Txuma Mugarrenek ez du bere publikoa estilo zehatz batera ohitu, eta bere ibilbidea esperimentatzen egin du. Soinu ezberdinak, erritmo ezberdinak… Eta oraingoan, berriz ere, berrikuntza batekin dator Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. Izar&Star proiektuan parte hartu zuen Nick Caveren Nocturama diskoaren zuzeneko eta euskarazko bertsioak eginez, eta, orain, disko formatuan ikusi du argia Gautegia deituriko proiektuak, zeinetan banda oso baten laguntza jaso duen.
Lehen aldiz, zuk idatzi ez dituzun abestiez osatutako diskoa kaleratu duzu. Zelan deskribatuko zenuke prozesu hori?
Hitz bakar batean deskribatuko nuke: Errazagoa. Abestiak eginda etorri zaizkit eta neure ikuspegia jartzea beste lanik ez dago. Letrak euskaratzean, ordea, lan gehixeago dago, izan ere abesti bat itzultzean, metrika, errima eta beste faktore batzuk hartu behar dira kontuan jatorrizko bertsiotik gehiegi aldendu gabe.
Zergatik aukeratu duzu Nick Caveren ‘Nocturama’ diskoa lan hau egiteko? Nick Cave artistaren zale amorratua al zara?
Nick Cave gustuko dut, bai, baina ez nuke esango zale amorratua naizenik. Nocturama lana bi arrazoirengatik aukeratu nuen. Batetik, bere diskorik lirikoena delako eta bere ibilbidean bitxikeritzat jo daitekeelako. Ezezaguna ere bada, beraz, erronka polita iruditzen zait publikoari erakustea eta, agian, lehenbiziko aldiz, euskaraz jasotzea. Bestetik, praktikotasuna bilatu dut. Kontu hau guztia Izar&Star zikloan parte hartzeko eskatu zigutenean sortu zen. Gustuko autore bat aukeratu behar genuen, eta gure modura prestatu pare bat kontzertu egiteko. Bi kontzertutarako banda guztia mugitzea, prestaketa lanak, entseguak… Lan handia zen, eta Nocturama aukeratu genuen baliabide gutxirekin modu duinean aurkeztu zitekeelako; alegia, nahikoa zen Rafa Acevesen pianoaren konpainia. Gero, diskoa grabatzeko, banda osoarekin egin dugu, noski.
Prozesuan, beraz, ez zara bakarrik egon…
Batetik, Rafa Aceves eta Miguel Ramirez izan ditut aldamenean. Urte dezente daramatzagu elkarrekin, eta proiektu askotan ibili izan gara. Erraza da beraiekin lan egitea konplizitate handia dagoelako. Disko honetan, ez da Natxo Beltran bateria jotzailea egon, eta Oriol Flores izan dut ondoan. Oriolek gogoa zeukan elkarrekin zerbait egiteko eta disko hau berezia zenez, aukera hori aprobetxatzea erabaki genuen. Eta, egia esan, esperientzia ezin hobea izan da. Oriol musikari bikaina da eta are pertsona hobea. Zorte handia daukat Rafa, Miguel, Natxo eta Oriol bezalako lagun kuadrilla edukita.
Zure ustez, zertan da berezia Nick Cave?
Nick Cave musikariak bi aurpegi dituela esango nuke. Batetik, Grinderman-en soinu lakarra eta jarrera arranditsua eta, bestetik, Nocturama-n jasotzen duen eta azken boladan asko lantzen duen alderdi lirikoa. Banaketa horretan datza, niretzat, Cave-ren berezitasuna.
Nick Caveren figura alde batera utzi gabe, baina zure karreran fokua jarriz, zer uste duzu eman diola horrelako lan batek zure ibilbideari?
Besteen musika zure egiteak lan horrekiko begirada sakona egitea eskatzen du, bai musikan zein letretan. Lan hori barrenetik ondo ezagutzera zaramatza horrek. Zer ateratzen da horrekin? Bada, bide berriak zeure produkzioan txerta-tzeko baliabide berriak.
Itzulpen lan asko egin dira literaturan, zineman, telesailetan… Baina zelan itzultzen da musikan? Zelan manten-tzen dira abesti baten erretorika edota errimak?
Lan handia eskatzen du. Bertsio bat sortu, gordina, eta horren gainean hitzak lantzen joan. Hasierako bertsioa esanahiari lotzen zaio ahalik eta estuen eta gero, hori mantenduta, fintzen da.
Caveren ibilbidea jarraitu duten haientzat, ‘Nocturama’ ez da diskorik gustukoena. Zehatzagoak izateko, “eskasa” dela aipatu izan da askotan.
Uste dut bere hasierako soinuaren zaleentzat disko hori zaputza izan zela eta askok jarraitzeari ere utzi ziotela Beste batzuk, ordea, ez dira disko honetara heldu hasierako Cave ez zitzaielako interesatzen. Beraz, disko hau inoren lurrean gelditzen den lana dela esango nuke. Niri diskoa gustatzen zait duen lirikotasuna eta naif ukituarengatik. Hitzetan ere, pintzelada gutxi batzuekin modu ederrean sortzen ditu istorioak.
‘Gautegia’ diskoa egun batean grabatu duzue. Gogorra izan da?
Gogorra izan denik ez nuke esango, lan ederra delako. Alderdirik zorro-tzena, agian, letraren metrika eta errima mantentzea izan dela esango nuke.
Disko honekin kontzertuak egiteko asmorik ba al duzu?
Bai, udazken partean egingo ditugu kontzertuak, behin uda pasatuta. Ez dira asko izango seguruenik; izan ere, neure disko berriarekin lanean ere egongo naiz.
Zer ekarriko du zure disko berri horrek?
Disko berria datorren udazkenean hasiko naiz muntatzen. Disko guztiak abentura berri bezala hartzen ditut, ez dakit nora eramango nauten. Abestiek agintzen dute beti, eta prozesuan hara edo hona eramango naute. Ez dut proiektu berrien norabidea zehazten, ezingo nuke.