Amaia Irazabal Santurtzin jaio zen, baina Getarian bizi izan da urte askoan. Egun, Donostian bizi da. Psikologia ikasi zuen EHUn eta karreran zegoela, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean izena eman zuen antzerkia ikasi eta egiteko asmoarekin. Bertan "Ship of fool" itsasontzia ezagutu eta haien antzerki obra batean sartu zen.
Ikasketak bukatzean, "Eltxoak" eta "Inor ez dator" piezak ondu zituen. Bitartean, Lekord taldea sortu zuen, Amaia Ruiz de Galarreta aktorea, Ane Artetxe arpajolea eta Iñaki Letamendia perkusionistarekin batera, poesia eta musika uztartuz. Handik aurrera, hainbat antzerki konpainiarekin egin du lan Irazabalek.
Telebistan ere aritu da; "Eskamak kentzen" eta "Alardea" telesailetan, adibidez. Baita hainbat laburmetraietan ere. Gaur egun, martxan dauden hiru antzezlanetan dabil: "Narzis@", "Oilar bat dago zure teilatuan" eta "Gure Xaharrak".
Amaia Irazabalen kultur gomendioak
Abesti bat: Angèle-ren "Balance Ton Quoi", bere esateko moduagatik.
Musika talde bat: Ruper Ordorika, bere ibilbideagatik. Altxor bat iruditzen zait.
Liburu bat: Orain mesanotxe gainean ditut Richard Sennett soziologoaren "El artesano", eta Oihana Arana poeta gaztearen "Lazunak azkazaletan". Biak gomendatzen ditut.
Antzezlan bat: "Narzis@"-rekin biran gabiltza. Familian joateko aproposa da, sare sozialen munduari buruzkoa.
Film bat: "Cinema Paradiso". Istorio zoragarria da, ezinbestekoa.
Kultur espazio bat: Hendaiako geltokian dagoen Borderline Fabrika. Joateko gogo handia dut!