Ama zendu zitzaion orain dela lau urte eta erdi Oier Zuñigari (Iruñea, 1986). Galera arintzeko dolu praktika desberdinetan aritu zela azaldu du artistak. Izan ere, hitzik bada Zuñiga biltzen duena, artistarena da, antzerkian ez ezik, beste diziplinetan ere ibili izan baita: arte plastikoak, irudigintza edo dantza, besteak beste. Dolua, beraz, bakarka zein komunitatean bizitzeko esperientzia artearen adierazpide ugaritatik bizi izan zuen. Bizipenok elkarbanatzeko beharra eta material nahikoa bazela ondorioztatuta sortu zuen Eresia, zuzendu eta interpretatu egiten duen ikuskizuna.

Forma aldetik antzerkiarekin lotu daitekeen obra den arren, berezitasun ugariko lana da Zuñigaren proposamena, doluaren gaia lantzeko bada, ez baitute antzezpenik egiten, edo ez behintzat, obraren osotasunean: "Antzeztu baino, oholtza gainean dolu-praktikak gauzatzen ditugu". Iruñekoaren hitzetan, ez dute heriotza baten osteko istorio jakinik kontatzen, taulako kide bakoitzaren esperientzietatik abiatzen diren errituak baizik.

Agur esateko aukera guztien artean, nola esan ez jakiteaz mintzo da, minaz eta hutsuneaz. Oraingoan, Eneko Gil dantzaria eta Belen Cruz antzezlea ditu bidaide Oier Zuñigak.

Diziplina piszina

Hain zuzen ere, lanaren zuzendariak azaldu du hasieran bere dolu pertsonaletik abiatzen zen proiektua hiru sortzaileena izaten bukatu duela "konjurua", nor bere alderdi artistikotik alea jarrita: "Ez nuen nahi horrenbeste hitzezko narratiba bat, eta uste dut dantzak presentzia handia eta lotura duela errituarekin", esan du iruindarrak Eneko Gil-en ekarpenaz.

Bestetik, Belen Cruz-ek antzerkian egindako ibilbidea goraipatu du eta ikuskizunari bestelako dimentsio "lurtarragoa" ematen diola gehitu. "Adinagatik bakarrik, gehiago tokatu zaio halako egoerak bizitzea". Bizipenen eta ibilbidearen 'patchwork' modukoa ondu du hirukoak, dramatik, umoretik, antzerkitik, dantzatik eta kantutik duen Eresia-n.

Hiletetan agur modura kantatzen diren abestiak dira eresiak. "Oso ongi biltzen dituzte gure ohiturak abestiek", esan du Zuñigak. Hori dela eta, euskal kantugintzan izandako heriotzaren inguruko abestiak bilatu zituen, baita topatu ere: "Haur kantak edo parranda girokoak ongi ezagutzen ditugu, heriotzari buruzkoak, berriz, ezezagunagotzat ditugu".

Kantu mordoa topatu zuela azaldu du, XX. mendekoak eta herri-tradiziotik datozenak ere. Ikuskizuneko errituetan txertatu ditu horietako batzuk. Eta nafar on baten gisan, jota bat ere kantatzen dio amari.

Errituetan elementuek duten garrantzia azpimarratu du. Hartara, eszenografiari dagokionez, elementu ugari txertatu dituzte berauek duten erabilera handia argudiatuta: "Narratiba modu askotara eraiki daiteke, jantziekin edo elementuekin, adibidez. Sortu dugun nahasmen handi horren artean, ekintzetarako erabiltzen ditugun elementuek kontatzen laguntzen digute".

Debagoienan barrena

Udalbiltzak 2020an Geuretik sortuak deialdiaren sortu zuen, eta deialdiko hautatuen artean izan zen Zuñigaren obra. Diruz laguntzeaz gain, sorkuntza garatzeko egonaldia ere eskaintzen zuen Udalbiltzak, lanean nolabait txertatzeko asmoz.

Eresia-ren kasuan, Debagoienako Elgeta, Antzuola eta Bergara herrietan izan ziren Zuñiga, Gil eta Cruz, lau astez. Bailarako dolu-elkarteekin bildu dira, baita halako esperientziarik bizi izan dituztenekin.

Horietako batzuen testigantzak audio formatuan sartu dituzten piezan. Herritarrekin izandako solasaldiak "oso sintonia onean" izan direla azpimarratu du Zuñigak, haiek lantzen ari zirenaren eta kontatzen zietenaren artean paralelismoak zeudela konturatuta.

Estreinaldia, Bergarako Seminarixoan egin zuten hilaren 15ean. Aurretik dituzte 20 emanalditik gora hurrengo hilabeteetarako, Euskal Herriko txoko desberdinetan zehar. Hurrengo biak, Antzuolan, otsailaren 5ean, eta Elgetan, 6an. Informazio hori eta gehiago biltzen dituen webgunea ere sortu dute: www.eresia.eus.

Bitxikeria gisa, Ni hiltzean€ atala jarri dute Interneteko atarian, ikusleek haien heriotzarako nahiko lituzketen errituak, ikuskizunaren inguruko iritziak edota esperientziak utz ditzaten.

Oier Zuñigari bere heriotzaz galdetzean "tipikoa" dela aitortu du: kantua, jana eta edana nahi ditu. "Samintasunetik eta maitasunetik egindako festatxoa nahi dut. Janaria da munduko sendagairik onena, eta mozkortzeak batzuetan merezi du".