Ibilbide luzea du Antton Irustak literaturaren munduan. Dagoeneko 25 urte baino gehiago igaro dira bere lehenengo liburua argitaratu zuenetik, eta 40 inguru ipuingintzan hasi zenetik. Urte hauetan guztietan haur eta gazte literaturan aritu da, hainbat argitaletxeren babesean. Berrogeita hamargarren liburua aurkeztu berri du aurtengo azaroan: Koloretako ipuinak.

Ibaizabal argitaletxearekin kaleratu du Irustak bere azkenengo lana. Antzinako hamabost istorioz osatuta dago liburua eta, azaldu duenez, denek dute ezaugarri komun bat: "Eguneroko bizimoduarekin lotutako galdera bati erantzuna ematen diote". Izan ere, "ikerketa txiki" bat egin duela esan du idazleak, eta istorioak gertatzen diren garaiko arazoei irtenbidea ematen saiatu dela, ipuinek erantzunak emateko balio dutela pentsatzen baitu. Horregatik, azaldu du ipuin hauek mundua hobeto ulertzen eta ezagutzen lagunduko dutela irakurlea.

Bilduma hau osatzen duten ipuinak etimologikoak direla nabarmendu du Irustak, zenbait gauzen zergatia azaltzen baitute. Esan bezala, hamabost istorio biltzen ditu lanak, bost kontinentetako gaiak jorratzen dituztenak. Sei eta hamabi urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago, dioenez, aproposa izan baitaiteke irakurketa eta idazketa prozesuak lantzeko. Dena den, ipuinek adinik ez dutela adierazi du Irustak, eta edonorentzako izan daitezkeela egokiak.

Koloretako ipuinak izena jarri dio liburuari, ipuin bakoitzak bere kolore eta usain propioa duela uste baitu idazleak. Enrique Morente galdakoztarrak egin ditu marrazkiak, eta azpimarratzekoa da aurretik idatzitako liburuetan ere bera aritu dela ilustratzaile lanetan.

AHOZKO MUNDUTIK

Azken lan honetan bildutako istorioak irakurterrazak dira, baita kontatzeko eta entzuteko egokiak ere. Izan ere, idazlea izateaz gain, ipuin kontalaria ere bada usansoloarra. Ahozko mundutik dator Irusta, eta kolorea eta biziaz gain, ahotsa jartzen die bere ipuinei. Urte asko daramatza hango eta hemengo ipuinak kontatzen, bereziki gustuko baitu bera hunkitzen duten istorioak besteei kontatzea: "Ipuinek afektuaren dohaina eskaintzen digutela uste dut, horrela naiz zoriontsu, ipuinak kontatuz, norbera emozionatuz eta entzuleak barru-barrutik hunkituz". 

Hala ere, eskoletan gero eta istorio gutxiago kontatzen direla dio idazleak, eta "zer esanik ez" etxean. Hori dela eta, jendarteak ipuin gehiago behar dituela adierazi du: "Elkar ukitzeko egarriz gaude, itzuli beharko ginateke berriro horretara, ze apurka-apurka galdu egin dela uste dut". Badaki zertaz ari den gainera, dagoeneko hogeita bost urte baino gehiago baitaramatza ipuingintzan.

MENDE LAURDEN BAINO GEHIAGO

Hamazortzi urte besterik ez zituela hasi zen Irusta ipuinen munduan, eta 1996an kaleratu zuen bere lehenengo liburua: Kontalaria, Desclée de Brouwer argitaletxearen babesean. Ordutik, beste asko etorri dira, besteak beste: Katxin (1997, Zubia), Luki barrabasa (1998, Gero-Mensajero), Han-hemengo ipuinak (1999, Ibaizabal), Lau haizetara kontari (2000, Desclèe de Brouwer), Autu-mautuan (2001, Gero-Mensajero), Txistu eta danbolin (2002, Ibaizabal), Olentzero, Gabonetako ipuina (2002, Ibaizabal), Munduari itzulia 18 ipuinetan (2007, Elkar), Lamia eta Basajaun (2010, Desclèe de Brouwer), eta Herensugea (2014, Susaeta).

Etorkizunera begira, Irustak aipatu du baduela proiekturen bat esku artean: "pertsonaren jarreretan eragiteko eta horiek aldatzeko gai diren ipuinekin lotura duena". Azaldu duenez, ipuinek duten "balio etikoez" gain, garrantzitsua baita irakurleak ulertzea irakurtzera doan istorio horrek bere bizitzan aldaketak sortarazi ditzakeela.

LABURREAN

Antton Irusta Zamalloa (Bilbo, 1963), euskal irakasle, idazle eta ipuin kontalaria da. Eubako Pasionistetan ikasi ondoren, Derioko Seminarioan egin zituen irakasle-ikasketak, eta Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako goi mailako ikasketak. Gaur egun, Bilboko Urretxindorra Ikastolan dihardu euskara eta literatura irakasten.

Hainbat liburu idatzi ditu 1996tik gaur egunera, eta ipuin-kontalari gisa aritu da urteetan zehar. Horrez gain, haur, gazte, irakasle eta gurasoentzako ipuin-tailerrak eskaini ditu, eta Garatu irakasleentzako ikastaroetan irakasle izan da. Telebistan ere, Canal Bizkaian, 'Kontu kontari' saioa egin zuen. 

Madrilen, Bartzelonan eta Guadalajarako Ipuin Maratoian parte hartu du, eta 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzak berak idatzitako 'Ipuinen tailerra' liburua saritu zuen, kontsulta libururik onena izanik.