2014. urtean sortu zenetik, Barsanti teatroa konpainia bizkaitarraren helburua antzerkiaren bitartez gai sozialak lantzea izan da, beti ere umorea erabiliz. "Tragikomediak dira gure egiteko moduak", adierazi du Aritza Rodriguez konpainiako kideak. 'Akabo' beraien hirugarren antzezlana estreinatu berri dute, eta kasu honetan, suizidioaren gaia azaleratu nahi izan dute Aritza Rodriguez, Paco Revueltas eta Juanjo Otero konpainiako kide eta aktoreek. "Gaia tabua izan da eta izaten jarraitzen du oraindik ere, baina kasuen gorakadak gaia mahai gainean jarri du", azaldu du Rodriguez-ek. Hala, antzezlana sortzerako orduan, dokumentatu asmoz, gaiaren inguruan aditu direnekin bildu ziren. Beraiek adierazi zieten joera aldatu dela eta gero eta beharrezkoago ikusten dutela gaiaren inguruan hitz egitea.

Magia ikuskizun bat egiteko oholtza bat irudikatzen duen toldo handi batez estalitako furgoneta eta garabi bat dira eszenografiako elementu garrantzitsuenak. Pertsonaiak, aldiz, hainbat dira: errealizadore bat, garabiaren lanean ari den pertsona bat eta honen pentsamendu suizida, nolabait bere burua boikotatzen duena, besteak beste. Udaltzain bat ere ageri da eszenan, atestatua egiten duena.

Pertsonaia suizidak du indar handiena obran zehar. Rodriguez-ek azaldu duenez pertsonaia honek aukera ematen die plano errealistatik irteteko. "Obra oso errealista hasten da baina halako batean, asko teatralizatzen da pertsonaia suizidarekin". Gaiari pertsonaia horrekin heltzea erabaki zutenean, dramaturgia biribilago bat sortzeko aukera ikusi zuten. Azken finean, obraren mamia arazo sozial horren biktima edonor izan daitekeela azpimarratzea zen. "Pertsonaia hau sartu dugu, adituekin hitz eginez sarritan esan digutelako edonor izan daitekeela honen biktima bat. Nahiz eta osasuntsu egon, edonork izan ditzakeela pentsamendu suizidak", adierazi du.

Argazkietan, 'Akabo' kale antzerkiaren eszena batzuk. Barsanti

Umorea eta drama tandema

Orain arte egindako ikuskizunetan ere gai sozialak eta umorea uztartu izan ditu Barsanti konpainiak. Hori, errespetuz, logikoki eta inteligenteki eginez lortzen dela uste du Rodriguez-ek: "Hala eginez gero, edozertaz egin daiteke barre". Halaber, barre egitea terapia ona izanik, azpimarratu du ez litzakeela gairik egon behar umorearekin tratatu ezin denik. "Gaia dena delakoa izanda ere, guk beti hartzen dugu aurrez aurre, eta gure moduan tratatzen saiatzen gara. Konplexu, moralkeria eta paternalismorik gabe".

Barsantiren hirugarren lana da 'Akabo', baina 'Kale Gorrian' lehen ikuskizunak ere drama sozial bat zuen oinarrian. Zentzu horretan, Akabo egiterakoan osasun mentalari lotuta dauden suizidioak landu nahi izan dituzte, azken finean, gai sozial baten gisara tratatu nahi izan dute suizidioa. "Prekarietate soziala, bulliynga zein beste hainbat faktore direla-eta izan dezakezu osasun mental arazo bat. Gai sozialak izaten dira antsietate edo buru osasun arazoak sortzen dituztenak", azaldu du Rodriguez-ek. Hala, kontatu du beraien obrak gaietan bereizten direla, baina tratamendua azken finean beti molde berekoa dela. "Gaiak kritikatu edo salatzen ditugu, drama baina beti dago hor. Dena dela, saiatzen gara beti ere umoretik egiten". Nabarmendu du antzerkiak hori eragiten duela publikoarengan, sentsazio eta sentimendu ezberdinak azaleratzea.

Akabo publiko guztiarentzako, heldu zein gazte, ikuskizuna dela azpimarratu du Rodriguez-ek. "Kale antzerkia izaterakoan, askok uste dute haurrei zuzendurikoa dela, guk egiten dugun antzerkia baina antzerki herrikoia da. Umoretik gai herrikoiak tratatzen ditugu, familia giroan ikusteko egokiak, tarte eder bat igaroz".

Sortzearen gorabeherak

Obra berriaren sortze prozesua nahiko luzea izan duela aitortu du Rodriguez-ek. 'Kale Gorrian' lehen ikuskizuna estreinatu zutenean hasi ziren suizidioaren inguruko ideia lantzen. Garai hartan oraindik pandemia iritsi gabe zegoen eta lehenengo ideia balkoi bat erabiltzea zela adierazi du. Pandemiaren ondorioz, alta, emanaldi gehienak bertan behera utzi behar izan zituzten protokoloek ez zutelako baimentzen emanaldia prestatua zuten bezala gauzatzea. Ondorioz, beste aukera bat bilatu behar izan zuten. Hala, garabi bat alokatzea pentsatu zuten. Horrek baina, dramaturgia ere aldatu beharra ekarri zuen: "Dramaturgia logistikara egokitu genuen eta hasiera batean pentsatuta genuen istorioa aldatu egin zen".

Argazkietan, 'Akabo' kale antzerkiaren eszena batzuk. Barsanti

Alta, ez zitzaien xamurra egin garabia alokatzearen ideia. Hasteko, Azala kolektiboaren espazioan Gasteizen astebeteko egonaldi bat egin zuten obra berrian zer eta nola kontatu nahi zuten erabakitzen. Azken hilabeteak bestalde, gorputzean jartzeko erabili dituzte: "Lan handi eta gogorrena azken asteetakoa izan da", adierazi du Rodriguez-ek. Hala, zehaztu du antzerkia gorpuzterakoan orduan sortzen eta aldatzen dira detaile garrantzitsuenak. "Kasu honetan buruan genuen ideiatik praktikara eraman dugunera asko aldatu da obra, sortze prozesu luzea izan da".