"Gure ilargiaren bila jarraitzen dugu/ zeru hautsi baten pusken artean./ Mendi urdinaren beste aldera goaz/ Itzulerarik gabeko bidaia zoragarri bat". Hala diote Bazka taldearen estreinako diskoa irekitzen duen abestiaren hitzek. Orain dela urte pare bat Estricalla taldea osatzen zutenak bidaia berri batean murgildu dira, beste proposamen batekin datoz oraingoan, eta geratzeko asmotan daudela iragarri dute.

Estricalla taldeko gitarrista zen Hodei Esteban zarauztarra, eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean Bazkan ere. Musikariak azaldu du bi proiektuen arteko garapena "oso modu naturalean" gertatu dela. 2019. urtearen amaiera aldera, garaiko bateria-joleak, Batik, taldea utzi zuen. Geldiune bat egin zuten hasieran, eta handik denbora batera bildu ziren etorkizunera begirakoak pentsatu eta prestatzeko. Bira osteko etenak eta labean zen disko berriak bultzada eman zien beste izen baten pean aurkezteko. Gainera, Estricalla taldearen hasiera-hasierako kiderik ez zen geratzen. "Bazka, Estricallaren ondorio bat izan da, azken finean", gehitu du Estebanek.

Sorkuntzaren zidorrak

Kide gehienak aurreko taldean ibilitakoak diren arren, berrikuntzarik ere bada plantillan. Orain arte bezala, Fer Apoa, ahotsean; Hodei Esteban, gitarran; Txomin Urriza, gitarran ere bai; eta Erik Berganza, baxu-jole arituko dira. Batik utzitako hutsunea, berriz, Galder Izagirrek, Dut eta Berri Txarrak taldeko kide ohiak, bete du baterietan. Estebanek esan du kantuak erdizka eginak zituztenean, Izagirreri proposamena egin ziotela eta honek onartu egin zuela pozez: "Begirada desberdin bat ekarri du", Estebanen arabera. Abestiak moldatzen joan dira, hasieratik emaitzara arte. Eskuartean zituzten zirriborroak entseiatu dituzte azken neguan zehar, eta Izagirreren eragina nabaritu da, taldekideen esanetan: "Edozein taldetan pertsona berri bat sartzen denean, bere eragina nabaritu egiten da modu batera edo bestera". Ildo horretan, gainera, uste dute beste jende batengana heltzeko bidea ere izan daitekeela.

Bestetik, grabaketak bi estudioren artean egin dituzte, lagun, zale eta adituz inguraturik. Bonberenean egin zuten musikaren grabaketa, Stop Controlekin, "etxetzat" baitute zigilua. Gerora, Bartzelonako Filferro Records estudioan izan ziren masterizazioa egiteko. Bertakoak lagun dituzte eta musika Bazkaren musika-estiloan lan egindakoak direlako. Funtsean, prozesuaz gozatzeko diskoa egin nahi zutela azpimarratu du, eta, bere ustez, bete egin dute helburu hori.

Bederatzi kantuz osatu dute 'Basoaren ilunean dantza' izeneko diskoa. Uztailean kaleratu zuten eta ezagutarazteko ardura dute orain. Oso harrera ona izan dute kontzerturik egin ez duten arren: "Oso pozik gaude, azkar zabaldu baita uda izateko". Orokorrean lanak argitaratzeko garai txarra izaten dela esan du, baina haien aurreikuspenak gainditu dituela jasotako feedback-ak. Beren kideek dituzten beste proiektuekin alderatuta, arreta gehiago piztu duela, behintzat. "Zorionez, ia erantzun ezinik gabiltza; kontzertu eskaintza ugari izan ditugu eta seinale ona da hori". Umore onez hartu dituzte, halaber, jasotako kritikak eta honela kontatu du: "Beti bezala, badira proiektu berri bat aurkezten duzunean, aurrekoa gehiago gustatzen zitzaiola esaten dutenak". Nolanahi ere, denbora eman behar zaiola uste du, eta jendaurrean defendatzeko asmoz daudela gehitu du, orduan ikusiko dutelakoan bai haiek publikoaren erantzuna, eta bai publikoak zuzenekoa.

Animalia-sena

Iruditegi oso argiaz datoz bazkatarrak, animaliak ageri baitira nonahi: kantuetan, irudietan, euren izenean bertan… Piztia, orein, bale eta saguzar artean, kezkaz begiratzen dieten gaiei kantu egiten diete. Gizartearen eta azken hamarkadetako ankerkeriak ditu hizpide Estebanek, Mediterraneoan gertatzen zena, orain kontinente zaharrean, "gure etxeko atarietan", bizi duguna esaterako. Zau-biak kantuak halaxe dio gaiaz: "Zubiak ireki behar dira/[…]/ Hesiak hiltzaileak. Hesiak hiltzeko"

Hain zuzen, hiltzearen ideia eta bere iluntasuna behin eta berriz errepikatzen da disko honetan, eta Estebanek dio izan daitekeela aipatu gai sozialek bere atzetik, kapitalismoaren eraginez, heriotza dakartela. Urkatuaren irudia ekarri dute 'Saguzaharra' kantuan, eta Gernikako bonbardaketari eskainita den heinean, Beletxuria-k, ezinbestean, heriotza aipatu behar zuela uste du musikariak. Barre artean esan du, zahartzen ari direla, eta agian, gero eta gertuago ikusiagatik ere izan daitekeela.

Poesia-zale gisa aitortu du zarauztarrak bai bere burua, eta baita beste musikariena ere. Hari horri eutsita, Fer Apoak idazteko duen gaitasuna goraipatu du: "El Corazón del Sapon aritzen zenetik erakutsi du Ferrek bere abilezia". Kutsu erromantikoa edota poetikoa duten kantuak dira, esaterako, Bhiena eta Arima Bako abestiak. Gainera, euren zaletasunaren erakusle dira sartu dituzten bi erreferentzia literario: Antonio Porchi argentinarra, aipaturiko Arima Bako-n, eta beren lagun Ivan Hernándezen hitzak euskaratuta, Balea eta izotza-n.  

Gai horiek guztiak amorruz bizi dituzte, eta aurre egiteko, borrokarako deia egiten dute abestietan. Basakeria, krudelkeriaren aurrean. Letra zuzen eta argiekin, nahiz poesiarekin jolasean.

Argazkian, musikariak Bonberenean egindako grabaketan. Hodei Esteban

Estiloaren uretan igeri

Abestien izenburuetan data bana ageri da, batzuetan bat baino gehiago. Hitzak idazten hasi zireneko hasiera eta bukaera egunak adierazten dituztela esan du. Gehienak iazko urtearen amaiera eta aurtengoaren hasiera artekoak dira, baina bada berezia den bat, etorkizunekoa: datorren abenduaren 27a. Egun horretarako, "zerbait" prestatuko dutela berri eman dute.

Kantuok basoak gordetzen duen iluntasun horretan kokatu dituzte, doinu "zaratatsu baina melodikoz" babesturik. "Oinarria oso bortitza da, eta gordintasun horren gainean melodiak sartu ditugu". Estricalla taldea Torrelavegan (Kantabria) sortu zen, eta hasieran, bertakoak ziren kide gehienak. Hori dela eta esan ohi dute lehen Besaya ibaiaren uretatik edaten zuela taldeak, erreferentziez hitz egitean. Ordea, Esteban batu zitzaienean, aldatu egin zuten esamoldea, eta taldea Urola-Kostako urek bustitzen zutela esatera pasa ziren, Anestesiaren azkartasuna bere egiten hasi baitziren. "Mono irundarra elkartu zenean, disonantziak sartu genituen, Lisabo, Dut edo Irati taldeen gisakoen eraginez", azaldu du gitarra-joleak, eta hari horri eutsita esan du ordutik, baita disko honetan ere, Bidasoatik edaten dutela. Hala bada, emaitzak biltzen ditu, besteak beste, 1990eko hamarkadako rock, grunge eta noise eszenako soinuak, baina haien ukitu pertsonalez bustirik. Aurreko proiektuarekin alderatuta, abiadura nabarmendu du: "Estricallan kantuek erritmo azkarrago zuten".

Kasualitatearen patua

Hitzak zuen fonetikagatik hautatu zuten Bazka izena talde berrirako. Gauzak zer diren, bi adiera ditu hitzak, nahi gabe, talde berriaren sena laburbiltzen dutenak. Animalien janariari esaten zaio bazka, eta izena erabaki zutenean, sortua zuten kantutegiarekin ezin hobeto egiten zuen bat. Bestetik, irauten duena ere bada Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera. Eta zentzu batean, iraun egiten du taldearen arimak. Are gehiago, hala aldarrikatu du gitarra-joleak: "Izen berria dugun arren, eta proposamena zerbait aldatu bada ere, gorputzez, gu izaten jarraitzen dugu".

Zaindu egin dute, beste behin ere, animaliaren irudia lan honen azalean. Izan ere, Paul de Vos margolariaren pinturetako bat hautatu dute: Txakur-talde bat oreinari eraso egiten. Kasualitatea beste behin ere, Oreinak izeneko kantua baitute. Garai hartako koadro bat nahi zuten, ohikoak zirelako animaliak erretratuan agertzea. Koloreak ere atsegin zituzten eta egindako aukeraketarekin pozik daude, itxuraz ez ezik, diskoaren arima ongi islatzen duelakoan.

Diskoa salgai dute euren bazka.bandcamp.com atarian. Estebanek aitortu du ez diela denborarik eman dendetara heltzeko, baina musikaren munduan egun dagoen egoera ikusita, planteatzen dabiltza Interneten bidez eta kontzertuetan baino ez saltzen. Era berean, LP biniloa aurre-salmentan dute, eta azaroan bidaltzeko moduan egotea espero dute. 

Urrian hasiko dira lehen kontzertuak ematen. Momentuz zortzi data dituzte hitzartuta abendura bitarte, haientzat "kuttunak edo bereziak diren herri eta aretoetan" Galder Izagirrek diskoan lagundu die, eta hasierako emanaldiotan bidaide izango dute. "Hasiera edo itzulera ospatzeko balioko du". Kontrara, azaldu dute Izagirre ez dela behin betiko taldekide gisa geratuko, momentuko kolaborazio antzeko bat baizik ez duela egingo. Gainerako kideek, asmoa agertu dute proiektuarekin jarraitzeko, eta ahal den heinean irauteko, alegia.