Oraindik ere kuadrillan negazionistaren baten sufismoak entzun behar baditugu ere, aldaketa klimatikoaren eragina geroz eta agerikoagoa da. Urtaroak luzatuz joan dira, horien arteko mugak malgutuz. Hala, uda zakarra izan dugu aurten Euskal Herrian, eurite asko eta egun eguzkitsu gutxirekin. Kostaldeko herrien biztanleriaren hirukoizketak masifikazioa dakar eta turismoaren gorakada basatiak hirien bizigarritasun gutxia hiltzen du.
Musika kontsumoari begira, makrojaialdien nagusitasuna paregabekoa da. Guztiok ditugu egutegian apuntatuta urte osoan joateko irrikaz egon garen jaialdi horiek. Txosnetan ere azken urteetan estilo berrien zaparrada handia bizi izan dugu. Uda aldatu da gurean, ez dago dudarik.
Uda partean musika argitaratzeko mundu-mailako joera dago industrian, uda partea zuzenezkoen denboraldi betea delakoan eta olatua probesteko. Joera horren adibide handiena “udako abestia” deitutakoa da. Bai, burutik kendu ezin duzun eta edonon jartzen duten abesti hori. Gazte zein helduek egile edo titulua jakin gabe buruz dakiten letra hori. Gurean ere hala izan da, Durangoko Azokak Gabonetako salmenta tontor partikulartzat badugu ere.
ITALIAR ERARA
Bada, kontzeptu hau Italian eratu zen 1960ko hamarkadan, salmenta urtean birritan igotzeko baita ere. San Remoko abesti jaialdia dute bertan urtarrilean, eta udan ere kontsumoa bultzatzeko Disco per l’estate (udarako disko bat) lehiaketa sortu zuten, nondik saltzeko disko bat eratuko zen, noski. Gainera, single formatuaren agerpenak (alde bakoitzean abesti bakarra zeramana) efektu komertziala areagotu zuen, arin nazioarteratu zena. Italiako Elkarte Fonografikoak lehiaketa bezala mozorrotuta jaio zen: irratien arteko aukeraketa egiten zen eta gero jaialdi publikoa.
Baina, oro har, ez dago ofizialki izendatzen dituen erakunderik; komunikabideek udako abestiei izen hori ematen diete. Hau da, gehienetan udako abestiaren aukeraketan ez du zertan gizarteak gehien entzuten duenari (edo entzun nahi duenari) erantzun behar, gehienetan marketin eta negoziorekin desitxuratua, askotan inposiziora heldu arte. Hala, fenomeno bitxiak eratu dira industria musikalean horren harira.
"Udako momentu politak gogorarazten laguntzen duelako. Horrela gogoratzen ditugu beti, nostalgian bilduta"
Euskal Herrian eredu sendoak ditugu: triki popak eta erromeriak planteatzen zituen moldaketak adibidez. Napar mex erarako rantxerak, Nork nori nork, eta baita Drindotsen Eba mirentxu joan zen itzulpen arriskutsua ere! Noski, hurbil egonda arin heldu zitzaigun eragina, eta duela gutxira arte, 40 principales irrati katea medio, bogan dirau eta irratia egiteko modua osatu du: “irrati formula” zerrenda zalea.
Telebistak ere berebiziko garrantzia izan du kontzeptuaren egonkortzean: telesailetatik irtetzen ziren artistak, frankizia modukoak (King Afrika, esaterako, ez da pertsona bakarra, hainbatek ordezkatu dezaketen marka baizik), futbolerako abestiak, iragarkietako abestiak (Gogoratzen duzue Del pita del? Barkatu) eta gerora, Amo a Laura bezalako Interneteko abest biralak ere.
Gaia aztertu duten psikologoek funtzio integratzailea duela diote, soila eta ulergarria izateagatik, eta udako momentu politak gogorarazten laguntzen duelako. Horrela gogoratzen ditugu beti, nostalgian bilduta. Izan ere, erdipurdiko abesti asko dantzatu eta buruz ikasi ditugu: Despacito, Hay que venir al sur… Baina galantagoak ere badaude, Radio Futuraren Escuela de calor edo Mysticen Ritmo de la noche ahaztezina bezalaxe. Duela gutxi sendutako Georgie Dannek ere aparteko ibilbidea izan zuen soilik udako abestiak egitera jardunda.
AMAIERARIK GABEKO UDA
Klima aldatzen ari dela esanez hasi gara bai, eta industria musikalaren barnekoa ere aspaldi jarri zuen streamingak irakiten. Garai batean irrati eta telebistek erabakitzen zuten bezala, orain algoritmoek dute boterea. Horrek kontsumo arinagoa ekarri du, unean-unean aldatu daitekeena. Ekoizpena ere areagotu da eta astero abesti mordoa argitaratzen dira; abesti bakarra ekoizteko denbora eta esfortzua handiagoak ziren iraganean.
Tik Tok bezalako sare sozialek garrantzia handia hartu dute, abestien gakoen denborak mugatuz, alde bisualari ardura handia eskainiz, moda biralak sortuz eta askotan, ospea apalduz, kontsumoaren abiadurak uda bukatu baino lehenago erretzen baititu asko.
Hala ere, irabazle argiak daude: 2021eko Rauw Alejandroren Todo de ti, aurtengo Viccoren Nochentera itsaskorra edo 2022ko Quevedo eta Bizarrapen saioa, zerrenda eta muga guztiak apurtu zituena. Gurean ere etengabe entzuten ziren horiek, baina bertokoek nahiago dituzte ETS eta Suneren azkeneko technotrikia aukeran edo Gatiburen Euritan dantzan, konforma-tzearren. Eta hainbestekoa da jarioa, udako abesti bakarra izendatzea ezinezkoa dela.
Gainera, kontsumitzeko tokia ere aldatu du. Orain indibidualagoa da, lehenagoko hondartzako txiringito eta telebistarekin alderatuta. Beraz, bakoitzak bere udako abestia izan dezake, edo hainbat, eta aldatzen ere joan daiteke. Berdin du zein den zurea, zaindu eta partekatu ezazu, eguzki bila hondartzara joan ez dadin!