Duela bost urte sortu zuten Sua taldea Ane Barrenetxea (ahotsa eta hitzak), Janire Lopez (baxua, teklatua eta koruak), Julen Gilbert Wright (gitarra) eta Esteban Gabiria (bateria) gazte bizkaitarrek, lehenengo biek aurretik elkarrekin zuten musika-proiektua amaitutzat eman ostean. Handik urtebetera Gaztea irratiak antolatutako 28. Maketa lehiaketa irabazi eta beren lehenengo lana argitaratu zuten: Ordu beltzak. Urte berean, kontzertua eskaini zuten Bilboko BBK Live jaialdian, beste batzuen artean. Hiru urteren ondoren, 2022ko Durangoko disko eta liburu azokan, beraien bigarren lan luzea aurkeztu dute: Gorde genituen beldurrak. Kolektiboak izan arren, sarri indibidualki sufritzen ditugun beldurrei aurre egiteko diskoa dela azaldu du laukoteak.
Munstroak gainditzeko
“Bere belaunaldiko beldurrei aurre egiteko” diskoa da argitaratu berri dutena, taldekideek azaldu dutenez, “munstro propioei aurre egiteko”. Barrenetxeak idatzi ditu galdera eta hausnarketaz jositako hamar abestien hitzak, euskaraz eta ingelesez. Dena den, aipatutako beldur eta munstro horiek ez dira bereak bakarrik. Izu indibidualak direla adierazi dute, baina baita kolektiboak ere.
Diskoko abesti bakoitzak beldur bati kantatzen diola esan daiteke, bakoitzak munstro baten gaineko istorioa kontatzen baitu. Askotarikoak dira, beraz, izu horiek. Hitzik gabe izenekoak, esaterako, galdetu egiten du ea nora joan behar dugun galduta gaudenean. Badago hormak apurtzeaz hitz egiten duen bat ere, “ez esan ezinezkoa da”, bikote ohiari “zer izan ginen?” galdetzen dion kantua, edota emakumeei “betaurreko moreak jantzi, nor zaren ez inoiz ahantzi” abesten diena.
Hortaz, hainbat kezka, zalantza eta beldurrez aritu da Sua lan osoan zehar. Eta borobiltzeko, horrela dio diskorako beren beregi sortu duten olerkiak: “Beldurra beti beldur, ateak itxita ere ikusten gaitu. Entzuteaz gain hitz egiten gaitu, ahuldu, samindu, iraindu, estutu. Buru gaineko hodei grisa desagertarazi, begiak ireki eta arnas egin. Iluntasunean ere, intuizioa dugulako gidari. Gidari eta gudari. Ni naiz, hemen eta orain, nire beldurren zaindari”. Agerikoa da, hortaz, letrek pisu handia dutela Sua taldeak egiten duen musikan, ez baitira oharkabean pasatzen diren horietakoak. Baina melodia eta soinuek ere badute zeresanik. Izan ere, urte hauetan bere estilo propioa garatu du Maruri-Jatabeko (Bizkaia) laukoteak.
Inprobisazioa oinarri
Kantu geldoak ere badituzten arren, energia handiko abestiak sortzen dituzte, “ilunak eta gogorrak”. Orain dela lau urte erakutsitako estiloari eutsi diotela esan daiteke: rock, indie eta punk-aren arteko nahasketa bat, ez bereziki alaia, baina zenbaitetan pop estiloko ukituak ere badituena, horra hor taldearen berezitasunetako bat. Dena den, oinarria mantendu bada ere, bigarren lan honetan soinuak landuagoak direla azaldu dute.
Hamar abesti eta olerki bat aurkituko ditu Sua taldearen disko berria eskuratzen duenak: Hitzik gabe, Ez dira gai, Kotxe beltza, Red flag, Hormak apurtzea, Zer izan ginen?, Geltokia, Herria, You don’t care eta Beldurrak. Iazko ekainean grabatu zuten Haritz Harreguyrekin (Higain Estudioa), eta Airaka Music diskoetxearen babesean. Masterizazioaz, aldiz, Víctor García arduratu da (Ultramarinos Costa Brava), eta diskoaren azala Garazi Arano diseinatzaile eta ilustratzaileak egin du.
Abestiak sortzerako orduan, jarraitzen duten prozesuak inprobisazioa du oinarri. Izan ere, lehenik eta behin base musikalak sortzen dituzte, baxu, gitarra eta bateria joleek, momentuan ateratzen zaienari ateratzen utziz. Ondoren, melodia sortzen dute eta, azkenik, oinarri eta melodia horrentzako hitzak idazten ditu Barrenetxeak, “musikak iradokitzen dionaren arabera”. Hainbat bideoklip ere grabatu dituzte dagoeneko. Ez dira gai izan zen argitaratu zuten lehenengoa, Kotxe beltza bigarrena, eta biek izan dute arrakasta plataforma digitaletan.
Oholtza gainera salto
Abenduan aurkeztu zuen taldeak bere bigarren diskoa, eta ordutik hainbat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian zehar: Ondarroa, Bilbo, Arrasate, Amurrio, Legorreta, Elorrio… Izan ere, sormen eta grabazio-prozesuak amaituta, egindako lana publikoari erakusteko eta zuzenekoak gozatzeko momentua dute orain. Dagoeneko konfirmatu dute datorren ekainean BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdian izango direla. Beraz, datozen hilabeteetan ere oholtza gainean ikusi ahal izango ditu zuzenean entzun nahi dituen orok.