BAKARRIZKETA bat sortzeko gai unibertsal bila hasi zen Alazne Etxeberria (Errenteria, 1979) 2015eko udan. Maitasuna izan zuen burutazio, eta harremanen nahasmasaren bueltan ondu zuen sorkuntza. Bikote bila, zenbat komeri! bakarrizketak harremanak, maitasuna eta bizitzaren funtsa bezalako kontuak ditu hizpide; betiere umorez blaituta. Etxeberriak dio bakarrizketa formatu erosoa dela askotariko oholtzetan aritzeko; halere, arte kuttuna du taldeko sorkun-tza, antzerkia.

Sei urte atzera egin behar da bakarrizketaren ernamuinera heltzeko. Ez da marka makala€.

-2015eko udan jaio zen bakarrizketa. Beste gidoilari batek, Ekaitz Cruzek, eta nik egin genuen elkarlanean. Lehen boloa 2015eko azaroan izan zen, eta handik aurrera jarraitu dut.

Berdin berdina da sei urteren ondoren?

-Berdintsu jarraitzen du, baina pixka bat aldatzen da saio bakoitzean. Munduan, edo nire bizitzan, edo herri horretan gertatzen diren kontuen arabera aldatzen da; gaurkotasunari lotutako komentario bat edo beste txertatzen dut. Baina, finean, jarraitzen du izaten maitasunari buruzko bakarrizketa bat, zehazki, bikotea bilatzeari buruzkoa. Eta, aldi berean, beste gai batzuei buruzkoa ere bada: telebista, publizitatea, bizitzaren funtsa, lana... gai pila bat gurutzatzen dira.

'Bikote bila, zenbat komeri!' du izenburua bakarrizketak. Zertarako aukera ematen dizu harremanen gaiari umoretik heltzeak?

-Bilatzen nuen gai bat denok identifikatuta senti gintezen. Maitasuna beti oso gai errepikakorra da. Da gai bat infinitua dena. Edozein delarik ere zure adina, maitasunarekin zerikusia duten esperientziak dituzu. Ildo nagusia hori da, eta gero gainera gurutzatzen dira beste gai batzuk jorratzeko. Ildo erakargarria, eta baita ere morbosilloa, iruditzen zitzaidan harreman gaia.

Abiapuntua edo ideiak zuk eta ingurukoek bizitako kontuetan daude?

-Badaude entzundako istorioak edo nik neuk bizitako ziten zantzuak, baina dena fikzioan kokatuta. Ideiak noski nire ingurutik eta niregandik datozela nolabait, baina dena dago oso handituta. Irudimenetik asko du. Nire bizitza ez da hain intentsoa. Irudimen eta fikzio asko du, eta, era berean, zenbait egia orokor ere esaten ditut.

Nahiko gai unibertsala da maitasuna, zein izan ohi da publikoaren erantzuna?

-Normalean erreakzioa da eskerrak ematea. Eskerrak ematen dituzte barre eginarazteagatik. Batez ere 40 urtetik gorako emakumeak, horiek dira identifikatuen sentitzen direnak.

Telebista, antzerkia...mila saltsatan ibilitakoa zara. Zein da bakarrizketaren xarma?

-Oso erosoa da. Eraman dezakezu edozein tokitara. Nik egin izan dut tabernetan bakarrizketa hau, kasurako. Eta, era berean, eraman dezakezu bakarrizketa antzoki batera edo kultur etxe txiki batera. Gero, era berean, ez zara kutsatzen beste batekin, bakarrik zaudelako eszenatokian. Hori baita ere erosoa da. Une aproposa da hau bakarrizketentzako.

Eta sortzaile gisa, zer nahiago bakarrizketalari aritu edo antzerkian?

-Egia esan, talde batekin antzezteak magia berezi bat dauka. Bakarrizketa erosoa da, eta gustura nago, baina talde batekin beste sentsazio batzuk daude, potenteagoa da beti talde batean lana egitea. Eta sorkuntzan buru bat baino gehiago dagoenean oholtza gainean probak egiten, eszenak sortzen, berrikusten.

Erosoagoa da bakarrizketa, baina zirraragarriagoa da taldean lan egitea. Aberasgarriagoa, akaso.

Aldi berean ere, presio gai izan daiteke bikotea edukitzearen betebeharra€

-Gaiari heldu nionean mitotzat hartu nuen, ez baitzen ni bizitzen ari nin-tzen egoera. Baina gerora ohartu naiz nahiko egia dela esaten dudana€ adin batetik aurrera bereziki asko ezkontzen eta haurrak izaten hasten dira, eta, ondoren, dibortzioak eta banaketak datoz. Hor egoten da bikotea bilatzearen fase berri moduko bat eta harremanak ezberdinak dira dagoeneko; beste ardura batzuk dituzu, ez duzu lehen besteko askatasuna€

Umore saio bat da bakarrizketa, zertarako umorea eta horrelako saioak?

-Beti da osasuntsua da barre egitea, beti. Baina, orain, une honetan, batez ere jendeak pila bat behar du, eta nabaritu egiten da. Irrikan daude barre egiteko. Irrikan bizi dugun krisi honetaz ahazteko; behintzat, arratsalde batez. Ebasio horretarako baliagarria da umorea oso.

Kritika hori ere badago, orduan? Egoeraz barre egitea€

-Bizitzaren funtsari egiten diot erreferentzia, hortik doa kritika. Ordu gehien sartzen ditugun lekua da lantokia. Beti gabiltza lanean; esklabu hutsak gara eta ez gara konturatzen. Hortik ere egiten dut kritika.

Bakarrizketak zenbat du zure antzezle pasiotik?

-Asko. Ikaragarri gustatzen zait teatralizatzea, gorputza sartzea. An-tzerki fisikoaren eta espresibitatearen oso zalea naiz, eta horrek presentzia handia du bakarrizketan. Pertsonaiak imitatu, ahotsak jarri€ asko egiten ditut horrelakoak. 'Stand up comedy' tradizionala estatikoagoa da, bakarrizketaria mikro baten aurrean jartzen da zutik, geldi. Nik diadema mikroa jantzita egiten dut bakarrizketa, mugitzeko askatasuna izateko. Dinamikoa da ikuskizuna.