Idaztea eta besteen istorioak entzutea izan da Miriam Luki Albisuaren (Urretxu, 1973) eguneroko lana urte askoan. Kazetaritza mundutik dator idazlea eta testugintzan esperientzia duen pertsona da, hitzekin lan egitera ohitua dagoena. Bere ibilbidean, askotariko gaiak landu izan ditu, dioenez, kazetariak ez baitira normalean sail bakar batera mugatzen: “Unibertso guztia hartzen duzu, egun batzuetan zaude ekonomian, gero kulturan, politikan, gizartean... Eta horrek laguntzen dizu mikrokosmos bat ezagutzen”.

Aurkeztu berri duen proiektua orain dela hiru urte baino gehiago abiatu zuen, izan ere, osasun-larrialdiak eragindako itxialdia baino apur bat lehenago hasi zen ipuin bat idazten. Eusko Jaurlaritzak beka bat onartu zion orduan, eta horrek helburu eta data bat zehazten lagundu zion Lukiri. Idazteari ekin, eta 2023ko maiatzean heldu da Argialdiak, pertsonaien asaldurak jasotzen dituen literatur-lana.

Mugimendu une bat

Bederatzi ipuinek osatzen dute Argialdiak. Istorio laburrak dira, erraz irakurtzeko moduko piezak, baina badute sakonagoa den mezu bat. Izan ere, bata bestearekiko independenteak diren arren, ipuin guztiek dute zerbait komunean: perturbazio bat. Mugimendu horrek berak ematen dio izenburua liburuari: “Etimologikoki bakea edo ordena amaitzen den unea da perturbazioa. Une hori harrapatu nahi izan dut, pertsonok batzuetan sentitzen dugun ezinegona, azala atzekoz aurrera izango bagenu bezala, galtzerdi bat alderantziz. Argialdia, beloa kentzen lagunduko digun nahasmendu bat da, asaldura bat, une bat non mugituta gauden”.

Perturbazio hori islatu du Maite Gurrutxagak liburuaren azalean ere. Ispilu bat ageri da, finko, geldi, eta aurrean duen mahaia, aulkia eta lorontzia mugimenduan, asalduran. Lukik kontatu du, azala ilustrazio bat izatea bilatu duela, iradokitzen duena liburuan topatuko duguna.

Pertsonaia eta bizimodu arruntak

Ipuin hauetan zehar zerbait gertatuko da, ez daukana berez garrantzia handirik istorioaren garapenean, baina pizgarri bat izango dena argialdi horretara iristeko. “Oso modu sinplean” harrapatu nahi izan ditu egileak une horiek. Horretarako sortu dituen pertsonaiak oso lurtar eta arruntak direla kontatu du; andre bat okindegi batean, esaterako, “modu domestikoan”, irudipena baitu perturbazio horiek gure sukaldeetan gertatzen direla eta istorioak ez duela zertan “ohiz kanpokoa” izan. Hortaz, espazio txikietan kokatu ditu: “nik ere oso ongi ezagutzen ditudan espazioetan, hain zuzen”.

Liburuaren azala.

Liburuaren azala.

Pertsonaia bakoitzak dituen min, zalantza edo damuei dagokienez, orotarikoak dira. Batek iraganeko mina gogorarazten dion beste pertsona batekin egingo du topo, eta horrek bere orainaldia baldintzatuko du: “Mina pasatzen denean, ahaztu egiten zaigu modu batean, baina oroitzapen hutsak minak berak duen potentzia berbera izan dezake”. Beste ipuin batean aita hilzorian duten ahizpa bi azalduko dira, eta lagunen arteko une bat hurrengoan. Guztietan gertatuko da ordena hankaz gora ipiniko duen zerbait, bakea hautsiko duena: “Niri une jakin hori harrapatzea interesatzen zitzaidan, baina argialdiak ez dira derrepentean sortzen, iraganetik datoz. Errebelazio horietan ateratzen dena, askotan bagenekien lehenagotik ere, baina ez dugu gogora ekarri nahi izan, eta ez diogu izenik jarri nahi izan”. 

Gero eta ohikoagoa

Gaur egungo bizimoduan perturbazio asko dagoela uste du Lukik, osasun-larrialdia hasi zenetik hona, bereziki. Orokorrean, ezkutatzera ohituta gaudela dio. Hala, nola gauden galdetzen digutenean, berdin dio gure mundua erortzen ari den momentu horretan, gehienetan ondo gaudela esango dugu. Garai hauetan, bestalde, nahasmendu edo mugimendu honek maiz harrapatzen gaituela eta “sentipen orokor bat” dagoela uste du idazleak: “Pentsatzen dut egungo ezaugarri bat dela. Bake eta ordena kolokan dagoela iruditzen zait, engranaje batean gaudela eta ez dakigula oso ondo nor garen ere. Argialdiak aukera ematen digu beloa eror dadin”. 

Norberak bere irakurketa

Erritmo aldaketa ezarriko duen asaldura une hori, azaldu duenez, batzuetan oso argia izango da irakurlearentzat, beste batzuetan, ordea, ez. Izan ere, irakurle bakoitzak bere irakurketa propioa egitea izan idazle urretxuarraren nahi edo asmoetako bat, nork bere ondorioak atera ditzan. Hori dela eta, ipuin bakoitza pieza moduko bat da, eta amaierak ez dira erabat itxiak. Lukiri gehiago interesatzen zaio irakurleari aukera zabalik uztea: “Ipuinak segituko balu, nola segituko zenuke zuk?”.