Gazteei zuzendutako eleberria da 'Katuak jandakoa', eta mezu eta metafora sakonak daude atzean, gogoetarako aukera zabalduz. Istorioa, aldi berean, abenturaz eta fantasiaz beteta dago. Ahots gabekoei ahotsa ematea aldarrikatzen du Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) eleberri honetan. Gazte den belaunaldiak aski zaila dauka bere iritzia gizartean plazaratzeko eta honi heldu dio idazle bilbotarrak, kritika moduan, baina oso modu arin eta eramangarrian.

Liburuko protagonistak neba-arreba bikiak dira eta oso izaera ezberdina daukate. Iraultzari eskolak ez dio interes handirik pizten eta ez da oso ikasle fina. Hala ere, bizitzak eta eskolatik kanpo aurkitzen duenak jakinmin handia eragiten dio. Zigor, bere arreba ez bezala, oso ikasle ona da, eta nota bikainak ateratzen ditu. Hala ere, arrebari bururatzen zaizkion galderen inguruan hausnartzerakoan, konturatzen da helduen munduan badaudela hainbat arrakala eta hainbat arteka.

Gazteei ikastolan gizarteko arazo baten gaineko lan bat eskatu diete, Gabonetako oporretan egiteko. Neba-arrebak konturatzen dira, euren herrian, Ondarraten, mihirik gabe jaiotako bi haur daudela eta horrek jakinmina piztuko die. Horren inguruan ikertu eta konturatzen dira Bilbon badagoela mihirik gabe jaiotako haurren elkarte bat eta bertara joango dira San Tomas egunean haien lanarentzako datuak biltzera. Bertan emakume bat desagertzen da eta orduan hasiko da haien abentura.

Ahotsik gabekoak

Michael Ende idazlearen 'Momo' liburu famatuan inspiratu zen Luzarraga liburua idazterako orduan: "Hor klabe fantastiko batzuk erabiltzen dira helduen munduan gertatzen diren gauza batzuk ezbaian jartzeko", adierazi du Luzarragak. Bere liburuaren kasuan, mihirik gabe jaiotzen diren haurren arazoa duela zenbait hamarkada gertatzen hasi zen mundu osoan zehar eta apurka-apurka gero eta haur gehiago jaiotzen doaz mingainik gabe. "Haurrek, hitz egiteko ezintasunaz gain, ez daukate euren erabakiak hartzeko gaitasunik eta oso ondo betetzen dituzte besteek eskatzen dizkieten gauzak, esanekoak dira baina ez daukate euren iritzirik adierazteko gaitasunik", gehitu du idazleak. Hori guztia errealitatera ekarrita, idazleak uste du gaur egungo haur eta gazteek haien iritziak plazaratzeko gaitasunik ez dutela. Ez zaiela aukerarik ematen haien pentsamenduak edo kezkak adierazteko. "Komunikabideetan ikusten dugu zenbatetan hitz egiten dugun gazteen izenean eta eurei benetan ez diegun hitza ematen. Gainera, kasu askotan, nerabeek badakite euren diskurtsoa helduek espero dutenera moldatzen eta gehienetan ez dauka zerikusirik benetan pentsatzen dutenarekin". Bere aburuz, gazteak obeditzeko eta espero den portaera batera moldatzeko hezten dira.

Adin guztietan bultzatu behar da norbanakoak kritikoak izatea eta ez onartzea gauzak jasotzen diren bezala. Gauzei bigarren buelta bat, bigarren ikuspuntu bat ematea ezinbestekoa da. Hori guztia gazte eta nerabeen artean oraindik ere garrantzitsuagoa da, haien izaera garatzen ari direlako adin tarte horretan. "Esperientziak erakutsi dit, bai 'Uzta garaian' bai 'Katuak jandakoa' liburuekin jaso ditudan iritziengatik, gazteak identifikatzen direla eta gainera eskertzen dituztela horrelako istorioak eta horrelako ikuspuntuak ematea". Horrez gain, nabarmendu du gazteak subjektu aktibo bezala tratatu behar direla, alegia, gizartean parte hartu behar dutela eta euren ahotsa entzun behar dugula. 

Ibilbide luzea

Esperientzia handia dauka Asel Luzarragak idazle bezala. 2003an publikatu zuen lehenengo eleberria, 'Hamaika ispilu ganbil' eta dagoeneko hamahiru liburu dauzka argitaratuta. Orokorrean, helduentzat idazteko ohitura dauka, baina gazteentzat zuzendutako hiru liburu publikatu ditu. Hala ere, bereizketa hori egitea ez zaio asko gustatzen: "Egia da helduentzako idatzitako liburu asko ere gazteen oso gustukoak direla. Niri ere ez zait gehiegi gustatzen adinetan mugak jartzea, are gehiago, nire literatura guztia badoa osatzen unibertso propio bat, nobela guztiak kokatzen dira unibertso literario berean eta helduentzat eta gazteentzat idatzitako liburuek elkar ukitzen dute".

Hasieratik idazleak argi zeukan trilogia bat idatzi nahi zuela eta bi liburuek itxiera bat izango dute hirugarren liburu batekin. Luzarragak ale bakoitzean gizartearen oinarrietako batzuk jarri nahi izan ditu ezbaian ikuspuntu kritiko batetik. Lehenengoaren kasuan, jabetza pribatua eta laneskua izan ziren gaiak eta bigarren honetan sistema politikoa eta zientzia landu ditu. "Hirugarrenean, Latinoamerikara salto egingo dut eta maputxeen mundua, kolonialismoa eta ingurumenaren suntsiketa azalduko da".