“Orain arte lehenetsi ez nuen Gartxot hau da Ghau. 35 urteko nerabe bat, musika eta hitzak maite dituen bizitza-zale amorratua”. Hala deskribatzen du bere burua Gartxot Unsain donostiarrak (1987). Urteak joan ahala, gauzak sentitu eta hauei forma bat emateak duen garrantziaz jabetuta, abestiak oinarri, zuzenean sorkuntzaren diziplina ezberdinak uztartu nahi ditu. Estreinako “Nora(ez)eroso” lehen EPa eta izen bereko eleberria kaleratu zituen 2022an eta aurten abesti berriak kaleratzen jarraitzen du. 

Gartxot Unsainen kultur gomendioak

Abesti bat: Peru Galbeteren ‘Ura’. Bere izate, sorkuntza eta abesti denak izugarri maite ditut, baina honek badu zerbait, osotasun eta jario berezi bat, hasieratik amaierara heltzen zaituena. Abesti puska, sentimendu iturri agortezina. Biba zu, Peru!

Musika talde bat: Odei Barroso. 2zio taldeko bere ibilbidea apur bat ezagutzen nuen baina ‘Terapia’ bakarkako lehen diskoarekin bihurtu zait ezinbesteko. Hitzen maisu, garun sakon eta gauzak sentitzeko oso gertuko modu bat eskaintzen du Odeik nire ustez, eta bere diskoa maisulan bat da, gutxi hitz egiten da hitz bat ere soberan ez duen lan honen inguruan. 

Liburu bat: ‘Me llamo Ezequiel y así será para siempre’ (Martxel Mariskal). Irakurri dudan gauzarik potenteena, izan kontatzen duenagatik, izan Martxelen kontatzeko modu poetiko bezain gordinak eragin zidanagatik. Bizitzaren pisua sentitu nuen hau irakurrita, baita askapen izugarria ere, gertuko testuinguru eta hizkuntza batek izugarri urrun eraman ninduen. Geroztik, nire iritzi apalean, ez dut hoberik irakurri.  

Antzezlan bat: ATX Teatroaren ‘Kaskarot’. Tranpa da hau aukeratzea akaso, bertako partaide bainaiz. Baina ATX teatroak eta ‘Kaskarot’ obraren lantaldeak erakutsi dit gauzak bihotzetik egitearen balioa, kontestuak kontestu, sorkuntza lehenestearen auzia, zaintza eta euskalduntasunaren birdefinizioa. Gora ATX Teatroa eta gora ‘Kaskarot’. 

Telesail bat: ‘Parker Lewisek ez du sekula galtzen’. Euskal Telebistak bere garaian botatzen zuen telesail hau, eskola giron hiru lagu minen nondik norakoak azaltzen zituen umore tonuan. Bikoizketa lana izugarria zen, gaur egun ahaztuta dagoen euskara jator eta ez hain ofizialean gainera. Oroitzapen ederrak ditut. 

Kultur espazio bat: Kortxoenea (Donostia) eta Putzuzulo (Zarautz). Erautsi zituzten bi leku, espekulazioak oroitzapen soil bilakatu ditu, baina elkarlanak, autogestioak eta gizatasunak bat egiten duten lekuen zerrenda amaigabean bi mugarri garrantzitsu izan dira nire bizitzan. Kultura ez da soilik erakusleiho, mapa txiki eta duin asko ditu bere baitan, eta leku hauek gaur egun dugunaren eragile handi izan dira beti.