Besoak zabalik nago begirada galduarekin, atzeko paretan egurrezko gurutze batean dagoen irudiak egiten duen bezala. Gorantz begira erregu egiten dut. Erregu, sabaiko haizagailu zaratatsuari, freskotasun pixka bat bideratu dezan nire gorputz hezera. Dutxatik irten berri naiz baina lehortu bezain laster izerdi tantak ageri dira nire azalean. Beroa eta hezetasuna, hortxe Karibeak bisitariei ongietorria emateko daukan agurra.
Haizagailuaren nagikeriaz gogaituta gelako balkoi txikira irten naiz kalean haize pixka bat topatzeko esperantzarekin. Haize apurrik ez, baina bizia behintzat ez da falta Getsemani izeneko auzo honetan. Kaotikoa bezain ederra da osagai nahasiz konposaturiko kalea. Mural bikainak, garai hobeak ikusi dituzten egurrezko balkoi landuak, eraikin baxu koloretsuak eta paretetatik iheska dabilen pintura zuri ugari. Jendea atzera eta aurrera dabil, arin, baina presarik gabe. Badirudi denak elkar ezagutzen dutela, aldiro-aldiro oihu batzuez bata bestea agurtzen ari baitira. Nire talaia ezin hobeaz baliatuz, kuxkuxean aritu naiz ea berriketan zertaz dabiltzan jakiteko, baina piperrik ez dut ulertzen. Espainieraz badakit, baina Espainiako espainieraz, eta hau Cartagena da, ‘Indietako’ Cartagena. Beste mundu bat. Berria omen garai batean.
Izerdia eta biok elkarte banaezin bat garela onartuta, kalera jo dugu giroan murgiltzeko asmoz. Autobus batek ekarri gaitu honaino eta gorputzak mugimendu pixka bat eskatzen digu, nahiz eta era berean nekeak jota gauden. Non-nahi dauden kale saltzaileen postuetan gorputzak indarberritu ditugu. Gaztaz betetako talo txiki moduko arepa batzuk eta ortzadarraren kolore sorta osatzen duten fruta ezberdinen poltsa bat. Gorputza hidratatzeko koko-ur trago batzuk. Orain bai, prest gaude Cartagena de Indias ezagutzeko.
Ziape koloreko arku batetik igarota, Parque del Centenario barrenera sartu gara, hiriko alde zaharrerako bidean. Euskal Herriko parkeetan haritzak eta txolarreak oharkabean pasatzen ditugun bezala, bertakoek ez diete arretarik jartzen palmondoen artean agertzen diren iguanei ezta Tamarin izeneko primate txikiei.
Torre del reloj-ekin egin dugu topo parez pare. ‘Hiri harresitua’ ezizenez ezaguna den Cartagenaren sarrera nagusiak ateak ireki dizkigu, bere dorre horixkako ordulariarekin irribarre bat eraginez. Ordulari bat, non eta hemen. Arkitektura kolonialeko eraikinez osaturiko plazan, turisten xerka dabiltzan zaldi karrozak eta jantzi koloretsuko emakume fruta saltzaileak daude.
Harresia jarraituz aurrera egin dugu, itsasora begira dagoen gotorleku batera iritsi arte. Hortxe dago, gure aurrean lehen aldiz, Karibeko itsasoa. Itsaso bat besterik ez da, beste guztiak bezala, bere ur gazi, arrain eta gure gizartearen erakusleihoa den zabor zatiekin, baina ‘Karibe’ hitza entzunda gure burmuineko iruditeria piztu egiten da. Piratak, esklaboak, paradisuko hondartzak, palmondoak eta jendearen berotasuna. Egiatik zenbat duen arakatzen, Cartagena hiriko harresiak XVII. mendean eraiki zirela ikasi dugu, besteak beste, pirata eta kortsarioei aurre egiteko. Nork daki, agian Joanes Zuhigaraitxipi kortsario lapurtarra hemendik ibili zen bertako agintariei lo lasaia galarazten.
Laino ilunak gerturatzen ari dira itsaso aldetik eta Karibeko klimatologian aditua ez banaiz ere, esango nuke zaparrada galanta datorrela une batetik bestera. Bete-betean asmatu dut. Hau da hau zerua erortzea. Santo Domingo elizan topatu dugu aterpea beste askok bezala, ohartu gabe, ezkontza bat ospatzear dagoela. Gonbidatuen artean nahasita, gu ere urduritzen hasi gara karroza batean iristear dauden ezkongaiak ea euri jasatik babestea lortu ote duten ala ez jakin nahian.
Atertu du, atera da jendea topatu duen txokotik, eta bi minutuko atsedenaren ostean beroa itzuli da, are itsaskorragoa, are astunagoa. Bolivar plazan, Askatzailearen eskulturapean, kale dantzariek euren ikuskizunari ekin diote. Erritmo lasaian hasi badira ere, pixkana-pixkana abiadura bizitzen joan dira, baita arropa eransten ere, eta konturatzerako Afrikako dantzetan murgildu gaituzte guztiz, aurrean ditugun pertsonen azal beltzaren arrazoia esklaboen ondorengoak direla gogoraraziz.
Esklaboak, piratak, jende atsegina… Ados, baina eta paradisuko hondartzak? Bertakoei galdetu eta zalantzarik gabe Barúko penintsulako Playa Blancara joatea gomendatu digute. Ordu-erdi inguruko txalupa ibilbidean aberatsen uharte pribatuak ikusi ditugu, hemen presidente ohi batena, hor futbolari batena, han narkotrafikatzaile batena, gure helburura iritsi garen arte: Barúko hondartza publiko bakarra. Hondartza polita da bai, baina paradisua deitzea gehiegizkoa deritzot. Imajinatu Bilboko aste nagusiko txosnaguneko jendetza, Senpereko aintziran sartuta Herri Urrats eguzkitsu batean. Bada horrela, baina jende gehiagorekin. Paradisuko hondartzen bila jarraitu beharko dugu, baina aurretik, bainutxo bat.