Urteak askorako eman du, eta Zazpietan lehenak ere eman du beretik, musikari dagokionean behintzat. Are, alor horretan 2021 ekialdearena da baten baino gehiagoren aburuz. Ezin uka daiteke talde entzutetsuak bilakatu direla azken urtean Ibil Bedi, Tatxers eta, nola ez, Chill Mafia talde nafarrak, eta hartara, fokoa sortaldean jarri dugu. Eztanda delako baten belaunaldi berri bat omen. Baina bada hiru talde horiez gain esateko asko duten beste horrenbeste talde, eta loraldia 2021a baino lehenagokoa dela aldarrikatu dute.
Hiri buruzagian kale nagusiko taberna ezagunera deitu ditugu hiru musikari gaiaz jarduteko, eta klixeak-klixe, berandutu egin dira oraingoan ere. Euriari eta hotzari gosari, solasaldi eta urruneko jazz epelak jarri diote erremedio. Katilua esku artean dutela gaiari heldu diote gonbidatuek, kazetarien galderei itxaron gabe. "Prest etorri naiz" adierazi du zirikatzaile haietako batek.
Xanti Etxeberria (Murugarren, 1996), Amets Aznarez (Iruñea, 2001) eta Oihana Fernandez (Barañain, 1983) dira musikariak. Kide diren taldeez galdetzerakoan sorpresak izan dira haien artean ere, elkarren proiektuen berri izan baitute. Peru Galbeteren proiektuan, Goxuan' Salsa eta Les Cuisinières taldeetan dabil Etxeberria orain baxu eta kontrabaxuekin, besteak beste. Kinbonbo eta Broken Brothers Brass Bandetan eta Jah Goikoa eta Reggae Zaharra taldeko tronboi jotzailea da Aznarez. Fernandezek, berriz, ahotsak jartzen dizkio Afu eta Titanians taldeei. Proiektu eta talde amankomunak ere badituzte, beraz, kideak eta lagunak dira ezagun soilak bainoago.
Enblema auzitan
Iruñeko artistek egindako lanei aitortza egiteko izaten hasi zena, enblema bihurtu da sareetan: 2021 ekialdearena da. Baina Aznarezek esaldi horrek egiatik zenbat duen dudatan ipini du: "Ez nintzateke ausartuko esatera 2021a ekialdearena denik, ez dakidalako beste lekuetan zer gertatzen ari den". Horrez gain, gaineratu du kanpaina modukoa izan dela orain arte hegemonikoa izan denari aurre egiteko edo, eta ez datorrela bat errealitatearekin, eta adibidea jarri du Fernandezek berak ez zuela "mobida" horren berri. Hain zuzen ere, Barañaingoak ekialdeari garrantzia ematearena "Zertarako?" galdetu du. Bere ustez bereizketak ez du zentzurik denak zaku berean sartzen direlako: "Gure anai-arrebek egiten dutena defendatu eta en-tzun behar da". Etxeberriak bere aldetik uste du esaldia musikaren eta kulturaren arloan dabiltzan eragileek erabiltzen duten momentutik aldarri bat dela euren jardunari balioa emateko. Halaber, erantsi du ekialdea bereizteak balio duela euskal musikan EAEri duen protagonismoa kentzeko eta, trukean, Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari emateko. "Badira oso gauza potenteak baina oso deskonektatuta gaude", Etxeberriak. Ildo horretan, Aznarez anbizioz ageri da, esaldi hutsal bat dena "zerbait abangoardistagoa" izatea eskatzen baitio musika panoramari. Bide batez, salatu du sortu den ekialdearen iruditegi hori oso maskulinoa dela eta oraindik ere espazio ez-segurua dela bazterreko identitateentzat. Beraz, sortu den lema sareak sortzeko, harremanak egiteko eta gauzak aldatzeko baliatu nahiko luke. "Momentu ona da orain elkar laguntzeko" ondorioztatu dute.
Hala ere, Iruñean azken urteetan gertatzen ari dena azpimarratu nahiko lukete musikariek. "Talde pila bat daude eta talde horien artean harreman handia dago" esan du Fernandezek. Bera da hiru musikarietan nagusiena eta azaldu du "kanpotik" ikusi dezakeela hori, musikari gazteen arteko lotura handia dela. Hala ere, honako hau azpimarratu nahi izan du: "Ekialdea ez da berria, beti egon da potente". Etxeberria bat dator harremanaren kontuarekin, baina lotura sinbolikoa dela uste du berak. Aznarezek, berriz, uste du aldaketarik egon bada estiloei dagokienean izan dela. Horregatik eman dezake, beraz, zerbait berriaren gisa.
Lana da giltza
Tatxers, Ibil Bedi eta Chill Mafia taldeak ekarri dituzte mahai gainera. Horiek dira urte honetan gertatutako eztandaren adierazle garbienak. Xanti Etxeberriak uste du eztandaz gain, badela beste faktore garrantzitsu bat: lana eta lan egiteko prestutasuna. "Disko bat grabatu, eta kontzertuak emateko eta erritmo bat jarraitzeko prest egon behar da". Mass media aipatu du, berriz, Fernandezek: "Erdi publizista izan behar zara sareetan egoteko". Haren hitzetan, musikariek ikus-entzunezkoari garrantzi handia eman behar diote gaur egun.
Hala bada, hiru talde horiek eta Skabideanek ere konpromiso horiek hartu dituztela ondorioztatu dute, eta gauzak horrela, eragina izan duela lortu duten sonan. Aznarezek gaineratu du esperien-tzia horiek baliagarriak izan daitezkeela beste talde ez hain ezagunentzat ere: "Nire ondokoak kontatzen ahal dit zer den diskoetxe batekin lan egitea, edo lortu dezakegu jaialdi jakin batzuetara iristea gure lagunek kontaktuak dituztelako". Harreman hori dela eta, ez du uste talde ezagunenek itzala egiten diotenik hain entzutetsuak diren beste batzuei.
Berritasunaren afera gehitu diote boom horretan sartzeko ezaugarrien zerrendara. Izan ere, uste dute euskal musikan orain arte egon ez den estilo jakin batzuk direla, eta, hortaz, errazagoa dela zabaltzen. "Onerako eta txarrerako". Hirurak bat datoz estiloa, ordea, ez dela faktore independentea eta garrantzia handia dutela halaber musika egiteko moduak zein estetikak: "Ohiko entzuleen-tzako entzuteko erraza izan behar da" adierazi du Fernandezek eta hariari eutsita ikusgarritasunari egin dio erreferentzia Aznarezek: "Abesti baten atzean egon daiteke bideoklip bat estetika jakin bat duena. Horrek definitzen du benetan zer den berritzailea".
Sareak josten
Bere esperientziatik abiatuta adierazi du Etxeberriak musikariek badutela harremana baina gauzatzerako orduan kostatu egiten dela: "Potentzial handia dugu Iruñean elkartzeko eta gauzak egiteko". Horren adibide dira Ez dago hilda, Iruñea nola edo garai bateko Maravillas Social Club. Mantra errepikatzeaz harago batzeko potentzial hori probestu beharko litzatekeela uste dute musikan ari-tzen direnen lan-baldintzak hobe-tze aldera, besteak beste.
Hirurek ematen dituzte kontzertuak sarri. Eta nabaritu dute egonkortze fase batean murgilduta daudela: "Probatu nahi dut musikari lehentasuna ematen eta honetatik denboraldi batez bizitzen", azaldu du Etxeberriak. Baina horretarako baldintza batzuk bete behar dira, elkarrekin landu ditzaketenak. Era berean, jakin badakite horrek ere sortzen duela kontraesana, dirua bihurtzen delako lehentasun.
Eta haien profesionalizazioaz ari direla, diskoetxeen gaian jarri dute azpimarra: "Orain diskurtso hau zabaltzen ari dela, beldur naiz ez ote diren diskoetxeak horren jabe egingo", kezkaz, Aznarez. Bere ustez, ikusirik zer nolako mugimendua sortzen ari den eta zer potentzial dagoen, musikariak berak artikulatuta egon baino lehenago diskoetxeen kontrolpean geratzeko arriskua dago une honetan. Hala ere, ez da erabat diskoetxeen kontra, izan ditzaketen abantailak ere balioesten dituelako.
Hain zuzen, Oihana Fernandezek esan du garai batean dirua eska-tzea bera ere traiziotzat jotzen zela, eta hartara, diskoetxeekin ibiltzen zirenak "Beyonceren modukoak" zirela publikoaren begietatik. Etxeberriak hariari helduta gehitu du gero eta diskoetxe gehiago daudela, txikiagoak badira ere, eta horrek ere lagundu duela, nolabait, gaiaren inguruan zegoen eztabaida baretzen.
Jaialdiak eraldatzen
Salatu izan da askotan Euskal Herriko jaialdietan eta festa inguruetan zaila izan dela sartzea estilo eta proposamen jakin batzuentzat. Urteetan rocka, oi musika eta an-tzerako estiloek hartu dituzte oholtzak. Baikor ageri da hirukoa, aldatzen ari delakoan, gero eta aukera gehiago ematen zaielako talde eta estilo berriei "publikoak ere hala eskatzen duelako". Aldaketa sumatu dute Hatortxu rock jaialdian, edo Ez dago hilda ekimenarekin esaterako. Jendeak eragileen barrutik eragiteko duen prestutasuna txalotu dute, eta erabakiak hartzeko moduak aldatzen ari direla igarri.
Etxeberriak zalantza du horren inguruan ikusten ari den banaketari dagokionez: "Batetik gitarra duten taldeak daude, beti egon direnak. Moderno izateko kendu gitarra eta jarri elektronika". Bere ustez kontua ez da bata edo bestea, baizik eta nola egiten diren. Elektronika eta musika dantzagarria modan diren honetan ez ditu "gureak" sentitzen, hori lortu daitekeela pentsatzen duen arren. Euskal Rock Erradikalaren zama aipatu dute bestetik, izan ere, oso errotuta egon da Euskal Herriko eszenan eta eraldatu nahi izan denean, kostatu dela onartu. Aznarezek, bere aldetik, Etxeberriak planteatutako dikotomia gainditzeko nahia dagoela somatu du: "Zarata eta perreoa, biak gustatu ahal zaizkigu eta hala behar du".
Taldeak eta musikariak prest dira oholtzak eraldatzeko. Pandemiak ordea, oraindik ez du erabateko agurrik egin, eta hori da hain zuzen ere, 2021 honen ostean 2022ari egiten dioten eskaera nagusia. Horrez gain, musika asko, ekialdetik datorrela edo ez.