Olatz Beobideren zuzendaritzapean, Maria Riverok eta Itxaso Payak emakume sortzaileen egoerari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte eMcumeak antzezlanaren bitartez. Satira musikala sortu dute, eta bertan, emakumeek kulturan bizi dituzten hainbat egoeren eszenifikazioa egiten dute; betiere, umoretik. Haien helburua publikoarekin egoera horri buruz hausnartzea da. Juana Bizkarra egonaldi artistikoa irabazi zuten eta hilabetez Getxon lanean egon ondoren, azaroaren 26an estreinatuko dute aipatu lana.
Kulturan emakumeek jasaten dituzten hainbat egoera mahaigaineratzeko obra da, ‘eMcumeak’, ezta?
Itxaso Paya: Hain zuzen ere, obra hau kultur eta sormen munduan bizi izandako hainbat esperientzia eta bizipenetatik abiatuta sortu genuen. Beraz, esperientzia eta bizipen horiek mahaigaineratzen ditugu kritika eta umoretik. Gure helburua da euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea eszenatokian jartzea eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa agerian uztea, kritikari eta eztabaidari ateak irekiz eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen lagunduz. Horretarako, umore absurduaz baliatzen gara, eta diziplina aniztasunaren aldeko apustua ere egin dugu. Kontsumitzeko modua aldatu egin da, eta horretaz ere hausnartzen dugu eMcumeak proiektuan. Azken batean, egun, kultura janari azkar gisa kontsumitzen da sarri: merke eta arin.
Obrako bi protagonistek emakume sortzaileak kontratatzeko agentzia batean lan egiteari uzten diote, haien bulego propioa sortzeko.
María Rivero: Euskal emakume sortzaileen kontratazio-bitartekaritzaz arduratzen den enpresa da eMcumeak. Bulegoan bi emakumek egiten dute lan eta egunero jasotzen dituzte herritarren, elkarteen, udalen edota kuota betetzeko emakume sortzaileak behar dituzten bezeroen eskariak. Konpetentzia eta protagonisten lehengo lantokia (Telepitxa), ordea, haien lana oztopatzen saiatuko da etengabe. Protagonistek konpetentziako enpresan egiten zuten lan aurretik, eta horri esker, pertsonaiek oso argi daukate zeintzuk diren txanponaren bi aldeak eta non kokatu nahi duten haien burua.
Alegoria bat existitzen al da erabili duzuen markaren jardueraren eta kulturaren arloan emakumeekin gertatzen denaren artean?
Paya: Guk azaldu dugun bezala bai sentitu izan dugu batzuetan kultura bera, eta nola ez, momentuko ezinbesteko inputak (emakumeak, gazteak, ekologia, jasangarritasuna…) ekitaldiko osagarri bezala eskatu direla, beraien berezko balioa gutxietsiz. Markaren irudiarekin egin dugun jolasa (buelta ematea titi batzuk irudikatuz) ere oso dibertigarria eta interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik. Argi dago, bai, alegoria bat existitzen da marka honen jardueraren eta kulturaren arloan emakumeekin gertatzen denaren artean, kultur kontsumoa aldatzen eta prekarizatzen ari den seinale.
Kultur arloan aritzen diren emakumeen zenbait egoera oholtza gainean interpretatzen dituzue: hala nola, “diskriminazio positiboa”.
Olatz Beobide: Diskriminazio positiboa, kupoa… Badira ikuskizunean azaltzen diren hainbat kontzeptu, eta horien bidez hausnarketa proposatzen dugu. Horien oso alde bagaude ere, esan beharra dago, gaiari sakon begiratuz gero, gogoetarako aukerak ugariak direla. Guk, hain zuzen ere, horixe lortu nahi dugu ikuskizun honen bidez: Alde gaude, bai, baina?
Eta ze beste egoerarekin egiten du topo emakumeak kultur arloan?
Beobide: Infinituak dira, bai guk propioak bizitakoak baita gure inguruko emakume sortzaile eta kulturgileekin partekatutakoak. Euskal kulturan emakume izateak leku zehatz batean kokatzen zaitu. Kokaleku horretatik bizitakoak partekatu ditugu gure artean. Egoera hauetako ugari, adibidez, iruzurgilearen sindromeari lotuta daude.
Sektore honetan emakumeek lortu duten ikusgarritasuna txarto kudeatzen ari dela diozue?
Rivero: Ez, ez gara hori esaten ari. Garen modukoak izanda, nahiz eta egoera txarrak bizi tarteka, beti umoretik heltzen diogu, gure izateko modua delako, geure buruei barre egiteko gaitasuna daukagulako. Egia esan, gidoiaren hastapenak horiek izan ziren: gure eta gure inguruko sortzaile eta emakume ezberdinen egoera eta istorioen inguruan hausnartzen hasi ginen. Gure esperientzia edo bizipen propioetatik sortu dugu ikuskizuna, noski, inguruko emakume sortzaileen bizipenak ere kontua hartuz.
Sormen prozesuan, adibidez, Katixa Agirrek eta Harkaitz Canok parte hartu dute.
Paya: Esan genezake Katixa Agirre eta Harkaitz Cano, nolabait, proiektu honen “guraso pontekoak” direla. Izan ere, Zinelekuk proiektu honi saria eman zion eta Garaion Sorgingunean igaro genituen hainbat egun idazle handi biekin batera. Haien aholkuak, iradokizunak, proposamenak, ariketak etabarrak islatzen dira gerora garatutako proiektuan. Haien oniritzia jasotzea ahalduntze ariketa magikoa izan zen.
Satira musikal bat zuzentzea ez da erraza izango. Nolakoa izan da prozesua?
Beobide: Ezustean harrapatu gaitu eta aberatsa izan da. Bidai lagunak izan gara batzuetan, bestetan eszenan topatu ditugu pertsonaien jolas eta heldulekuak, eta beti ere erdigunean topatu ditugu umorea eta elkar entzutea. Horrek baliatu digu pausoz pauso idatzi eta elikatutako hitz jokoz eta egoera xelebrez betetako antzezlana satira musikala bihurtzea.
Eta gidoi lanetan, zelan landu duzue maila honetako gai bat umoretik?
Paya: Ohituta gaude umorearen pentagraman sortzera. Hau da, lagun, sortzaile zein lankide gisa umorea da nagusi gure harremanean. Hori dela medio, komediak gu aukeratu gaituela esaten dugu sarri.
Musika ere presente egon da. Mariaren kasuan, nolakoa izan da musikatik antzerkirako trantsizioa?
Rivero: Oso bide berezia izaten ari da. Bizitza osoa eman dut musikari lotuta, nahiz eta antzerkia eta beste hainbat arlo artistikorekin harremana ere izan dudan. Orain arte, beharbada, oso modu intuitiboan antzeztu izan dut eta eMcumeak lanari esker, antzerkia egiteko beste modu eta metodo batzuk ezagutzen ari naiz. Lehen aldia da modu profesionalean egiten dudana helduentzako antzerkia, eta ederra izaten ari da. Olatzek ondo daki nondik eta nora mugitu eta astindu behar gaituen aktore gisa. Dena ez da erraza, izan ere, erronka berri orok presioa dakar. Iruzurgilearen sindromea erabat barneratuta daukat kasu honetan; beraz, hori ere bada egunero-egunero landu beharreko erronka. Ikasketa indartsua izaten ari da lanketa eta gauza berri gehiago egiteko gogoa ere badaukat.
Musika, umorea, eta beste hainbat diziplina txertatu dituzue antzerkian; besteak beste, bertsoak.
Beobide: Bertsoak ere entzun ahalko dira ikuskizunean beste hainbat kultur jarduerarekin batera. Kasu honetan, Itxasok bertsolaritzan daukan ibilbide potoloa bertsoak, zirtoak eta, batez ere, hitz jokoak sortzeko baliatu dugu.
Nolakoa izan da Juana Bizkarra egonaldi artistikoan bizitako esperientzia?
Paya: Benetan esperientzia oso positiboa izan da. Hirugarren aldia da Juana Bizkarra egonaldi artistikoa antolatzen duena Getxoko Kultur Etxeak eta sortzaileontzako aukera paregabea da. Hilabete osoz baliabide ezin hobeak eskaini dizkigute Muxikebarrin eta etxean bezain eroso aritu gara lanean: entseguak egiteko aretoa, argi eta soinu teknikarien laguntza hainbat orduz, aparkatzeko tokia, kamerinoak, diru-laguntza zuzena… Esperientzia ezin hobea izan da, duina. Horrelako proiektuei esker gure ikuskizunean zentratu eta aurrera egin ahal izan dugu. Esan beharra dago herritarrekin bitartekotzak bideratu ditugula egonaldiaren baitan eta oso aberasgarriak izan dira bilera horiek.
Azaroaren 26an aurre-estreinaldia egingo duzue. Egonaldi artistikoa hasi zenetik, gauza asko aldatu dira?
Beobide: Bai. Izan ere, egonaldi artistikoa bera baliatu dugu gidoiari azken ukituak emateko , eduki eta forma aldetik. Juana Bizkarra egonaldi artistikoak eskaintzen duen aukeretako bat horixe da; hau da, herritarren eta adituen iritziak jaso eta kontuan hartu ahal izatea, izan teknikariak, adituak, arituak zein herritar xumeak.
Hemendik aurrera, aurreikusita duzue ‘eMcumeak’-en bulegoa beste txoko batzuetan irekitzea?
Beobide: Bira bat egingo dugu Euskal Herriko antzokietan zehar azarotik aurrera. Azaroaren 26an estreinaldi ofiziala gingo dugu Muxikebarrin eta hortik aurrera antzokiz antzoki ariko gara. Ikuskizunaren zabalkundeari ekin genionetik oso erantzun ona jaso dugu eta ugari dira gugana jo duten hedabide eta zaleak. Getxon, Abadiñon, Laudion eta Hernanin egongo gara, adibidez, eta espero dugu zerrendak herri eta antzoki ugariren izenak biltzea gutxika-gutxika.