GUSTUKO aldapan, nekerik ez. Jai egunik ez dauka Ainhoa Urgoitia zinemagileak Enrique Reyrekin batera zuzendu duen azken dokumentalaren protagonistak: Joana Lara da bera. Barraskiloek etxea aldean daramaten bezala, bizitokia lantoki eta bizimodu bihurtu du Larak ere. Barraskiloen haztegia sortu eta nekazaritza-ustiategi baten jabea da gaur egun.

Barraskiloentzat iganderik ez film laburrak erakutsi nahi du nekazaritzak ez duela iganderik ez jai egunik ezagutzen. Baina, azken batean, Joanaren kasuan bezala, jai egunik ez izatea norberaren aukera dela ere ikusiko da filmean. Urgoitiak azaldu duenez, pertsonek aukeratzen dute lan hori. Dokumental laburraren protagonistak barraskiloen haztegia jartzea pentsatu zuen, eta interesgarria iruditu zitzaien pelikularen egileei: "Protagonistak berak dioen bezala, abeltzaintzan edo nekazaritzan lan egiteko askoren ustea da betidaniko lanbidea izan behar duzula. Baina ez da hori errealitatea".

Ez da hori protagonistaren kasua. Arte Ederrak ikasi zituen, eta hainbat lekutan lan egin ostean erabaki zuen nekazaritzan murgiltzea. "Ez da lan soil bat, bizimodu bat da eta bizimodu eredu hori aukeratu zuen beretzat eta bere ingurukoentzat. Horregatik, bere planteamendua oso interesgarria iruditu zitzaigun".

AURREIRITZIEN KONTRA

Hainbat estereotiporekin apurtzea du helburu Urgoitiak bere azken lanarekin: "Abeltzaintzari buruz ari garenean, normalean, gizonaren irudia datorkigu, eta estereotipo edo irudi horrekin apurtu nahi genuen. Horrez gain, ikusgarri egin nahi dugu lehen sektorea emakumeentzat ere lan egiteko aukera dela, beste zenbait sektore bezala. Ez da ezaugarri berezirik behar horretarako". Film laburraren protagonistak berak erakutsiko duenez, nekazaria edo abeltzaina izatea ez da lanbide bat bakarrik, bizimodu bat ere bada, beretzat eta bere ingurukoentzat aukeratu duena. Bere seme-alabak hezteko modu bat da; eta hori aldarrikatu nahi du: "Mundua ikusteko beste era bat da". Izan ere, astelehenetik igandera lan egin arren, eta jai egunik eduki ez arren, dokumentalean erakutsiko du bere seme-alabekin egoteko eta, aldi berean, baserrian egoteko aukera duela.

Luzemetraia izan behar zena film laburrera mugatu zuten finantziazio faltagatik. Hala ere, istorioak ez du nortasuna galdu. "Barraskiloak haztea baino gehiago, emakumeentzat baserria ogibide bihurtzeak zer suposatzen duen kontatuko du, eta hori zen asmoa". Horrela, nekazal-ustiategi baten buru gizonezkoak izan behar duen estereotipoarekin apurtu gura dute film laburraren egileek; sektore hori emakumeentzat ere lan aukera bezala agertzea. "Baserrian emakumea irudikatu da zainketa lanetan eta etxe barruan lanean. Baina ez da hori errealitatea. Zainketa lanak egin dituzte, bai, baina animaliekin eta baratzean ere lan asko egin dute".

OGIBIDEA BAINO GEHIAGO

Are gehiago, Urgoitiak azaldu duenez, gaur egun emakume asko daude beraien esplotazioa dutenak eta beraien enpresaren jabeak direnak. "Aldarrikatu nahi duguna da emakumeak betidanik egon direla baserrietan; bai etxe barruan lanean eta baita kanpoan ere. Beti izan dira sostengua, eta ezinbestekoak baserria aurrera eramateko. Hala ere, historiak gizonek egindako lana baino ez du erakutsi, eta ez du erakusten hainbat emakumek beraien nekazaritza-ustiategia negozio eta enpresa bihurtu dutela". Profesionaltasun hori onartu behar zaie, Urgoitiaren ustez, eta zinemagilearen azken lanak injustizia horrekin apurtu nahi du, emakumeen lana erakutsiz eta balioan jarriz: "Dagokien lekua hartzen ari dira".

Bizi eredu bat bakarrik ez, elikatzeko beste modu bat ere posible dela aldarrikatu nahi du ikus-entzunezkoak. Mundu globalizatuaren eredutik aldenduz, zero kilometroko produktuak, ekologikoak eta tokian tokikoak kontsumitzearen aldeko apustua erakutsiko du. Urgoitiaren iritziz, hori lantzea ere garrantzitsua delako. "Protagonistak berak dioen bezala, jaten duguna garelako. Sarritan aurretik prestatuta dauden elikagaiak jaten ditugu, eta ez gara ohartzen jaten dugunaren ondorioa garela. Ez digute erakusten nola elikatu behar garen, eta gure seme-alabei ere ez diegu irakasten".

IRITZIAK SORTU

Barraskiloentzat iganderik ez Malagako festibalean dago orain, 'Afirmando los derechos de las mujeres' atalean. Emakumeen gaia sarritan landu du Urgoitiak, eta bere azken lana jaialdi horretako atal horretan aukeratua izatea opari bat dela esan du. Argentinan ere izango da, Festival internacional de Cine del Trabajo deritzonean, baita Madrilgo Zine jaialdian ere. Festibaletan egin gura dute bidea, oraindik. Hala ere, eztabaida sortu daitekeen espazioetara ere eraman nahi dute dokumentala: genero ikuspuntuari buruz iritziak sortzeko eta partekatzeko. "Ez zaigu gustatzen pentsamendu hegemoniko bat egotea" -dio zuzendariak- "eztabaidatu behar da, eta genero perspektibaren inguruan are gehiago".