Arte Ederretako ikasketak egin zituen Oier Iruretagoienak (Errenteria, 1988) baina unibertsitateko lizentziatura amaitu baino lehen eman zion hasiera bere artista ibilbideari. Nerabea zela hasi zen “oso modu aktiboan” lanak sortzen eta erakusten: “Beti izan dut musikarekiko, artearekiko edo horien inguruko beste diziplina batzuekiko interesa eta erakarpena, eta topatu izan ditudan testuinguruek markatu dute diziplina batean edo bestean gutxiago edo gehiago inplikatu izana”. Hala, ibilbide luzea du artistak. Hainbat arte erakusketa eskaintzeaz gain, soinua, testua eta musika esperimentala landu baititu.

Hamasei urte inguru zituela, “buru-belarri” sartu zen musika esperimentalean, horren gaineko komunitate eta testuinguru “oso bizia” topatu zuela azaldu baitu Iruretagoienak: “Azkoitiko Matadeixe, Donostiako Artelekuko Audiolab, Berako Ertz Jaialdia, Arto Artian plataforma, Bilboko Le Larraskito Kluba...”. Soinuaz gain, bideo puntualen bat ere egin izan du, baina “kalean egindako interbentzio batzuen dokumentazio bezala” ulertzen ditu. Testua ere landu du. Izan ere, Berria egunkarian hilean behin idazten du, Lauhazka sailean. Horrez gain, Usurbilgo Urdaiagako (2013) eta Lerro gurutzatuak (2014-2020) lanetan ere presente izan zuen diziplina hau, hormetan jarritako testuak erabili baitzituen antolaketa espazialekin jolasteko.

Eskultura lantzen hastearena, aldiz, unibertsitatean Arte Ederrak ikastearekin erabat lotuta dagoela azaldu du. Diziplina honetan sortutako azken lana da 2023ko udaberrian Bilboko Carreras Mugica galerian erakutsi duen Intzidentzia metatua.

Etengabeko prozesua

Azken arte erakusketa horretan, bi multzo bereizi daitezkeela azaldu du: egurrez eta paperezko pastaz egindako eskultura batzuk alde batetik, eta plastikoa beste material batzuekin konbinatuz sortutako lan txikiagoak bestetik. Lehenengoek Intzidentzia metatua dute izena, bigarrenak, aldiz, Arduragabe-Burutsu-Inozo-Gaizto seriekoak dira. Erakusketak ere Intzidentzia metatua izenburua hartu du. Azken urteetako osasun-larrialdia dela eta, gizartean asko erabili den terminoa da, eta jatorrizko erabileratik atera nahi izan du Iruretagoienak: “Modu ironikoan diot, intzidentzia metatua dagoela izenburu hori daramaten lanetan, prozesu oso luzea izan dutelako eta lanketa horretako arrastoak pilatu direlako”. Izan ere, prozesua “etengabeko egite, desegite eta berregitea” izan dela oso agerikoa dela adierazi du: “geruzak pixkanaka gehituz, gainazalean zegoena barruan ezkutatuz, mozketen bidez berriz gainazalera ateraz, zatiak kenduz eta gehituz... horrela behin eta berriz”. 

‘Intzidentzia metatua’ erakusketako eskultura bat. Ander Sagastiberri

Izan ere, prozesu horrek eman die lanei duten izaera, gainazaletik ikusi ahal baita zelakoa den egitura bera, eta emaitzan nabari egiten da prozesua luzea izan dela: “Ekintza eta istripu askoren metaketa bat dira erakutsitako lanak, horregatik daukate intzidentzia metatua”. Urtebeteko lana izan den honetan, ez dago bereziki Iruretagoienak transmititu nahiko lukeen zerbait, dioenez, “interesik gabea” bailitzake berarentzat horrela lan egitea. Azaldu duenaren arabera, lanean hasten denean ez du jakiten zehazki zer den egin nahi duena, eta bidean topatu ohi du emaitza. Hortaz, bere burua harritu eta emozionatu nahi izaten du lehenbizi. Dena den, noski, lanetan bereak diren gaiak, interesak eta kezkak sartu egiten ditu. 

Beti martxan

Aipatu duenez, bere biografian bereziki nabarmentzekoa da Bilboko Le Larraskito Klubean parte hartu izana. 2008an sortu zen musika esperimentalaren, underground eszenaren eta abangoardiaren gunea, eta sortzaileetako bat izan ez bazen ere, koordinatzaile lanetan aritu zen 2011tik 2020an itxi arte. Dioenez, kluba Bilboko testuinguruarentzat eta musika esperimentala edo arte plastikoen inguruko komunitatearentzat erreferentzia garrantzitsua izan da.

Nabarmentzekoa da Iruretagoienak hainbat sari irabazi dituela bere ibilbidean zehar: 2019an Colección Navacerrada Estampa saria, 2020an Premio Generación, esaterako. Horiek “dirua eta ikusgarritasuna” ekarri ohi dutela azaldu du berak. Izan ere, momentu honetan ikusgarritasuna eta bere lanarekiko interesa baduela esan du, baina ez dakiela aurrerantzean izango duen. Nerabea zenetik dabil gauzak egiten, musikan, eskulturan, idazketan... Hortaz, bere etorkizuna ere hala irudikatzen du errenteriarrak, nahiz eta dena ez dagoen bere esku, noski: “Nik badut beti martxan egongo naizenaren sentsazioa, baina ez dakit esaten zehazki zer den egingo dudana eta zer dedikazio eta bizitasunarekin, hori kanpoko faktoreen araberakoa ere izango baita neurri handi batean: momentuko bizi-egoera eta nire lanak sortzen duen interesa, besteak beste”, adierazi du.