Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean eta Miren Gojenolaren laguntzarekin, "Tarara" izeneko antzezlana estreinatu du urtarrilaren 15ean Hika Teatroak Lekuona Fabrikan (Errenteria). La Tarara gaztelaniazko bertsioa, aldiz, urtarrilaren 28an estreinatu du Bilboko Arriaga Antzokian.

Josi Alvaradok idatzitako testuan oinarrituta dago lana. 2019an, SGAE Fundazioak emakumeen sorkuntza eta dramaturgia garaikidea bultzatzeko eta ikusarazteko antolatzen duen Ana Diosdado lehiaketa irabazi zuen idazle alacantarrak aipatutako testuarekin. Barkamenari buruzko ipuina dela azaldu du Hika teatroak, baita "memoria historikoa jasotzen duen errelatoa" ere.

Arantxa Iturbe idazleak ekarri du euskarara, eta Tania Fornieles, Kepa Errasti, Jurdana Otxoa, Eneritz Artetxe, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrián García de los Ojos eta Iñar Sastre arituko dira aktore lanetan.

THRILLER POETIKOA

Jatorrizko testua 60ko hamarkadako Alacanteko alde zaharrean girotua badago ere, Euskal Herrira ekarri du Hika Teatroak. Zehazki Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu dute obra, 70eko hamarkadan.

Rosa izeneko biolin-jotzaile gaztea da antzezlanaren protagonistetako bat. Ume honek ahalmen berezia du: hildako hainbat musikagile ikus ditzake, horien artean, Franz Liszt. Beldur eta mamuen kontrako borrokan Tarara izeneko prostituta du lagun biolin-jotzaileak, bigarren protagonista.

Antzezlanean zehar, Rosa heldua eta Rosa umea "txandakatuz" doazela azaldu du Hika Teatroak. Oroitzapenen joan-etorrian elkartuko dira "susmo hutsa den sekretu baten inguruan". Memoria eta ahanzturaren gaineko gogoeta egiten du obrak, baita izua eta maitasunari buruzkoa ere. Izan ere, "kajoi batean aurkitutako maitasun-gutun batzuei esker berreskuratu eta azaleratuko da musikaz eta edertasunez betetako umearen oroimen hautsia".

HAINBAT UMEREN HISTORIA

Kolore guztiak islatuko ditu antzezlanak Bilboko San Frantzisko auzoko kaleetan: maitasuna, beldurra, barkamena€ Bertan azalduko dira hainbatenak izan daitezkeen barne-minak, gizarteak dituen tabuak, norberaren dramak, ahultasunak, askatasunak€ Barkamenari buruzko ipuina dela azaldu du Hika teatroak, baita adiskidetasunari, maitasunari eta amatasunari buruzkoa ere.

Izan ere, hiru emakumeen istorioak korapilatzen dira obran zehar: "Alabarik gabeko ama, amarik gabeko alaba eta amarena egiten duen prostituta". Azaldutakoaren arabera, hirurek topo egin eta beren auzoa eta barne emozioak eraldatuko dituzte guztiz.

Ahultasuna, norberak dituen beldur eta minik sakonenak islatuko ditu antzezlanak. Horrez gain, obrako hiru emakume protagonistak barnean dituzten zamak askatzen ikusiko ditu publikoak, eta antzezlanean ageri diren pertsonaia guztiek egingo dute bidaia, ibilbide eta garapen propioa.

Hortaz, Hika teatroak ekoizten dituen lanek eduki ohi duten izaera soziala nabarmena da "Tarara" antzezlanean, eta, oraingoan ere, "ikuslea bere buruarekin etengabeko gatazkan" jarriko dute. Horretarako, interpreteez gain, beste hainbat baliabide erabili ditu konpainiak.

ESZENOGRAFIA

Zazpi dira euskarazko bertsioa antzeztuko duten aktoreak: Tania Fornieles, Kepa Errasti, Jurdana Otxoa, Eneritz Artetxe, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrián García de los Ojos eta Iñar Sastre. Gaztelaniazko bertsioan, aldiz, Sandra Ferrús eta Itziar Ituño arituko dira Fornieles eta Artetxeren ordez.

Antzezlan honek, bestalde, baditu hainbat berezitasun. Horietako bat da obra ikustera bertaratzen direnek zuzeneko musikaz gozatuzeko aukera izango dutela, aktoreetako batzuk hainbat kantu abestu eta interpretatuko baitituzte. Adrián Gracía de los Ojos eta Jurdana Otxoa izan dira musika giroaren arduradunak.

Antzezlana 70eko hamarkadako San Frantzisko auzoan ezin hobeto girotu ahal izateko, Ikerne Gimenez arduratu da eszenografiaren diseinuaz eta jantzitegiaz, obra kabaret mundura hurbilduz. Horretarako, María Calderón Tailerra aritu da jantzien giroketa lanetan, eta Inma Gomez (Kkum Atelier) jantzien errealizazioan. Eszenografiaren errealizazioaz, aldiz, Readest Decorados eta Sfumato Pintura Escénica elkarteak arduratu dira.