Noizean behin sare sozialetako feedetan eguna pozik igarotzeko harribitxiak aurkitzen dira. Edo oraingoan bezala, aste guztia konpontzen dizutenak. Internet horretarako leku zoragarria da. Adibidez, @soinukrudelak kontuak 80eko hamarkadako punk kontzertuen afixak biltzen ditu, edo @eusnob_bat, euskal sortzaileei azpititulu zirikatzaileak jartzen diena. Bada, musika meme eta disko saltzailez betetako algoritmo kutsatuan barrena, MySpacen bezala sentitu nintzen une batez. Erruduna @bestebatek_egindakoabestianaiz kontua izan zen. Donostialdeko 2000. hamarkada hasierako taldeak biltzen dituen samariar onak oraingoz argitalpen gutxi egin ditu, baina taldetzarrak ekarri ditu gogora: Curasan, Materia, Naizroxa (Laboarekin kolaboratu zuen azken taldea)… eta luzerako izatea espero dugu.
Hala ere, lehenengo begiratuan harrapatu ninduena kontuaren ezizena izan zen. Euskal Herrian egon den talde gutxietsienetakoa, eta zuten kalitatea dela-eta diot. Ezizena Yaw donostiarren Kontraesana naiz abestitik dator. Screamoaren moda pasatzen ari zenean atera ziren, Donostialdeko beste batzuk (Cohen, Krilin…) baino pixka bat beranduago. Haiena hori zen, screamoa edo hardcore punka garrasika egitea. Baina, melodia eta erritmoetan ekarpen handia egin bazuten ere, Gartxot Unsain abeslariak letrekin egiten zuena izugarria da. Hor dago abesti hori dakarren Malda, 2013ko diskoa, froga bezala. Garaian gutxituak, gaur kultuzko. Egun Gartxotek abentura musikal asko ditu: bakarka, Madeleinen, Grisesen… Baina Bananas enegarren proiektuak badauka Yawren errautsetatik zerbait, eta oraintsu lan berria argitaratu dute: Garun ta eztarri galezina.
Kantuen subkontziente kolektiboa
Kantuak gogoratzea zenbaitetan intuitiboa da, subkon-tzientea. Baina Yawk Anariren Harriak liluragarriaren bertsio amorratua zuzenean jo zuenean, buruak bi buelta eman behar izan zituen antzemateko. Led Zeppelinek “The song remains the same” esaten zuen arren, zenbat alda daitekeen abesti bat! Hizkuntza aldatzen badiozu, noski, errotik aldatu daiteke. Baina moldaketa on bat egitean jatorrizkoaren zantzuren bat uztea ere polita da. Oraintsu Anarik Nacho Vegasen Vinu, cantares y amor ereserkiarekin egin duen bezala: euskaratu du, bai. Eta baita emakumezko koru bikaina erantsi. Baina kantuaren muina antzerakoa da, eta maisuki landu du Anarik testua, betiko legez. Aldi berean Vegasek polit, bilatu eta zaindutako bertsioak ditu, ebidenteegiak ez diren horietakoak, berriki hildako Daniel Johnstonen Deviltown-ena kasu.
Abesti baten moldaketa batek jatorrizkoa gainditu dezake, erronka makala den arren. Horrela, bertsio asko jatorrizkoak baino famatuagoak egin dira, hala nola: Johnny Cash-en Hurt (Nine Inch Nailsena) edo Jimi Hendrixen Allalongthewatchtower (Bob Dylanena) klasikoak. Baina badaude txarrak edo irrigarriak izateagatik famatu egin direnak ere. Ez dizkizuet une traumatikoak gogorarazi nahi, baina Pitingoren Smells like teen spirit (gerora onartu zuen ez zekiela Nirvana nortzuk ziren ere) edo Patxi Lopezen Soldadito marinero dira bururatzen zaizkidan lehenengoak. Egin dezagun esfortzu bat hori ahazteko...
Zurea? Nirea? Denona
Gurean erraza ez bada ere. Izan ere, Gozategik Manolo Escobarren Poronponero abestiaren moldaketa egin zutenetik, dantzan jartzen gaituzten erromerietan dena omen baitago baimenduta. Erromeriek behintzat artista ezberdinen moldaketak egiten dituzte parrandarako. Baina tributu taldeak? Hori gehiegi esatea da. Eszenatoki asko duela 40 urteko taldeen itxura eta jarrerak imita-tzen dituzten zaletuez bete dira. Eta bere meritua izango du Angus Youngen arropa eta solo berdinak egiteak edo Barricadako El Drogasen ahotsa jartzeak, baina horiek benetako sortzaileei lekua kentzea gehiegizkoa da.
Akaso, Neguri Gorriak izan daiteke gurean egin den talde tributu onargarri bakarra, hitz jokoagatik bada ere. Txantxak alde batera utzita, Euskal Herrian dauden adibide politak entzunda, amorrua ematen du moldaketa arduragabeak. Parodizatutako Negu Gorriakek adibidez, disko oso bat argitaratu zuen bertsioekin bakarrik: Salam, agur. Eta Muguruza anaiek hasieratik zuten moldaketetarako gogoa. Edo uste al zenuten Sarri sarri famatua originala zela? Benetan, Betagarriren Baldin bada edo Iseok berriki argitaratu duen Aitormena bezalako abestien bertsioak eraginkorrak ere egin daitezke. Edo Mikel Laboaren omenez egin zen Txinaurriak diskoan aurkitu daitezkeen maisulanak.
Omenaldiaren bidetik, askok plagioak egiten dituztela salatzen da, arrazoiz batzuetan. Musikaren hastapenetatik abestiak herrikoiak izan dira, jaberik gabekoak eta ahoz aho transmititutakoak, garrantzitsuena hori zelakoan: transmititzea. Gerora bluesa edo jazza bezalako estiloetan abesti berri gutxi egiten zen, dena zebilen estandar jakin batzuen errepikapenaren inguruan. Horregatik, irringarria da jabetza termino horiek musikaren unibertsaltasunarekin alderatzea, gehienetan. Baina hori guztia jabetza intelektualaren aferan sartzea izango litzateke, eta horrek Soinutopiako beste erreportaje baterako emango luke, eta baita kontzertu osteko eztabaida luzeetarako ere.
Beraz, hobeto edo txarrago, omenaldiz edo ironiaz egingo dira bertsio edo coverrak, baina eskubide osoz behintzat. Nondik dator, ordea grina hori? Kantu hori omendu edo guk ere jo dezakegula frogatu nahi diogulako gure buruari agian? Ziurrenik badago retromania aztarna handia gure barruan, abesti berdinetara behin eta berriz bueltatzera bultzatzen gaituena. Segi dezagun besteen abestiak goraipatzen, ikasten, aldrebesten, zapuzten…eta azken finean, gureak egiten.