Txotxongiloak, marionetak… Terminologia zehatzik gabe, baina kontzeptu argi batekin: Anita Maravillas antzerki taldea. Txotxongilo emanaldiak egiten ditu 2005. urteaz geroztik konpainiak. Bartzelonan sortu, eta Euskal Herrira salto egin zuten gero. Ehunka pase egin dituzte Jon Braun emozioz eta abenturaz beteriko ikuskizunarekin, edo Kotondarrak istorio iraultzailearekin. Taldeko kide Miren Larreak esan bezala, “ikuspegi historikoa” lantzen dute beraien emanaldietan. Oraingoan ere, urriaren 6an estreinatuko duten Andereño antzezlanean historiaren alde makurrenetariko bati helduko diote: Espainiako Gerra Zibilari, hain zuzen ere. Garai hartako irakasleen bizipenak eta haurren ikuspegia landuko dituzte, zehazki.
Larreak azaldu du oraindik aurreko lanarekin biran zeudela ekin ziotela Andereño imajinatzeari. “Prozesu luzeak” direla gehitu du: bi urte ingurukoak. Hain justu, abiapuntu gisa, barruak mugiarazten zizkieten gaien bila hasi ziren. Kate baten gisara kontatu ditu Larreak: “Prozesu historikoak guretzat inspiratzaileak dira. Pentsatzen jarrita, portuetatik ontzietan ihes egiten duten haurrak etorri ziren”. Hari horri eutsita, hainbat galdera sortu zitzaizkien: “Nolakoa da haur bat gerraren testuinguruan? Eta, ikasketak nola egiten dituzte?”. Hala, hezkuntzaren muinetako batera heldu ziren, gogoeten ondorioz: maisu-maistrak. Antzezlan honetan gerra garaian emakume irakasleek egin zuten apustuari gorazarre egingo diote. Azpimarratu du, gainera, testuinguru historiko hori lantzeaz gain, ahalegin berezia egiten dutela istorioak haurrek ulertzeko moduan kontatzeko, betiere, zintzotasunez.
“Mahaiko lana” esaten diote horri Anita Maravillaseko kideek. Horren ostean ekiten diote tailerreko lanari, kontatu dutenez. Iruditegia argi dutenean hasten dira probak egiten. Valentina Raposo artista eta konpainiako kidea da lan horren arduraduna. Alegietan oinarritzea erabaki zuten, eta hartara, publikoak animalia itxurako pertsonaiak ikusiko dituela aurreratu dute: “Irakasleak basoan muntatuko du eskola, eta ikusiko dugu nola pertsonaia horren agerpenarekin beste txikitxoen bizitza aldatu egiten den”, esan du Larreak.
Animaliak erabiltzearen abantailaz ere mintzatu da, eta esan du haiek hain atsegin duten poesiatik asko duela, baina ez da arrazoi bakarra: ileak, testurak, eta iruditegi oso bat landu dituzte. “Animaliak izateak aukera ematen dizu istorioarekiko distantzia bat jartzeko”, gaineratu du. Ildo horretatik erantsi du hala nahiago izaten dutela, nahiz eta ez dituzten beren buruak zentsuratzen. “Erratu egiten gara pentsatzean umeak babesten ditugula”.
Horregatik, haurrek dituzten sentikortasunari eta gaitasunari garrantzia ematen die Larreak: “Harrigarria da umeek zelako gaitasuna duten dena ulertzeko”. Zuzen hitz egiten diete, izan ere, esperientziak esan die haurrak gai direla identifikatzeko zer den entretenimendu hutsa eta zer benetako istorio zintzo bat.
Haurrak eta helduak
“Badugu publiko heldu bat ume gabe ere etortzen dena”, adierazi du pozez txotxongilolariak. Izan ere, urteetako lanaren ondorioa da Anita Maravillasen arrakasta. Baina Larrearentzat pozgarriena zera da: “Ikustea nola joaten diren gurasoak haurrei laguntzera, eta azkenerako, mendean erortzen dira haiek ere”. Azken finean, publiko zabalarentzat egiten dutela zehaztu du: “Publiko zabala da, non umeak ere badauden”.
Txotxongiloek badute zerbait berezia, eta uste horretakoa da Larrea bera ere bai: “Ez du mugarik”. Are gehiago, txotxongiloez harago, txotxongilolarien pentsamoldea ere bere egiten dute: “Gu ere bagara ikusizko elementu garrantzitsuak”. Oholtza gainean duten presentziari garrantzia ematen diote, izan ere, jolasteko aukera ematen du panpinak eta baita kodigo berriak sortzeko aukera ere. Txotxongiloa ekintzaren zerbitzura, baina ekintza txotxongiloaren zerbitzura ere bai: “Panpinak erabiltzen ditugu, baina horrek ez du esan nahi beste ezer ez dagoenik”. Begiradek, argiek, espazioak, den-denek dute beren funtzioa. Azaldu duenez, sorkuntza prozesuan zehar lan bakoitzarekin zerbait berria ikasten dute: mugimendua, adierazpena…
Luzaroan kozinatutako lana da, eta horretarako ezinbestekoa da “prozesuaren zaintza”. Hartara, prestakuntzaren hilabete luzeetan egonaldiek garrantzia berezia izaten dute. Mahaitik oholtzara eramateko unea heltzen denean, ikusten dituzte lehen eszenak, pertsonaia batzuen prototipoak eta abar. Tolosako TOPIC eta Durangoko San Agustin izan dira beren entseguen aterpe. Ideiak, probak eta ideia berriak: “Bizitza osoko saiakuntza eta errorea, azken finean”. Azken ukituak baino ez zaizkie falta, aurki eramango dute taula gainera.
Urriaren 6an eta 7an estreinatuko dute aipatutako obra berria. Horien ostean, urrian, Bergara, Getxo, Berriz, Urkabustaiz, Zigoitia eta Arrigorriaga bisitatuko dituzte. Larreak aurreratu du azaroko, abenduko eta urtarrileko agenda ere lepo dutela. Andereñoa eta Maravillastarrak prest dira jada, beraz, bere istorioa han-hemenka zabaltzeko.