Gortina gorriak irekitzen dira eta eszenatokia argitzen da. Bertan, atrezzoa eta antzezleak batzen dira, antzezlanen erakusleiho bilakatuz. Bitartean, publikoa eserita dago, obrek eskaintzen duten aisialdiaz gozatzeko asmoz. Antzerkia hasi da, eta horrekin batera, Bilboko Pabilioi 6 Antzerki Laborategiaren 13. denboraldia.
Pabilioi 6 arte eszeniko, dantza eta antzerkiko sortzaileen sustatzailea da. Abuztuaren 25ean hasi zuten denboraldi berria, El viaje a ninguna parte antzezlanarekin. Ramon Barea aktorea izateaz gain, obra horren zuzendaria da. Hasiera batean, ez zekiten zein izango zen denboraldi berri horri ateak irekiko zizkion obra. Hala ere, Bareak azaldu du aukera horrekin guztiak poz-pozik zeudela, baita Bilboko Arriaga antzokiaren baiezkoa jaso baino lehen ere: “Talde guztiak egin nahi zuen obra bat da, oso ondo pasatzen dugu eta kritika zoragarriak jaso ditugu”.
Obra 2021ean estreinatu zuten, eta gutxi gorabehera ehun aldiz antzeztu dute, horietatik bi Bilboko Arriaga antzokian, besteak beste. Antzezlanaren bira amaituta zegoen, baina Pabilioi 6ri esker, irailaren 17a arte ikusteko aukera egongo da, Arriagak obrak berak bizitza hartzea nahiago zuelako, “biltegi” batean gordeta egotea baino. Hori dela eta, Arriagak pabilioiari eskaintzen dion laguntza eskertzen duela adierazi du, obrari ikusgarritasuna emateaz gain, entseguen kostu ekonomikoak babesteko erraztasunak ematen baitizkio.
El viaje a ninguna parte antzezlana Fernando Fernán Gómez idazlearen obran oinarrituta dago. Hasiera baten, irratiko eleberria zen, gero idatzizko eleberria eta pelikularako gidoia egin zuen Gómezek, baina ez zen antzezlanaren gidoia egitera iritsi. Hori dela eta, Pabilioi 6 izan da obrari bizitza emateaz arduratu dena.
Metaforaz josita
Obrak frankismoko garaira egiten du bidaia. Bertan, komiko ibiltariei omenaldia egiten zaie, herrietatik, tabernetatik, kasinoetatik eta beste hainbat lekutatik egiten zituzten ibilbideak kontatuz. Hala ere, obrak aktore ez direnak ere zirraratuko dituela azpimarratu du Bareak: “Nahiz eta publikoak antzerkiaren mundua ez ezagutu, hunkitu egingo dira. Hainbat gai eta jarrerari buruz hitz egiten da, baita edozein hiritarren bizitzeko moduari buruz ere”. Hau da, komiko ibiltariek bizitzaren aldeko borrokaren metafora gisa funtzionatzen dute.
Pabilioiaren denboraldi berriak ere beste hainbat antzezlanez gozatzeko aukera emango du, haien artean Un viaje a la Luna izango da aukeran. Helena de Llanos da obra horren sortzailea eta antzezlea. Azken hori Fernando Fernán Gomez eta Emma Cohen aktore eta idazleen iloba da, eta antzezlana bi horiei omenaldia egiteko baliatuko dute. Antzezlan dokumental horren izenak bikotea bizi zen etxeko izenari egiten dio erreferentzia. Bertan, estreinatu gabeko gidoiak, kartak eta bikotearen beste hainbat objektu pertsonal aurkitu zituen Llanosek, eta guzti horiek biltzeaz arduratu zen. “Kultura Ministerioak Helenak bildutakoa hartuko du, eta ahal den guztia zinemateka digitalean gordeko du, edonork ikusteko aukera eduki dezan”.
Ahots grabatuak, objektuak, senitartekoen grabaketak… Guzti horiek De Llanosen performancearen barne sartuko dira irailaren 23tik aurrera, ibilbide sentimental bat plazaratuz. Horrez gain, Cohenek eta Gomezek frankismoaren, trantsizioaren eta demokraziaren garaian bizi izan zituztenak kontatuko dituzte dokumentalean. “Asko gustatzen zaigun istorioa da, ohiz kanpokoa izango da”, esan du Bareak.
Giza eskubideak pil-pilean
Pabilioiarentzat garrantzitsua da antzezlanak entretenigarriak eta erakargarriak izatea, baina baita karga kritikoa edukitzea eta zentzudunak izatea ere. Horregatik, Paloma Palenciano aktorearen No sólo duelen los golpes antzezlana interesgarria iruditu zaio Bareari. Palencianok feminismoari lotutako gaiak jorratuko ditu, ironiaz betetako mezuen bidez. “Denbora generaman antzezlana pabilioira ekarri nahian, asko gustatu zaigu programazioan sartu izana”, erantsi du Bareak.
Giza eskubideen haritik jarraituz, Félipe Lozaren Machos en flor antzezlana aurkituko du publikoak Bilboko eszenatokian. Arriaga eta pabilioiaren arteko elkarlanetik jaio zen obra hori, eta azaroaren 10ean antzeztuko dute lehen aldiz. Obrak maskulinitatearen inguruko solasaldia eskainiko du: aldaketa sozialak eragiten dituen beldurrak, segurtasun ezak… Horrekin batera, maskulinitate berriaren inguruko begirada ironiko bat eskainiko du antzezlanak.
Publikoari dagokionez, geroz eta bazkide aktibo gehiago daude. Pandemia garaian, jarleku neurriak bete zituzten, eta nahiko mugatuak izan arren, sarrera guztiak saltzea lortu zuten. Hori dela eta, herritarren zati batek antzerkiaren munduarekiko interesa mantendu duela uste du Bareak: “Antzerkietara joateko aukera zegoenean, jendea ziztu bizian itzuli zen; askorentzat segurtasun eta jostaketa babeslekua da”. Hori kontuan hartuta, antzerkiaren etorkizuna “oso oparoa” izango dela uste du, eskoletatik ateratzen den jendeak maila “oso altua” baitauka.