fase eta tempo ezberdinak daude. Orain, esan dezaket fase enbrionarioan nagoela. Badago zerbait, baina denbora behar du manifestatzeko, zer eta nora joango den jakiteko.