Anes Bañosek 25 urte ditu, Aritz Maldonadok 35. durangarrak dira eta biek kultur kontsumitzaile gisa ezagutu zuten Plateruena. Iragan abenduan antzokiak ateak betiko itxiko zituela iragarri zuenean, hu-tsune hori betetzeko asmoz sortutako 'Plateruena eta gero zer?' dinamikarekin bat egitea erabaki zuten.
Zer dela-eta sortu duzue'Plateruena eta gero zer?' egitasmoa?
-Anes Baños: Durangok ezin duelako horrelako ondasun garrantzitsu bat galdu. Kultur sorkuntzarako espazio falta nabaria du herriak eta ez dugu horrelako leku bat galdu nahi.
-Aritz Maldonado: Plateruenarekin ere bazegoen espazio falta, baina, ikusten genuen hau galtzea atzerapauso handia izango zela. Gero, urte hauetan sortutako komunitatea ez galtzeko zerbait egin behar zela ikusi genuen.
Zer egin jakiteko, herriari eman diozue hitza.
-A.B.: Batu ginen lehen momentutik argi izan dugu hau herriarekin batera egin behar genuela. Hasieran banakako batzarrak egin genituen, kultur munduko jendearekin. Guztira 22 elkarte eta 34 pertsonarekin egon ginen eta horren ostean erabaki genuen espazio zabalago bat behar zela, nahi zuenak parte hartzeko. Lau lan saio egin genituen, bakoitza gai baten inguruan: prozesua definitzea, kultura, euskara eta parte hartzea. Lan saio horietan finkatu ziren proiektuari forma eman dioten oinarriak.
-A.M.: Aurreko proiektuak Durangoko sektore batzuetara heltzeko zailtasunak zituela uste dugu eta hori gainditzen saiatu gara.
Noiztik zabiltzate lanean?
-A.M.: Lehenengo batzarrak urrian izan ziren, oraindik Plateruena zabalik zegoela, baina bagenekien ixtekoa zela. Publikoki urtarrilean aurkeztu genuen dinamika eta ekainera arte sei hilabete egon gara jendearekin hartu-emanean.
'Plateruena: lantegi eta erakusleiho' txostenean Durangok kultur arloan dituen gabeziak identifikatu dituzue, zeintzuk dira?
-A. B.: Sortzaile denek esan digute gauza bera: sortzeko eta proiektu artistikoak garatzeko espazio falta daukatela herrian. Durangok espazio fisiko bat behar du parte-har-tzea sustatzeko: kultur transmisioa herritartzeko, kulturaren eta euskal kulturaren inguruko hausnarketarako€ eta kalitatezko kultur programazioaren beharra ere badu.
-A.M.: Nabaria da kultur arloko elementu desberdinak koordinatzeko gabezia eta parte hartze falta. Ohituta gaude kultura jasotzera, baina jendeak faltan du bere ikusmina azaltzeko leku bat. Plateruenak gabezia horiek betetzeko funtzioa izan dezake; parte-hartzaileagoa izatea nahi dugu.
Zein da zuen proposamena?
-A.M.: Aldaketa nagusia da Plateruena taberna bat izatetik sorkuntzarako gune bat izatera igaroko litzatekeela: erakusteko, sortzeko, sor-tzaileak elkartzeko€
-A.B.: Horrek dakar ostalaritza bigarren plano batera pasatzea, kultur sorkuntzaren osagarri bat izatera. Gure asmoa da kulturari protagonismoa ematea eta taberna zerbait programatuta dagoenean irekitzea. Bideragarria al da hori?
-A.M.: Askotan atera da gai hori, baina argi dago aurreko eredua agortu dela, itxiera hortik dator. Gure proposamenak publiko-komunitariotik dauka: uste dugu instituzioek proiektua babestu behar dutela, baina baita autofinantzatu behar dela ere. Ostalaritzaz gain gauza gehiago planteatu daitezke: artistentzako egoitzak, grabazioetarako platoa€
Euskararen sustapenak garrantzia izaten jarraituko du?
-A.B.: Noski, baina beste ikuspuntu bat eman nahi diogu. Orain arte euskaltzaleen etxea izan dena euskalduntzeko espazio bat izatea nahi dugu, kultur-aniztasunaren ikuspuntutik tresnak emateko. Adibidez, hizkuntza protokolo bat prestatu dugu.
Kultur mahai baten sorrera ere proposatzen duzue.
-A.M.: Espazioez aparte uste dugu kultur arloko guneak eta aktiboak koordinatzeko gabezia ikaragarria dagoela. Izan ere, Durangoko kulturgintzak uharteka funtzionatzen du, isolatuta. Guk kultur ekosistema horrek batera funtzionatzea nahi dugu, bakoitzaren autonomia errespetatuz, jakina, baina engranaje beraren barruan. Kultur mahai bat sustatzeko eta bertan parte hartzeko gaitasuna daukagula uste dugu.
Eta orain zer? Markatu dituzue hurrengo urratsak?
-A.M.: Proposamena ahalik eta hoberen landu dugu eta uste dugu interesgarria dela. Uztailaren lehenean herritarren aurrean aurkeztu genuen eta txostenaren kopia bana eman diogu udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei. Hurrengo pausoa haiekin batzea da. Alderdi politiko guztiekin batu nahi dugu, uste dugulako proiektu hau luzerako izan behar dela, unean uneko udal gobernua gorabehera.
-A.B.: Udalarekin uneoro egon gara kontaktuan, eta gure asmoa proiektua elkarlanean aurrera eramatea da.
Noizko espero duzue martxan egotea?
-A.M.: Uste dugu lehenbailehen zabaldu beharko litzatekeela, baina ez dago gure esku. Ez dira garai onenak kulturgintzarako, eta iazko udan ikusi zen Plateruena zabalik egonda kultur eskaintza manten-tzeko gaitasuna egon zela, baina itxi denetik kultur eskaintza herren dago, nahiz eta jarraitu duen egoten.
-A.B.: Herrian nabaritzen da Plateruena gabe daramagun denbora eta zenbat eta gehiago luzatu okerrago izango da. Gainera, Durangon ez ezik Euskal Herri mailan ere nabarituko da falta hori.