'Gernika 85' lana aurkezteko igoko da Aitor Etxebarria ekainaren 30ean Bilboko Euskalduna Jauregiko eszenatokira. Pianoan eta instrumentu elektronikoekin arituko da gernikarra, eta aldamenean izango ditu berarekin batera, Bilboko Orkestra SinfonikoaGernika-Lumoko Gaudeamus korala eta Evelyn Glennie perkusionista ospetsua. Duela 85 urte bere sorterrian gertatukoa ekarriko du gogora estetika minimalista izango duen lan berriak.

Egun gutxi barru estreinatuko duzue 'Gernika 85' obra sinfoniko eta korala. Nondik sortu da lan berria?

Gernikako bonbardaketari lotutako pieza batzuk egiten hasi nintzen, bai dokumental baterako eta baita pieza artistiko batzuetarako ere. Gerora, Markak dokumentalaren soinu bandak bat-batean nazioarteko inpaktua hartu zuen, eta New Yorken, Berlinen eta Madrilen jotzen hasi ginen, besteak beste. Momentu horretan obra propioa sortzeko ideia bururatu zitzaidan. Orduantxe egin nahi nuen, 90. urteurrenera edo 100. urteurrenera itxaron gabe. Egia esan, bide naturala hartu duen proiektua izan da.

Eta zer da ekarriko duena?

Aitor Etxebarriaren estetika artistiko oso berezi bat da. Urteak daramatzat elektronika eta klasiko munduan lanean, eta soinu-diseinuak lantzen eta ikasten, eta uste dut sorkuntza momentu polita dela egun bizi dudana. Munduan barrena nire musika zabaltzen aritu izan naiz, eta hori ere ez nuen galdu nahi. Buruan nuena garatzeko momentu egokia zela iruditzen zitzaidan. Bestalde, badakit 10 urte beranduago jakintza zabalagoa izango dudala, eta azkarragoa izango naizela, baina horrelako lan bat jorratzeko momentu egokia zen, alde artistikoari dagokionez.

Ekainaren 30ean aurkeztuko duzue zure lan berria Euskalduna Jauregian. Zertaz gozatuko du bertaratzen denak?

Nik uste dut obra oso batez gozatu ahalko duela. Obra sinfoniko koral bat da. Bilboko Orkestra Sinfoniko osoa egongo da bertan, Gernika-Lumoko Gaudeamus korala eta baita Evelyn Glennie perkusio-jotzailea ere, bakarlari moduan. Pertsona oso berezia da Evelyn: bi Grammy jaso ditu eta munduko sinfoniko guztiekin kolaboratu izan du. Zuzenean ikusteko eta gozatzeko zoragarria da. Horiez guztiez gain, ni ere eszenatoki gainean izango naiz, pianoan eta instrumentu elektronikoekin. Beraz, lan nahiko borobila dela uste dut. Jende asko elkartu gara, baina, aldi berean, ukitu minimalista izango duen ikuskizuna izango da. Paisaia isilak ere egongo dira, minimalistak. Eta alde hori lantzea interesgarria egiten zait; alegia, jende askorekin isiltasun handiko parteak lantzea.

Isiltasuna aipatu duzula… Gaudeamus korala egongo da, baina letrarik gabeko abestiak dira kantatuko dituztenak.

Hala da, bai. Sortze prozesuan, abesbatza eredu klasikotik aldentzea zen ideia; melodia klasiko edo marraztutakoetatik eta letretatik ihes egin, horren ordez, onomatopeiak erabiliz. Hain justu, errepikatutako onomatopeiak izango dira erabiliko dituztenak. Horrek estetika asko emango dio obrari, nahiz eta koristentzat sarritan zailagoa izan letrarik gabe abestea. Ia-ia korua perkusio bezala erabiltzea izango da.

Ikus-entzunezkoak ere hartuko du espazioa Euskaldunako ikuskizunean.

Gogora institutuak Gernikako bonbardaketaren inguruan grabatuak izan diren azken testigantzak utzi dizkigu. Bakearen Museorako grabatu ziren, eta nik bideo horiei musika jartzeko zortea izan nuen. Beraiekin berriro ere hitz eginda, laguntza jaso dugu beraien aldetik. Testuingurua jarriko lukeen ohiko bideotik ihes eginez, asmoa zen hitz horiek partituretan agertzea. Eta uste dut hori garrantzitsua izango dela betiereko transmisiorako. Imajinatu obra hau jotzea interesatzen zaiola New Yorkeko filarmonikari bost urte barru. Hitz eta bideo horiek partituran jasota egongo dira, beraz, horrek denboran gehiago irautea ahalbidetuko du. Hala, memoria historikoa ez galtzeko modu artistiko polit bat egitea lortuko dugu. Hori izan da, hein batean, nire obsesioa; alde hori lantzea.

"Urteak daramatzat elektronika eta klasiko munduan lanean, eta soinu-diseinuak lantzen eta ikasten. Uste dut sorkuntza momentu polita bizitzen ari naizela"

Obra hau bada memoria historikoari keinu bat egitea, duela 85 urte Gernikan gertatutakoa gogora ekarriz.

Alde artistikotik modu objektiboan egindako lan bat da nirea. Artea bera kanal eta erraminta oso objektiboa iruditzen zait: ez dauka politikarik, ez dauka ideologiarik, eta gertatutakoa modu objektiboan kontatzen du; edonoiz, edonola eta edonori, gainera. Niri ilusioa egiten dit horrelako zerbait sortzeak, eta gure arbasoek bizi izan zutena mundura zabaltzeko aukera izango banu, askoz hobeto.

Gernikarra izateak izango zuen eraginik lanaren sorkuntzan, ezta?

Hala da bai. Gainera, modu naturalean sortu den zerbait izan da. Egia da errespetu pixka bat ere ematen didala. Pisua kentzen saiatzen naiz, alde artistiko batetik begiratuz. Hala ere, izaera orokorragoa hartzen hasi da, eta nazioarteko prentsa ere interesa erakusten hasi da. Nire lanek izaten dute nolabaiteko oihartzuna hemen zein atzerrian, baina lan hau zabalkunde handia hartzen ari da. Madrilen egon naiz, esaterako, bertako prentsarekin zuzeneko elkarrizketak egiten. Ni pozik nago hartu duen oihartzunarekin, betiere, modu artistikotik begiratzen bazaio nire lanari. Horrek jendearengana heltzea eta memoria historikoa bizirik mantentzea egiten badu, ongietorria izan dadila. Mundu osoan izan naiz nire musika zabaltzen, eta han eta hemen ditut zaleak, eta jendeak lan honi buruz galde egin dit. Ilusioa ere egiten du ikusteak jendeak baduela Gernikari buruzko jakinmina; sarri askotan uste baitugu jendeak jakin badakiela Gernikan gertatutakoaz, baina denetarik dago.

Modu artistikotik landu arren, oinarrian garrantzia handiko gertakari historiko bat dago. Erantzukizuna sentitzen al duzu?

Horregatik ematen dit errespetu handia. Guztia kontrolpean eduki nahi dut, eta ahalik eta modu errespetagarrienean egin dena. Testigantzak ere errespetu handiz tratatu nahi ditut, familia-eta kontuan hartuta.

Orain arte ere lan asko egindakoa zara zu, eta batean zein bestean ezaguna. Baina bada azken lan hau besteengandik desberdintzen duenik…

Zine eta Netflix plataformarako laukote batekin edo talde txiki batekin egin izan ditut lanak: zortzi kordelekin, esaterako, edo haizezko instrumentu batzuekin edota koru batekin... Baina horrelako tamainako lanik inoiz egin gabe nengoen: orkestra oso bat, abesbatza bat, ni taula gainean eta baita Evelyn Glennie ere… Jende askok lagundu nau orkestra-lanetan, partituretan… Eta, egia da, laguntza egokirik gabe hau aurrera ateratzea ezinezkoa litzatekela niretzat. Hortaz, oso eskertuta nago jaso dudan laguntzagatik eta jendeak nigan konfiantza jarri duelako. Bidea eginda dago jada, eta oso ondo joan da; nik uste dut aurrerantzean ere hala izango dela.

Askok 'El_Txef_A' bezala ezagutzen zaituzte; azkenaldian, baina, Aitor Etxebarria bezala zabiltza jo eta su.

El_Txef_A izen artistikoa gaztea nintzela sortu nuen, eta, ordutik, zorte handia izan dut, gustuko lanean jarduteko aukera izanbaitut. Lehen zinema lanerako, baina, izenez aldatzea erabaki nuen. Aitzakia perfektua zen horretarako, eta Aitor Etxebarria bezala hasi nuen bidea. Oraindik, hala ere, egiten ditut gauza solte batzuk El_Txef_A deiturarekin, noizean behin. Laster, adibidez, New Yorken izango naiz El_Txef_A deiturapean. Momentu hauetan, baina, orkestra, zinema eta telesail lanetan daukat burua.

Nola sortu zen Evelyn Glennie-rekin lan egiteko aukera?

Londonen izan nuen Evelynekin batera lan egiteko aukera, pelikula batean. Soinu banda sortzen aritu ginen, estudio batean denbora tartetxo batez, biok elkarrekin. Asko miresten dudan pertsona da Evelyn, izar bat da niretzat. Lan horretatik sortu zen gure arteko harremana. Pertsona berezia da, musikari ikaragarria, eta obra honetarako pertsona egokia zela uste nuen, beraz, gonbitea egin nion. Jarraian bere baiezkoa jaso nuen, eta asko kostata, data bat zehaztu genuen, obraren aurkezpenerako. Oso pozik nago Evelyn gure artean edukitzeaz, ikaragarria baita.

Gertu dago ekainaren 30a, aurkezpen eguna. Egun hori pasata, zein bide hartuko du obra sinfonikoak?

Gainontzeko obra sinfonikoek bezala, munduko edozein orkestrak sinfonia hori jotzeko aukera edukiko du. Niri ilusioa egingo lidake gustuko ditudan hirietan obra hau jotzeko aukera izateak: New Yorken, Berlinen eta Madrilen, esaterako. Ez dugu aterik itxiko, eta ahaleginduko gara hala izan dadin. Dena den, ikusi egin beharko dira planteamendu ezberdinak. Gaur gaurkoz, ni neu beste proiektu bitan bete-betean sartuta nago.

Zure lehen obra sinfonikoaz aparte, zer duzu esku artean?

Netflix plataformako 'Intimidad' telesailerako lan oso polita amaitu berri dugu. Oso proiektu berezia izan da, eta urtebete inguruz soinu bandan lanean aritu naiz, oso pozik. Bi emakumek sortutako lana da, eta protagonistak ere emakumeak dira. Oso berezia eta interesgarria den proiektua da. Zinemarako, berriz, beste bi proiektu interesgarri ere baditut, nahiz eta oraindik zehaztasunik ematerik ez dudan. Gaur gaurkoz horiek dira esku artean ditudanak, baina beti sortzen dira era bateko zein besteko lantxoak ere.