Gazte-gaztetik izan du harremana musika munduarekin Ekiñe Casadok (Arrasate, 2003). Izan ere, zazpi urte besterik ez zituela hasi zen panderoa eta trikitixa jotzen ikasten. Hamabostekin, aldiz, gitarra-klaseetan hasi zen, eta beste taldeen bertsioak jotzeari ekin zion. Handik gutxira bere lehenengo kontzertua eskaini zuen Arrasateko taberna batean. Zehazki, 2019ko urtarrilaren 18an izan zen hori, eta urduri xamar zegoen arren, asko gozatu zuela aipatu du Casadok.
Gaur egun, hemezortzi urte ditu eta bere lehenengo lana argitaratu du dagoeneko: Besterik ez. Dioenez, etxetik datorkio musikarekiko afizioa, familian entzun izan baitute beti, beraz, modu naturalean bizi izan du kantautore bilakatzeko prozesua.
'BESTERIK EZ'
2021eko apirilean argitaratu zuen Casadok bere lehenengo lana: Besterik ez. Emozio, sentimendu, poesia eta zalantzaz beteriko proiektua da eta azken hilabeteotan, Euskal Herriko hainbat herri eta txokotan egin ditu aurkezpen kontzertuak.
Arrasateko Shot! estudioan grabatu du, eta beste hainbat musikariren laguntzarekin osatu du: Maialen Oleaga, Uxue Alkorta, Goiatz Salvador eta Olatz Urkia. Diseinua, aldiz, Olatz Zuazubiskarrek (Nolabait Ilustrazioak) eta Libe Argoitiak egin dute. Diskoa plataforma digitaletan entzun daiteke. Modu fisikoan eskuratzeko, ordea, Arrasateko bi tabernatan eros daiteke, baita Casadoren Instagrameko kontuaren bidez ere : @ekicasado.
Hura sortzeko prozesua "nahiko gorabeheratsua" izan dela azaldu du Casadok. Osasun-krisialdi garaian osatu du diskoa, baina, dioenez, ez ditu sortu abesti guztiak jarraian. Izan ere, batzuk oso berriak diren arren, badira nahiko "zaharrak" direnak ere. Hortaz, bere bizitzako momentu ezberdinetan sortu ditu. Hitzei dagokienez, Haritz Olaeta, Maddi Zabalo, Ekhiñe Eizagirre, Goiatz Salvador eta Casadorenak dira.
Oro har, abestiak letrak oinarritzat hartuta sortzen dituela esan du azken honek. Guztira bost kantu bildu ditu Casadok bere lehenengo disko honetan: Atzera begiratu gabe (Olaetaren hitzak eta Ekiñe Casadoren musika), Sormen koma konstantea (Goiatz Salvador eta Ekiñe Casadoren hitzak eta Ekiñe Casadoren musika), Galtzen (Ekiñe Casadoren hitzak eta musika), Artelana naiz (Maddi Zabaloren hitzak eta Ekiñe Casadoren musika) eta Giltza (Ekhiñe Eizagirreren hitzak eta Ekiñe Casadoren musika).
Disko honetan argitaratu dituen bost kantuez gain, dagoeneko baditu beste hainbat sorkuntza, baina, momentuz behintzat, ez ditu publiko egin.
BARRENAK HUSTUZ
Dioenez, Ekiñe bera da entzuleak disko honetan topatuko duena, bere sentimendu eta emozioak deskribatzen eta islatzen saiatu baita: "Nire barrenak hustu ditut lan honetan, nire zalan-tzarik handienak agertzen dira bertan, baita ongi eta gaizki sentiarazi nauten hainbat gauza ere".
Bere sentimenduak askatzeko, musika "lasaia" erabili duela azaldu du: "Konplikazio handirik gabekoa, ahotsari garrantzi handia eman diot". Ideia bat egiteko, diskoa erreproduzitzen hasi bezain laster, lehenengo abestian, bere ahotsa entzun daiteke abesten, lehenengo hogei segundoetan zehar, inolako instrumentu musikalen laguntzarik gabe.
Dioenez, ez zaio musika definitzea gustatzen, baina bere estiloa akustikoa dela esan du, "lasaia" delako eta gitarra akustikoa asko agertzen delako: "Ez dakit bestela nola definitu".
Dena den, bere erreferenteen estilo musikala ez da berak darabilena, bereziki aipatu baititu punk-estiloko musika talde batzuk eta Gose: "Orokorrean, jarrera handia izan duten taldeak". Azken honetako Ines Osinaga abeslariaren hitzekin hasten da Casadoren Artelana naiz kanta, hain zuzen ere.
Abesti honentzat bideoklipa ere sortu du Casadok, Marta Montiano dantzariaren laguntzarekin, eta 2021eko maia-tzean kaleratu zuen. Oihan Loiti Iraola arduratu da ekoizpen eta post-produkzioaz.
NORK BERE INTERPRETAZIOAK
Gauza asko ditu Casadok munduari esateko, emozio, beldur, pentsamendu, kritika eta zalantza ugari azaltzen baitira bere abestietan. Dena den, Arrasatekoak ez daki oso ondo definitzen zer transmititu nahi duen egiten duen musikaren bidez: "Kantuak argitara eman ostean, nire horretatik aldatzen dira eta norberak bere interpretazioa egiten du. Hori da gehien gustatuko litzaidakeena, jendearengana heltzea", aitortu du. Ondo baino hobeto daki, ordea, zer transmititzen dion musikak berari. Kontatu duenez, pentsa-tzen eta sentitzen duena adierazteko era bat da, baita gauzak egitekoa ere.
Musikarik gabe Ekiñe ez litzateke bera izango, bere nortasunaren parte handi bat dela aipatu baitu: "Musika da askatzeko dudan modua, pentsatzen dudana esateko modua". Eta, momentuz behintzat, bide horretatik jarraitu nahi du, egindakoa gozatuz eta gauzak datozen bezala hartuz: "Ez diot nire buruari helburu edo erronka finkorik jarri nahi. Nahiago dut gauzak datozen bezala etortzea, nik ezer espero barik".