Gurasoak banatzen zaizkion Sararen galderak, zalantzak, kezkak eta beldurrak jaso ditu Ane Labaka Mayoz idazleak 'Barraskiloek baino bat gehiago' liburuan. Neskato horren ahotsa transmititzen ahalegindu da Lasarte-Oriakoa, eta modu jostariagoan landu nahi izan du bere azken lan hori. Gazteei begirako nobela den arren, gaztea ez denak ere irakur eta goza dezakeela aurreratu du. 

Barraskilo bat zapaltzen duzunean dituzun sentipenak plazaratuz hasi duzu liburua, eta gurasoak banatzear dituen gaztearen azalean jarri zara. Zergatik aukeratu duzu gai hori?

Beti iruditu izan zait interesgarria zurrunbilo horren erdian kokatzen saiatzea, eta gurasoak banatzen zaizkion neskato baten ahotsa transmititzen ahalegintzea. Istorioaren erdigune horretatik idazten saiatu naiz. Izan ere, iruditzen zait gertaera horrek gauza askori buruz hitz egiteko aukera ematen didala, bai familia ereduei buruz, bai maitasunari buruz… Eta zurrunbilo horren erditik idatzi nahi nuen.

Zein helbururekin landu duzu liburua?

Ni saiatu naiz enpatia ariketa bat egiten, neskato horren azalean sartzen: saiatu naiz transmititzen zer sentituko lukeen eta nola adieraziko lukeen sentitzen duen hori. Nik badaukat idazteko modu bat, batez ere, helduei begirakoa, eta ariketa handia izan da helduen hizkerari dagozkion esamoldeak eta terminoak limatzen saiatzea eta erregistroa xehatzea. Behin eta berriz irakurri behar izan dut testua, istorioak neskato baten ahotsa mantendu zedin.

Banaketa gazte baten ikuspegitik lantzea erabaki duzu. Zergatik? 

Ez dakit zergatik. Momentu honetan helduentzako proiektuak dauzkat esku artean, baina bere garaian Eusko Jaurlaritzako beka batera aurkeztu nuen lagin bat, gazteentzako eleberriak sortzeko bekara, eta diru laguntza eman zidaten. Hasieratik nahi nuen ni gazteago bat bilatu, eta hortik saiatu naiz istorioa jorratzen.

Modu jostariagoan landu nahi nuen proiektua, eta asko disfrutatu dut ni baino gazteagoa izan daitekeen norbaiten ahotsa bilatzen: bere irudiak zein izango diren, ze metaforak erabil ditzakeen, ze jolas, ze galdera izan ditzakeen buruan, ze hizkera... Ilusioa edo gogoa sortzen zidan liburua horrela egiteak. 

Zure libururik desberdinena da, beraz?

Liburu guztiak dira bere horretan desberdinak. Aldiro saiatzen naiz erregistroa aldatzen. Idazle askok esaten dute idazterakoan oso argi eduki behar dela nori zuzentzen diozun testua, edo zein izan daitekeen irakurlea, eta, kasu honetan ere, protagonistaren ahotsa eta irakurle posibleak buruan izan ditut.

Gazte baten ahotsetik kontatu dut 'Barraskiloek baino bat gehiago', baina hori horrela izateak ez du zertan esan nahi irakurlea gaztea soilik izan daitekeenik. Gazteei begirako nobela bat dela esango nuke, baina gaztea ez den edonork ere irakur eta goza dezake.

Zein balio transmititu nahi izan duzu?

Batzuetan, haur eta gazte literatura pedagogiko xamar geratzen da, eta nire kasuan ere, badago transmititu nahi nuen lanketa pedagogiko bat. Liburua baliagarria izatea nahi nuen, egoera hori edo antzeko bat bizitzen ari diren familientzako erabilgarria. Gertatu izan zait liburu batek norberak dauzkan bizipenak hitzetara ekartzen asmatzea, eta lagungarria da.

Kasu honetan, helburua gehiago izan da gazte baten ahotsarekin jolastea. Idazteko plazerrari eman nahi nion tartea. Egia da, gero, badaudela transmititu nahi nituen mezu batzuk: familia eredu desberdinak aipatzea edo maitasunaren inguruan gogoetatzea. Feminismotik askotan esan izan da betiko edo betiereko izan zitezkeen gauza batzuk orain askoz likidoagoak direla, eta harremanak hasi eta bukatu egiten direla. Hori gazteen ikuspuntura eramaten saiatu naiz.

Familia eredu desberdinak daudela transmititzeko lan horretan, Sarari sortzen zaizkion galderen bitartez egin duzu hori.

Lur egonkor batean bizitzetik dena dardarka bizitzera igarotzen da Sara, eta galdera pila bat sortu behar zi-tzaizkiola iruditzen zitzaidan. Ordura arte bizimodu bat eduki du, errutina bat, etxe bat eduki du, eta hortik aurrera dena da berria. Momentu horretan galdera asko daude, eta iruditzen zitzaidan galderek, zalantzek, kezkek eta beldurrek eduki behar zutela pisua liburuan.

Sentimenak azal-azalean ageri dira.

Dolu prozesu bat bizi du. Familia bitan zatitzen da, eta badago hutsetik hasteko saiakera bat, bai Sararena, bai aitarena, bai amarena. Liburuan zehar ikusiko da Sara zelan joango den egoera horretara egokitzen. Etxe bat izatetik bi etxe izatera igaroko da, eta etxe bakoitzak edukiko ditu bere ezaugarriak, edukiko ditu pertsona gehiago, edukiko ditu harreman gehiago. Liburua prozesu horretan kokatu gura nuen, banaketaren momentutik aurrerako testuinguruan.

Liburu hau aurkezteaz gain, beste zein proiektu dituzu eskuartean?

Sorkuntzari emana bizi naiz, eta bertsotan ibiltzeaz gain, nire jardunaren zati handi bat idazten pasatzen dut. Helduentzako arnas luzeko proiektu bat daukat esku artean, oraindik asko aurreratu ezin dena, baina hori lantzen ari naiz.