Gaur egun herrialde garatuetan inmigrazioa puri-purian dagoen gai bat da. Batzuek kezka kontsideratzen dutena, beste askok zerbait ohiko eta, kasu askotan, beharrezko bezala ikusten dute. Euskal Herrian, azken urteotan, hainbat herrialde desberdinetako jendea gure artean ikustera ohitu gara. Hala ere, duela ez hainbeste, egoera desberdina zen, eta euskaldunok ginen kanpora joaten ginenak bizi berri eta hobeago baten bila.

Dispertsio horren jomuga nagusia AEBak izan ziren; nagusiki, artzain lanak burutzeko, baina beste euskal herritar ugari munduaren beste aldera, Australiara, joan ziren aukera berrien bila. Azken protagonista horien bizipenak gogorarazteko Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak erakusketa bat sortu du 'Basques in Australia' izenburupean.  

“Erakusketa hau Australia jomuga izan zuen euskal immigrazioaren ingurukoa da. Izen propioak eta leku desberdinak agertzen dira, baina, gehienbat, Busturialdea eta Lea-Artibai inguruetatik joandako jendearen istorioa da, hara joandako beste euskaldun guztien isla bezala balio duena”, azaldu du Esther Korta erakusketa antolatu duen Euskal Australiar Elkarteko idazkariak. 

Euskal immigrazioaren edo diasporaren adibide bat izan nahi du antolakuntzak. Museoaren ganbaran kokatuta dauden hamar panelen bitartez Australiara joan ziren euskaldun desberdinen izenak eta esperientziak kontatzen dira. Horrez gain, bitrina batzuek ere osatzen dute erakusketa, dokumentu, eskutitz, postal edo lan egiteko erabiltzen zituzten erremintez osatuak, besteak beste.

Kortaren ustez, “Australiara joandakoen istorioa pixka bat ahaztu da, edo, behintzat, gutxi azpimarratu izan da, AEBetara joandako euskaldunen istorioarekin alderatuta”. Ezjakintasun hori aldatzeko, erakusketa blokeetan banatu dute, ”ibilbide bat antolatuz nolabait, bidaiaren arrazoiak eta hastapenetatik, aisialdi edo lan osteko momentuetara helduz”. Horregatik, panel bakoitzean, diasporaren historiaren zatitxo bat islatzea izan dute helburu.

Bitrina pare bat daude erakusketan, dokumentu, eskutitz, postal edo lanerako erremintez osatuta PABLO VIÑAS

Ikerketa lana

Euskal Australiar Elkarteak hainbat datu interesgarri azalaraztea lortu du, artxiboetan murgildu ostean, eta protagonistei egindako elkarrizketen bidez: Australiara bidaiatu zuen lehen euskaldunaren izena (behintzat, artxiboetan adierazten den lehena); Espainiar estatuko eta Australiako gobernuaren artean, XX. mendean gauzatutako plan desberdinak irla hura euskaldunez populatzeko; emakumeek bizi behar izan zituzten egoerak; gizonen lan baldintza gogorrak kanabera bilketan edo euskal komunitatearen batasuna ezagutarazten dira beste hainbaten artean.

"Australiako diasporari, eta bertan egon zirenei eta egin zutenari agerikotasuna ematea" du helburu erakusketak

“Nahiz eta hainbat pertsona leku eta momentu berean egon gauza bera egiten, nork bere bizipenak eta pertzepzioak ditu, eta horrek egiten du diasporaren istorioa bera”, dio Esther Kortak.

Lehenengo eta behin, erakusketaren ibilbideak lehen euskaldunak zergatik bidaiatu zuten Australiara azaltzen du: Euskal Herriko egoera ekonomikoa tarteko, familia ugariak zirelako, bizitza hobe baten bila edo beharrizanagatik joan zirelako... Are gehiago, hara heltzea bazen nahikoa odisea bertaratu ziren lehen ausartentzat, kontuan hartuta, hegazkina oraindik ere ez zela garraiobide orokortua.

“Hilabete edo hilabete eta erdiko bidaia egiten zuten. Hemendik irteterakoan, Hendaia izaten zen beraien abiapuntua. Bertatik, Italiara jotzen zuten, Genovara askotan, eta han, itsasoz jarraitzen zuten. Batzuetan errazagoa egiten zen beste batzuetan baino. Emakume asko haurdun joan ziren, gainera”, Kortak azaldu duenez.

Lehen garaietan joan ziren gehienak familiakoek edo hurbilekoek eskatuta joaten ziren. Baina, gerora, australiar eta espainiar estatuko gobernuek, elizaren bitartekaritzarekin “operazio” desberdinak jarri zituzten martxan, immigrazio zubi bat irekiz Australia eta Euskal Herriaren artean. Kanguru, Eukalipto, Emu, Karry edo Torres bezalako izen bereziak izan zituzten operazio horiek eta 1958, 1959, 1960 eta 1961. urteetan aurrera eraman zituzten, hurrenez hurren.

Azaroaren 5era bitarte bisitatu ahalko da erakusketa

Azaroaren 5era bitarte bisitatu ahalko da erakusketa PABLO VIÑAS

“Nolabaiteko hitzarmenak adosten zituzten errekrutatutakoak hona bidaliz. Jende asko joan zen operazio horien bitartez; gehienak, gizonak. Hala ere, emakumeak ere bidaia horietan izan ziren eta horregatik beste panel bat beraiei eskainita dago”, elkarteko idazkariaren hitzetan. Are gehiago, emakumeek plan propio bat ere izan zuten, Marta deiturikoa. “Bi urteko kontratu bat eskaintzen zieten. Neska gazte eta ezkongabeak Madrilera bidaltzen zituzten lehenengo; bertan hilabete bat egoten ziren komentu batean, Australiako bizitza zer zen, bertan egin behar zutena, ingeles pixka bat, eta abar irakasteko”.

Jardun nekezak

Gizon euskaldunen kasuan ere, ez zuten lan xamurra izan kanabera eta tabako bilketan ibili zirenek. Erakusketan hori ere agerrarazten da: alegia, kanaberak nola ebakitzen zituzten eskuz -matxete batekin lagunduta hasiera batean-. Gero, hala ere, lana mekanizatu egin zen gauzak erraztuz.

Lan ziklikoa zen. Ekainetik abendura kana batzen zuten. Hurrengo sasoia heldu arte batzuk herrietan geratzen ziren eta beste batzuk, gehienak, tabakoa biltzera joaten ziren; behin kana garaia bukatzerakoan, tabakoarena hasten baitzen. Fruta batzera ere joaten ziren batzuk, mahatsa edo sagarra, adibidez. Baina, batez ere, kana eta tabakoa ziren arlo nagusiak”, idazkariaren azalpenetan.

Erakusketaren bukaeran hara joandakoek izan zituzten esperientzia politagoak ere ageri dira, aisialdiaren barruan kokatuz kirola, jaiak edo euskaldunen arteko bilkurak. “Hemengo kultura eta usadioak hara eraman zituzten. Harri-jasotzeak egiten zituzten, frontoian eta boxeoan aritzeko aukera ere egoten zen”.

Gernikatik, Euskal Herriko eta Espainiako txoko ezberdinetera lekualdatuko dute erakusketa; baita Australiara betera ere

Euskaldunek atzerrian bizi izan dituzten desberdintasunak

Erakusketak euskal diaspora gehiago sakontzea dakar; AEBetan ez ezik, Australian ere komunitate bateratu eta sendo bat izan zela erakusten du. Badira bataren eta bestearen arteko desberdintasunak: bertaratutako immigrante kopuruaz gain, bertan izan zituzten lanbideak, kasuan kasu. AEBetan bakardadean egiten zirenak nagusitu ziren bitartean, -artzaintza kasu-, Australian, talde lana gailendu zen.

Kortak azaltzen duenez, “AEBetan, euskaldunek denbora asko bakarrik pasatzen zuten mendian ganadua zaintzen, eta Australian, berriz, beti egiten zuten lan taldean”. Hizkuntza erabilera ere zerbait bitxia bihurtu zen. Sorterritik joandako gizon-emakume haiek bertan komunikatzeko ingelesa ikasi behar izan zutela imajinatu badaiteke ere, gauzak zertxobait desberdinak izan ziren Euskal Australiar Elkarteko arduradunaren arabera.

“Bitxia badirudi ere, italiarrekin lan asko egiten zutenez, batzuk italiera ingelesa baino lehenago ikasi zuten. Bestalde, beraien artean, euskaraz moldatzen ziren. Nik han izandako lekeitiar bati galdetu nion: “Ingelesarekin zer moduz?”. Eta berak erantzun: “Ez genuen behar, gure artean konpontzen ginen”, azaldu du Kortak.

 

Oraindik australian

Euskaldunek Ozeanian utzitako arrastoa sakona izaten jarraitzen du gaur egun ere. Ashville edo Sydney bezalako hirietan oraindik Euskal Etxeak aurki daitezke. Hara bizi berri baten bila joan eta itzuli ez zirenak toki estrategiko hauetan biltzen dira normalean eta ez bakarrik hara joandako euskaldunak, bigarren belaunaldikoak ere bai.

“Han geratu zen jendea dago eta beraien seme-alabek parte hartzen dute ekitaldi desberdinetan. Hilabetero bazkari handi bat antolatzen dute eta ekintza desberdinak egiten dituzte: gastronomia, dantzak edo euskara klaseak, adibidez. Gaur egun kana biltzailerik ez da behar, baina euskaldunen artean harremana izaten jarraitzen dute”, azpimarratu du elkarteko kideak.

Diaspora eguna Gernika-Lumon

Euskaldun australiar edo australiar euskaldun horietako asko, Gernika-Lumon izan ziren joan den irailaren 8an, Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen Diaspora Egunean, munduko euskal komunitateari omenaldi moduan sortutako ospakizunean. Erakusketa ere egun horretan inauguratu zuten, “Australiako diasporari agerikotasun apur bat emateko, han egon zirenak eta egin zutena agerian uzteko.

Gure elkarteak ezin izango luke erakusketa hau antolatu han egondako protagonisten laguntzarik gabe. Ageri diren argazki guztien atzetik hainbat istorio baitaude, batzuk ezezagunak oraindik, eta hori han izandako euskaldunei esker jakin dezakegu”, azpimarratu du.  

Museoa bisitatu

Hortaz, munduaren beste aldera jo izan zuten ausart haien istorio eta bizipenak hurbiletik ezagutu nahi dituztenek, aukera paregabea izango dute azaroaren 5era bitarte, Euskal Herria museoko azken solairuan. Kortak aurreratu duenez, Gernikatik beste hainbat lekutara lekualdatuko dute aipatu erakusketa gero, baita Madril eta Bartzelonara ere. Azken geldialdia, aldiz, Euskal Herriaren zati txiki bat dagoen lekuan egingo dute: Australian bertan, hain zuzen ere.