Lagun batek eskatuta, erakusketa bateko itxiera ekitaldirako piezatxo bat prestatu zuten behin Amaiur Maciasek eta Raira Rosenkjarrek. “Goazen zerbait egitera” horietako batekin hasten diren proiektu bat. Gaur da eguna, ia bi urte beranduago, proiektuari bueltak ematen jarraitzen dutena. Bartzelonatik heldu berri dira azken hari-muturrak ongi josi ostean, enegarren egonaldi batetik. Harrobiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten diru-laguntzak eskuratu dituzte tarte honetan, besteak beste. Hilabete eta erdi baino ez da falta zerbait hori jendaurrean aurkezteko. Hain justu, apirilaren 29an taularatuko dute Bilbon aurreneko aldiz Nire irudia zure haragian, antzerkia eta dantza uztartzen dituen performance-emanaldia.

“Zer gertatzen da nire intimitatearekin espektakulu bat egiten badut?”. Hala dio piezaren teaser-ak. Beste ahots batek brasildarrez egiten du. Dantza, ukitzeak, arropa zuria, hondo zuria, igeltsu zuria, mikrofonoa zintzilik. Ahots bat ahapeka kantuan.

Lehen galdera horren erantzunean, hain justu, jarri zuten abiapuntua Kafunétarrek bere obrarako. “Bi emakume ikusiko dituzte eszenan, harreman bat eraikitzen, sorreratik”, azaldu du Maciasek. Ildo horretan erantsi du beren harremana, hain zuzen ere, proiektua garatu ahala sortu dela. Bi emakume horiek Macias bera eta Rosenkjar dira, eta haiek dira piezaren antzezle eta sortzaileak. Hala ere, beste gorputz batzuk ere izango dira oholtzan, Liben Svaart musikaria esaterako, zeina soinu-espazioaren arduraduna baita. Maciasek azaldu duenez, bera ere performer bihurtu da, beste modu batean bada ere. Marta Lorenzana eskultorearen lanak eta Aziza Sadki argiztapen-teknikariak ere badute beren espazioa ikuskizunean. Bostek osatzen dute diziplina arteko Kafuné Kolektiboa. 

Laztanetatik hasi

Buruan egiten diren laztanak dira Kafuné delakoak, Brasilgo portugesez, aktoreetako baten ama-hizkuntzan. Hala hasten da sortu duten istorioa: “Hasieran emakumeen arteko zaintza dago, eta maitasun asko ere bai”, azaldu dute. Pixkanaka, ordea, harremanean tentsioak gora egingo du, harik eta ñabardura eta potentzia ezberdinetara heltzeraino, botere-harremanera, alegia. “Intimitatearen inguruan esploratzeko gogoak elkartu gintuen”, esan du Rosenkjarrek, eta horrela gehitu du: “baina ez genuen elkar ezagutzen”. Intimitateaz hitz egiteko, beraz, intimitate harremana sortu behar izan dute artistek beraiek. Aitortu dute “oso zintzoa” dela taularatzen dutena, hau da, benetako harreman afektiboaren zantzuak dituela: keinuak eta laztanak, erotismoa, leuntasuna… Baina baita euren arteko “frikzioak” eta ezberdintasunak ere irudikatzen dituzte. “Mundu ikuskeraren kosmobisioarekiko ezberdintasunak, eguneroko ohituretan, erritmoetan, ama-hizkuntzan…”, zehaztu dute.

‘Nire irudia zure haragian’ piezaren teaser-ean ikusi daitekeen une bat. Kafuné Kolektiboa

Ezberdintasun horietako batzuk agerikoak dira. Baina artisten esanetan, agerikotasun hori “konplikatu” nahi izan zuten obra honetarako: “Gure ustez, homogeneoa edo berdina ez den hori bizitzeko era deseroso bat dago. Guk hor egon nahi dugu”. Are gehiago, performerrek kontatu dute nola sorkuntza prozesuan bertan ohartu zirela beren gorputzak berdintzeko joera bat zegoela: “Hori ere potentzia bat da, habitatzen ditugun potentzien metafora bat da”. Homogeneotasun horretatik aldentzea, beraz, aldarri politiko gisa ulertzen dutela azaldu dute. “Ezberdintasun argienaz harago, hau da, jatorriaz harago, gure oinarrizkoenean ere, gorputzean, ezberdintasunak daude”.

Eta nabarmendu dute, halaber, harreman-boterea dagoela horren guztiaren atzean. “Amaiurrek, hemengoa izate hutsagatik historia bat dauka. Nik, berriz, etengabe egon behar dut identitate bat eta historia bat sortzen”. Ondorioa argi dute, ordea: harreman guztietan dautza botere-harremanak.

Arbasoez

Gaiek segida emango diete beste gai batzuei ere, bata bestearen atzetik. Denak ere, mugimenduaz, dantzaz, soinuaz eta irudiz lagundurik. Irudiak, zuzenekoak batzuk, besteak proiekzioak. Mugimenduek bide emango diote, besteak beste, amatasunaren gaiari eta bikoteak ongi helduko dio, edo amatasunak haiek.

“Gure ustez, berdina edo homogeneoa ez den hori bizitzeko era deseroso bat dago. Guk hor egon nahi dugu”, diote sortzaileek.

Lehen emanaldi hartan, bi urte atzera, norberaren intimitatearen eraikuntza egin asmoz, ahozko transmisio bidez jasotako istorioak bildu zituzten: “nolabaiteko amatasunaren kartografiek bide horretara eraman gintuzten”. Errelato bakoitzarekin ikusi zuten errelato bakoitzak “indarkeria bat zuela beregain, zaintzaren ikuspuntutik”, azaldu du Maciasek. Bestera esanda, emakumetasunaren errol jakin batzuk, puta eta gordinkeria-zalea izatea, adibidez, ukatuak izan dira, edo horretatik babestu dituzte. Ondorioz, “herentzia matrilineala” egiten dela azaldu dute, ama-alabek belaunaldiz belaunaldi egindako transmisioa. Beren ustez, indarkeria mota hori oso konplexua da samurtasunetik egiten delako, eta mahaigaineratzea oso zaila izaten da. Rosenkjarrek, bere aldetik, azpimarra jarri du jatorri eta kultura ezberdinekoak izanik ere, biek ala biek konpartitu dituztela halako bizipenak. Hari horri eutsita, hala esan du: “Indarkeria patriarkala oso indartsua da, eta hain bortitza da gizonen partez datorren biolentzia, non emakumeen arteko harremanak ikusezin gera daitezkeela”.

‘Nire irudia zure haragian’ piezaren teaser-ean ikusi daitekeen une bat. Kafuné Kolektiboa

Nire irudia zure haragian performancearen izenak, gainera, pista emango die ikusleei lanaren nondik-norakoei buruz. Artistek barrezka azaldu dute erreferentzia. Hasieran igeltsuarekin lan egiten zuten, brasildarraren gorputzaren gainean. “Material horrek aukera ematen zigun gorputzean zehar maskarak sortzeko, aurpegiak egon ohi ez diren lekuetan”. Edertasunaren kanona eta bestelako gorpuzkera batzuen aldarria eta deformatutako gorputzen alde egiten zuten hartara. Bestetik, Rosenkjarrek azaldu du pertsona batekin harremana sortzean gertatu ohi den fenomenoa ere irudikatu nahi izan zutela: “Bestearengan gure irudia proiektatzen dugu, beste hark gure gauzak izan ditzan nahi izaten dugu”. Izenburuak irakurketa bikoitza zuen bestalde: bai erotismoarena, eta baita biolentziarena ere. “Bi potentzia horiek zeharkatzen ditu izenak”, ondorioztatu du Maciasek. Kontrara, silikonak hartu dio lekua orain igeltsuari, eta jada ez da piezan agertzen, bai ordea horren arrasto poetikoa edo. 

Lanaren ertzak

Prozesu orok ditu bere zailtasunak, frente irekiak eta, jakina, une goxoak ere bai. Kafuné Kolektibokoek onartu dute zaila izan dela, bereziki, alderdi profesionalizanteari dagokionez. Izan ere, adierazi dute burokraziak “oztopatu” duela prozesua zenbaitetan. “Artista izatea eta ahalik eta baldintza onenetan aritzea oso zaila da”. Hainbat adibide aipatu ditu Maciasek: kideei duinki ordaintzea, pieza espazio berrietara zabaltzea... Autodidaktatzat definitu dituzte beren buruak alor horretan, eta salatu inork ez duela lan hori nola egin behar den erakusten eta errazten. 

‘Nire irudia zure haragian’ piezaren teaser-ean ikusi daitekeen une bat. Kafuné Kolektiboa

Era berean, prozesu sortzaileari dagokionez, erantsi dute une ezberdinak bizi izan dituztela urteotan zehar. Garaionen, Baratza aretoan edota La Fundicionen izan dira egonaldi artistikoak egiten. Hasieran esperimentazioari eman zioten lehentasuna, azken asteetan, berriz, obraren hariak duen erritmoarekin ari dira, estreinaldiari zeharka begiratzen diotelarik. Gaineratu bide luzeko laguntzaileak ere izan dituztela, esperientziadunak, eta oso aberasgarria izan dela alderdi hori, kanpo begirada baten gisan funtzionatuz. Laura Penagos eta Koldo Arostegi aktoreak edo Janet Novas dantzari eta sortzailea dira izenetako batzuk, zeinak, performerren esanetan, erreferente garrantzitsuak baitira kolektiboarentzat. 

Zalantza ugari planteatu dituzte sortzerakoan, eta gauzak forma hartzen ari diren arren, zalantzarako gune batzuk ere utzi nahi dituzte “zabalik”. Rosenkjar hala mintzatu da gai horretan sakondu nahian: “Artea bizirik da, eta obrek publikoaren aurrean beste bizitasun bat hartzen dute”. Esan nahi baita, lehen emanaldirako data gerturatu ahala, piezaren osotasuna lortzea da helburua orain. Ez da, aitzitik, dena zurruna horrenbestean. Ikuskizunaren izaeragatik, esperimentazioarentzako tarterik gorde dutelako zuzenekoetan egiteko: “Guk antzerki performatiboa egiten dugu, eta beraz, garrantzitsua da orainaldiaren larrialdiarekin lan egitea”. Hau da, ezin da zurruntasun horrekin lanik egin era honetako lanetan. Publikoa entzutearen beharra aipatu dute, baita euren lanaren aldakortasunarekin koherenteak izan beharra ere. Hala bada, Nire irudia zure haragian etengabe aldatzen segituko dute estreinaldia eta gero.