Zutik dirauen Kolonbiako hiririk zaharrena omen den Santa Martara iritsi gara. Konkista, inperioen arteko borrokak eta indigenen sarraskiak medio, historiaz beteriko leku bat bilakatu da. Hori gutxi balitz, izena bezain itzal luzea duen pertsonaia bat bertako Quinta de San Pedro Alejandrino etxaldean hil zen. Bolivarko Ximon jaunaz ari naiz, edo bere amak hala erabakita erditu berritako inspirazio unean, Simón José Antonio de la Santísima Trinidad Bolívar y Palacios Ponte y Blanco. Horixe ba, Bolivarko Ximon, Askatzailea.

Hiriari txanda pasa egin eta Tagangara hurbildu gara, bertan dagoen arrantzale herri txiki batera: arrantzale eta motxiladun bidaiarien herri txikira, hobe esanda. Bere asfaltorik gabeko kaleetan, poltsikoa diruz betetzeko esperantzaz itsasotik arrainekin datozen langileak eta poltsikoak hustuz itsasora arrainak ikustera doazen turistak gurutzatzen dira. Herria itsasoari begira bizi da, hortaz, baina bakoitza bere erara. Arrantzaletik gutxi dugunez, arrain koloretsuren bat ikusteko leku bila abiatu gara. 

Tagangako hondartzan bertan dauden txalupetan eskaintza ezberdinak jaso ditugu, hemengo eta hango hondartza, uharte edo itsaslabarretara joateko. Izen ederrarengatik liluratuta, Playa Cristalera joatea erabaki dugu. Ederra behar du halako izenarekin. Beste boskote batekin olatu txikien gainetik abiatu gara saltoka. Kostaldetik urruntzean, paisaiaren irakurketa hobea egin ahal izan dugu eta kapitaina, motorraren zalapartarekin borrokan, oihuka azalpenak botatzen aritu da. Karibeko itsasertzean bertan, mendiak zerurantz abiatzen dira eta 40 kilometro eskasen bueltan 5.700 metrotik gorako garaierara iristen dira.

Sierra Nevada de Santa Marta izeneko mendilerroak itsasoa harramazkatzen duen ertz honetan Tayronako Parke Nazional Naturala kokatzen da. 

Argazkietan, ezkerretik eskuinera, Tronpeta arraina; hamakaz beteriko aterpea;  Tayronako Parke Nazional Naturala

Argazkietan, ezkerretik eskuinera, Tronpeta arraina; hamakaz beteriko aterpea; Tayronako Parke Nazional Naturala ENEKO EIZAGIRRE

Kostaldetik gertu, motorra itzali aurretik, Playa Cristalen beste izena aitortu digu kapitainak ahapeka: Playa del Muerto, hildakoaren hondartza, alegia. Bai, egia da, marketin aldetik ez du bestearen xarmarik. Izenaren zergatian gehiegi pentsatu gabe, uretako betaurrekoak jantzi eta ur garden epelean murgildu gara, istantean aho zabalik geratuz. Mundu paralelo bat bizi da aireak eta urak osatzen duten mugapean. Zenbat arrain. Zenbat kolore. Zenbat forma bitxi. Zenbat hotzikara eragiten didaten animalia xelebre. Urpean murgilduta, Jacques Cousteauren ahotsa imajinatzen dut belarrira xuxurlatzen begi-bistan ditudan izakien bitxikeriak.

Tagangara itzulita, Tayronako parkea lurrez ezagutzea otu zaigu, polita dirudi eta. Autobus batek seinalerik gabeko geltoki batean bota gaitu, errepide bazterrean pilatzen diren etxe xume eta mota askotako denda multzo batean. Sinestea zaila egin bazaigu ere, Kolonbiako bigarren parke bisitatuenaren sarreretako batean omen gaude. Euriteek pitzaturiko lurrezko kale baten amaieran, lastozko etxola batean dagoen kolore gutxiko kartel batek baieztatzen digu autobus gidariak arrazoi zuela.

Calabazo izeneko sarreran hamabi euro inguru ordaindu ostean, mendi ibilaldi interesgarri baten hasieran agertu gara. Azken eraikina segituan utzi dugu atzean eta xenda zabalean bide eginaz konturatu garenerako oihanean murgildurik gaude. Kolore berdea da hemengo nagusia, eta landare espezie anitzen arteko borroka gupida gabea. Bidea kostalderantz badoa ere, sentitzen dugun ur gazi bakarra gure arropa blaitzen duen izerdia da. Halako batean Chayrama sasi-herrixka indigenarekin egin dugu topo, bertako biztanleen etxe tradizionalak ikusteko parada emanez. 

Berdetasun itzela mendi ingurunean

Berdetasun itzela mendi ingurunean ENEKO EIZAGIRRE

Ordu batzuen ostean, gure begiak berdetasunera ohitzen hasi dira eta pixkanaka aurrez paisaia inertea zena bizia hartzen hasi da. Makila bat zirudiena, makila-intsektua dela ikusi dugu, mendixka bat inurritegi erraldoia da eta horko soka berde hura, metro erdiko, ez barkatu, metro bateko, ezta ere, bi metrotako sugetzar beldurgarria. Oraingo honetan David Attenboroughen ahotsa sentitzen dut nire barnean, aurrean dudan sugearen pozoiak zenbat pertsona hil ditzaken xuxurlatuz. 

Iritsi gara itsaso ertzera eta horrekin batera zerutik, itsasoa bera erori da. Zaparrada ikusgarria. Tenperatura aparta. Dutxa bero bat oihan erdian. Inoiz ez dit hain gutxi axola izan euripean egoteak. Cabo San Juanera iritsi gara azkenean, parkeko irudirik ezagunenera: palmondoz inguraturiko ur gardeneko hondartzak, granitozko harritzarrez zipriztinduak, eta landarez beteriko muino batean lastozko teilatudun talaia txabola bat.

Koloredun hamakak hondartzaren ondoan

Koloredun hamakak hondartzaren ondoan ENEKO EIZAGIRRE

Gaua lerrokatutako 50 bat hamaka pilatzen dituen teilatupe batean igarotzeko prestatu gara. Oraindik heze ditugun arropak jantzirik, hamaka batean lo egitearen zirrara lehen minutuen ostean itzali egin da eta eguzki argiaren apaltzearekin batera oihaneko animaliak euren festa hasi dute. Gaueko dokumental zirraragarriaren unea hasi da, ea hamakaren oihal finak babesten gaituen.