Bidaia batek beti dakar mugimendua; baina, lekualdatzeak ez du beti toki batetik bestera garraiatzea ekartzen berekin. Hain zuzen, posible da lekutik mugitu gabe, buruaren indar hutsez, bidaiatzea. Irudimenak edo memoriak gidatu dezakete bidaia, eta errealitatetik zein fikziotik edan dezake bidaiak. Ganbara antzezlanak atzera begirako bidaia proposatzen dio ikusleari, norbanako baten bizipenetatik abiatuta, herri baten iragana ezagutzeko bidaia. Testurik gabe, eta Itziar Fragua aktorearen mugimenduak eta Roberto Castroren soinu bandak gidatuta, Euskal Herriaren izana den baserri munduan barrena bidaiatzen du Markeliñe konpainiaren obra berriak. Hilaren 2an estreinatu zuten Zornotzan, eta bihar izango dute hurrengo emanaldia 18:00etan Durangoko San Agustin kultur gunean.
Oholtzan emakume baten presen-tzia da nagusi, eta hark sortzen du istorioa eta historia. Erortzear den familia baserria saltzear da emakumea, baina, bertara sartzean dena da kezka, dena zalantza. Gatazkak, ordea, bidaia forma har-tzen du oholtzan, antzezleak eta ikusleek batera egin dezaketen memoria ariketa. Bidaia antzinako etxeko jolastokian, ganbaran, garatuko da. Bertan topatzen dituen gauzek erabakia zailduko diote emakumeari, zer egin: baserria saldu ala ez? Korapilo horren bueltan garatzen doa istorioa oholtza gainean.
Ikuskizuna Jon Kepa Zumaldek, Joserra Martinezek eta Iñaki Egiluzek zuzendu dute eta Itziar Fragua du antzezle bakar. Kezka batetik abiatuta hasi ziren dramaturgia garatzen zuzendariak, baserrien beherakadak iragana erauziko ote zuen buruari bueltaka: "Abiapuntua dator Euskal Herrian barrena utzita eta alferrik galtzen ikusten ditugun baserri guzti horien iruditik. Galera horrek berekin dakar bizimodu oso baten galera, etxe huts ez ziren espazio horietan garatzen zen bizimodu horren galera", azaldu du Jon Kepa Zumalde zuzendariak.
Ondoren, atsekabea sormen bilakatu eta erdi aitortza erdi memoria ariketa izan da emaitza: "Begirada atzera botatze horretan ondorioztatu genuen Euskal Herrian gu garela garenak gure aurretik izan direnak izan direlako eta bizi izan diren moduan bizi izan direlako; gure sustraiak baserri munduan daude". Baserriak bizitokiaz harago tradizio, kultura eta bizimolde baten oinordeko direla uste dute egileek, eta baieztapen horretatik abiatuta joan dira ikuskizuna eraikitzen.
Emakume baserritarra lehen lerrora Baserri munduaren berreskuratze eta goratze horretan, bereziki erreparatu nahi izan diote sortzaileek emakume baserritarrek egindako lanari. Izan ere, Zumalderen hitzetan, ezkutuan geratu izan da emakumeek baserriko zereginetan zein familiaren zaintzan zuten ezinbesteko presen-tzia: "Guk nahi izan dugu errekonozitu eta plazaratu emakumeek baserrian egiten zuten lana; askotan gizonen parekoa zen egiten zuten lana, eta beste zenbait ardura ere bazituzten". Gauzak horrela, emakume baten miratik plazara-tzen du baserriko bizimoduaren inguruko gogoeta antzezlanak.
Orotara, 50 minutuko iraupena du antzezlanak eta doinuak eta soinuak, mugimenduak eta keinuak eta baserriko objektuen parte har-tzea ditu osagai nagusi. Hitzen beharrik gabe, bidaia osoa bezain hunkigarria proposatzen du Markeliñe konpainiak.
Helduak eta txikiak, elkarrizketan Publikoaren profilari dagokionez, ikuskizun familiarra da Ganbara, heldu, gazte zein haur, nork bere modura gozatu eta bizi-tzeko moduko antzezlana. Zumalderen ustez, guraso eta haurren artean solasaldia sortzeko aitzaki eta pizgarri izan daiteke emanaldia: "Aukera eman nahi diegu gurasoei haurrekin hitz egiteko eta hausnartzeko gure sustraia, gure kultura nondik datorren eta gure nortasuna ere nondik datorren". Informazio trukaketa horretan haur zein heldu, biek ala biek elkarrengandik ikasteko aukera dutela uste du zuzendariak.
Pozik eta asebeteta daude sortzaileak emaitzarekin, eta bidean suertatuko buruhausteei soluzioa topatu dietela uste dute. Hitzik gabeko komunikazioan haurren ulermena izan dute kezka eta erronka sortze prozesuan zehar: "Kontua da metafora asko erabiltzen ditugula, eta zenbait eskoletan proba egin ostean, uste dugu topatu dugula hizkuntza metaforikoan eta umeentzako ulergarri izatearen arteko oreka". Behin obra osatuta, herriz herri ibiltzea eta publikoaren harrera jasotzea besterik ez du falta Ganbara-k.