“Eutanasiaren errautsetatik sortutako hagin bat” da Tooth, taldekideen hitzetan. Hamalau urte igaro dira taldea sortu zutenetik, eta lau disko eta hamaika kontzertu dituzte bizkarrean. Bi diskoarekin egonkortu zen egun osatzen duten taldea, Arza bateria jotzailea taldera gehitu zenean. Gernika-Lumoko Iparragirre Rock elkartea sostengu duen musika taldeak bere azken lana kalean du: Errautsetatik.
2009. urteaz geroztik zabiltzate zuen musika zabaltzen, agertokiz agertoki. Hainbeste urteren ondoren, ilusio eta indarrak geratzen al dira oraindik?
Gu beti izan gara zuzeneko talde bat, asko gustatzen zaigu zuzenekoak eskaintzea, eta pertsona berriak ezagutzea. Momentu batean, baina, etenalditxo bat izan genuen. Bi diskoa kaleratu genuenean kontzertu asko jotzen hasi ginen, eta hurrengo lana (Amaierarik ez) kontzertu biran geundela kaleratu genuen, gelditu gabe. Azken disko horrekin ere kontzertuak ematen jarraitu eta nekatuta bukatu genuen. Geldialdi bat egitea erabaki genuen, arnasa pixka bat hartzeko. Pandemia iritsi zen orduan, eta tarte hori abestiak sortzeko eta diskoa prestatzeko aprobetxatu genuen; kontzerturik eman gabe, lasai entseatzen lokalean… Etenaldiaren ostean, indarberrituta eta eraberrituta bueltatu gara. Berriz ibilbidea hasiko bagenu bezala izan da, baina atzetik daukagun esperientziarekin.
Zein da aurrera jarraitzeko arrazoi nagusia?
Arrazoi nagusia musika egitea gustatzen zaigula da; gure musika egitea, eta musika hori beste pertsona batzuei zabaltzea. Toothek, gainera, aukera ematen digu jende berria ezagutzeko, edo duela urte asko ezagututako pertsonekin berriz elkartzeko; eta hori ere asko gustatzen zaigu.
“Lan honek melodia gehiago ditu, erritmo biziagoak… Baina beti Toothen esentzia mantenduta. Gure ibilbidean inflexio puntu bat da disko berria”
‘Amaierarik ez’ diskoa izan da lan berria heldu orduko azken lana. Toothek ez du amaiera gertu ikusten, ezta?
Hala da. Diskoan bertan badago Amaierarik ez abestia, eta bertan azaltzen dugu gure asmoa zein den: taldeak aurrera egin dezan beti. Oraindik ez diogu honi amaierarik ikusten, eta ez dakit inoiz ikusiko badiogu ere; gure filosofia beti delako zuzenekoetan jotzea eta abestiak sortzen jarraitzea. Beharbada, 60 urte ditugunean honekin bukatu beharko dugu, edo ez, baina etorkizun laburrean, behintzat, ez dugu amaierarik ikusten.
Etenaldiaren ostean iritsi da zuen azken lana: ‘Errautsetatik’. Nola deskribatuko zenuke disko hori?
Bere osotasunean guk egin dugun disko bat da; letra guztiak guk sortu ditugu, konponketa guztiak egin ditugu, musika ere gurea da, eta grabatu ere, lagunen artean grabatu dugu; gure laguna den Azkue soinuak-ekin sartu ditugu ahotsak eta nahasketak ere berarekin egin ditugu. Orain arteko lanetan, beste pertsona batzuek parte hartu dute. Taldea zer den eta gure ideologia zein den azaleratu nahi izan dugu, eta azken urteetan zeintzuk izan diren gure bizipenak… Errautsetatik disko pertsonalagoa da, eta taldearentzat nahiko garrantzitsua. Gainera, Tooth entzun duen jendeak Tooth zer den ezagutzea nahi genuen. Horregatik, diskoko abesti guztietan taldeari buruz hitz egiten dugu.
Zergatik erabaki duzue oraingoan zuek egitea guztia?
Denbora izan dugu guztia guk geuk egiteko; orain arte, kontzertuak jotzen aritu izan garen bitartean kaleratu ditugu gure lanak. Orain, baina, disko landu bat atera nahi genuen, guk sortutakoa, eta horretarako, bete-betean sartu behar izan gara prozesuan.
Lan egiteko modu hori ezagututa, hurrengo lanerako ere bide bera jarraituko duzuela uste al duzue?
Disko hau puntu eta aparte bat da guretzat, taldeak musika beste era batera ulertzea eragin duena. Ez da etapa berri bat hasten dela, edo hori ere bada, gu ez baikara lehen ginenak; beno, bagara lehen ginenak, baina orain helduagoak gara, esperientzia gehiago daukagu. Tooth izaten jarraituko dugu, eta gure esentzia mantenduko dugu, baina ukitu ezberdinak sartuko ditugu.
Disko berrian nabariak dira ukitu ezberdin horiek.
Bai, ez dugu betiko musika iluna egin, musika zabalagoa da, melodia gehiago ditu, erritmo biziagoak ere sartu ditugu… Baina beti Toothen esentzia mantenduta. Ez dakigu hurrengo diskoa nolakoa izango den, baina esan daiteke gure ibilbidean inflexio-puntu bat dela disko berri hau. Publikoa, gainera, erantzun ona izaten ari da, eta askok esan digute asko gustatu zaiela azken lan hau.
Urteak igaro dira aurreko diskotik. Denbora tarte hori nabari al da diskoan?
Disko hau lau urtez landu dugu, eta lau urtetan gauza asko gertatzen dira, denbora horretan musika ezberdin asko entzuten da… Abesti batzuk etenaldiaren hurrengo urtean sortu genituen, besteak bigarren urtean, eta azken momentukoak ere egon dira… Diskoa entzuten duenak ez daki abesti bakoitza zein urtetakoa den, baina nabaritzen da kanta batetik beste baterako aldaketa, estilo ezberdinen nahasketa… Adibidez, Arri G eta Sua abestietan hardcore estiloa indartsuago nabaritzen da, eta, era berean, Sarean eta Zuloan abestiek, beharbada, musika zabalagoa biltzen dute, lau urteren barruan, beste garai batean egindakoak direlako.
“Beti defendatu izan dugu autogestioa, eta hala jarraitzen dugu, ez dugulako musika beste modu batera ulertzen”
‘Tano! Snakes’ abestian, barre algaretan adituak zaretela diozue. Baina, urte hauetan guztietan, oztopo edo zailtasunetarako tarterik ere egon al da?
Gu jotzen goazen tokietara, ez gara dirua irabazteko asmoarekin joaten, ondo pasatzeko helburuarekin baizik. Bestela ez genukeelako ulertuko, eta ez lukeelako zentzurik izango kontzertuak eskaintzeak. Barre egitea eta ondo pasatzea gustatzen zaigu, nahiz eta beti egon zailtasunetarako tokia, jakina; beti agertzen dira modu bateko edo besteko oztopoak: pertsonalak, lan arlokoak… Baina gauza horiek burutik kentzen laguntzen digu guri Toothek. Kontzertuetan guztia ematea gustatzen zaigu.
Zuentzako terapia ala publikoarentzako gozamena dira gehiago zuzenekoak? Ala bietatik pixka bat?
Batetik, guk geuk ondo pasatzeko egiten dugu musika, esperientzia ezberdin bat bizitzeko, pertsona ezberdinak ezagutzeko… Baina zuzenekoetan hustu egiten gara; publikoak ikusten duenez guk ere ondo pasatzen dugula, beraientzat ere errazagoa da ondo pasatzea. Guretzat garrantzitsua da publikoa gozatzen ikustea; guk dena ematen badugu, eta publikoa geldi badago, horrek ez digu inolako motibaziorik ematen.
Diskoan, “Guztia beste era batera egin daitekeela erakusten dutenei” eskerrak ematen dizkiezue. Zein da Toothek musika egiteko erabiltzen duen modua?
Iparragirre Rock Elkartetik gatozen musikariak gara, eta autogestioak gure bizitzetan pisu handia izan du, hori delako ikasi duguna. Hala, autokudeatzen diren tokietara joatea dugu gustuko, horrelako jendea ezagutzea, eta elkarren arteko sinergia bat sortzea. Normalean, autogestionatutako elkarteetara jotzen dugu, gaztetxeetara… Taldean ere hala funtzionatzen dugu guk: kontzertuak guk geuk lotzen ditugu, promozioa ere egiten dugu, gauzak eraman, diru kontuez arduratzen gara, furgoneta bat ere erosi genuen taldearen diruarekin eta hori ere mantendu egin behar da, diskoak autoeditatuta daude… Beti defendatu izan dugu autogestioa, eta hala jarraitzen dugu, ez dugulako musika beste modu batera ulertzen.
Hamalau urteko ibilbidea du Toothek jada. Pozik zaudete egindako bidearekin?
Bai, pozik gaude. Nahiz eta etenaldi txiki bat eduki dugun, lau disko kalean izanda, ikus daiteke hamalau urtetan ez garela geldirik egon, eta hori positibotzat jotzen dugu. Gainera, kontzertuak emateko daukagun erritmoarekin jarraitzen dugu, beraz, hori ere nahiko esanguratsua dela esango nuke. Disko bakoitza ezberdina da, eta horietan ikus daiteke taldearen bilakaera; polita da hori, leku bakarrean geldi egon beharrean, bilakaera bat edukitzea.
Lau disko dituzue kalean, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, kontuan hartuta horrek eskatzen duen lana.
Lana eskatzen du disko bat kaleratzeak eta prozesu luzea izaten da, baina oso prozesu polita da, eta indarra eta gogoa edonondik ateratzen da. Musikarioi asko gustatzen zaigun prozesu bat da, asko ikasteko aukera ematen du, gainera. Azken finean, buruan dituzun abestiak azaleratzea da. Behin lana kalean, izugarrizko plazera sentitzen duzu. Eta, gainera, gero disko hori defendatzea dator, eta guk oso gustuko dugu hori. Oraindik gerra ematen jarraituko dugu guk, uste baitut oraindik Tooth badagoela disko bat baino gehiago kaleratzeko moduan.
Elkarrizketa hau egin aurreko asteburuan hiru kontzertu eman zenituzten. Atseden hartuta al zaudete, eta hurrengoetarako prest?
Kontzertu batzuk lotuta ditugu jada, nahiz eta gu ez izan udan asko jotzekoak. Guk plazetan eta baino, areto txikiagoetan eta itxietan jo ohi izan dugu. Hala ere, bagabiltza kontzertuak lotzen, eta badabiltza guri deika han eta hemen jotzeko. Adibidez, ekainaren 29an Gernika-Lumoko Pasilekuan egongo gara, uztailaren 28an Foruko jaietan, eta irailaren 24an, Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan. Emanaldiena kudeatzen eta kontrolatzen gabiltza, nekatzea saihesteko. Ez dugu jotzen hasi nahi eta gero aurrekoan gertatu zitzaigun gauza bera gertatzea. Lasai hartzen gabiltza, momentuan nahi duguna eginez.