Literatur Emailuak buletinak 1.000. zenbakia argitaratu du apirilaren 22an. Zehazki, 2002ko urtarrilean abiatu zuen Susa argitaletxeak proiektua, eta ordutik astero-astero ale berri bat argitaratu duteatarian. Izan ere, literaturaren gaineko informazioa hedatzen duen albistegi elektronikoa da Literatur Emailuak. Doako zerbitzua da, eta albistegia jasotzeko nahikoa da izen-abizenak eta posta elektronikoa ematea. Hortaz, interesa duen edonork egin dezake harpidetza.

2006az geroztik weblog modura irakurri daiteke, nahiz eta albistegia astero email bidez jasotzeko aukera dagoen oraindik ere. Ostegunetan jasotzen dute harpidetza egin duten irakurleek buletina, literaturaren gaineko albiste, ekimen eta agendaz osatuta. Aipatutako webloga ere ostegunero elikatzen dute.

Gaur egun, hiru dira Susa argitaletxeak eta Armiarma literatur sareak eskaintzen duten buletin elektronikoaren egileak: Leire Lopez, Mikel Elorza eta Patxi Gaztelumendi. Azken honek azaldu ditu proiektuaren inguruko hainbat kontu. Armiarma Literatur Aldizkarien Gordailuaren lehen helbidea izan zen Literatur Emailuak. Gaztelumendik adierazitakoaren arabera, 2001. urtean hasi ziren hainbat literatur aldizkari digitalizatzen, eta martxorako aurkeztu zituzten bai sarean eta baita jendaurrean ere. Datu bilketa egin zutela aipatu du, ondoren hura ordenatu eta sarera igotzeko, interesa duen pertsona ororentzat eskuragarri egon dadin.

Ordurako Susa argitaletxeak webgune txukuna sortua zuen, bazegoen, beraz, literaturaren inguruan "martxa apur bat" Euskal Herrian: errezitalak, aurkezpenak, hitzaldiak€ Dena den, Gaztelumendik kontatu duenez, literaturaz jarduteko tresna bat behar zutelako hasi ziren albisteak email bidez partekatzen.

Zehazki, 2002ko urtarrilean abiatu zuten Literatur Emailuak proiektua. Astero-astero efemerideak, literatur albiste, ekitaldi eta urteurrenak batu dituztela esan du Gaztelumendik: "Dagoeneko mila aste egin ditugu horretan, eta ez dugu gelditzeko astirik izan". Izan ere, literatura "bizi-bizi" dagoela dio, eta urteotan "hamaikatxo proiektu" garatu dituztela literaturaren sarean.

HOGEI URTEZ

2002ko urtarriletik gaur egunera egindako ibilbidea "oso aberatsa" izan dela azaldu du Gaztelumendik, "gorakadak eta leherketak ezagutu ditugu, baina literaturaren inguruan garapen polita ikusi dugu". Gutxi gora behera, 1.500 helbidetara heltzen da gaur egun albistegi elektronikoa, astero-astero. Dena den, gogoratu du sarean literatura "mordoa" daukatela denon eskura, urtean 365 egunez, eta egunean 24 orduz. Horretarako, webloga bisitatu dezake gogoa eta interesa duen edonork.

Hortaz, Literatur Emailuak buletina ipuin, poema, audio, letra, liburu, agenda eta bestelako informazio guzti horien zubi lana egiteko tresna izan dela dio: "Asko ikasi dugu, asko irakurri dugu, eta uste dugu eskaini ere asko egin dugula aukeran".

MILA ASTE SAREAN

Dagoeneko, milagarren zenbakia argitaratu dute, Armiarma atariak 20 urte bete berritan. Azken ale honetan, liburu egunaren bezperan, azken nobedadeak agertu dira, baita agenda "potoloa" ere. Horrez gain, Munduko Poesia Kaierak eta antzerki testuen Ganbila bildumako bost liburu eskaini dituzte sarean, oso-osorik.

Azpimarratzekoa da ere hogei urteak ospatzeko Armiarma.eus ataria berriztea erabaki dutela. Zehazki, mugikorretan pentsatutako diseinu berria da prestatu dutena.Hortaz, ale eta data berezi hauetarako "gauza polita" prestatu dutela azaldu du Gaztelumendik, eta irakurlea izan dute buruan horretarako. Mila asteren ostean ere "gogotsu" ekingo diote, "sarean batu eta banatzeari".

Datozen urteetan arreta ipiniz gero, badute hainbat helburu eta erronka. Gaztelumendik esandakoaren arabera, edukiak sortu eta, batez ere, irakurleei material hura eskaintzen jarraitu nahi dute, orain arte egin bezala: itzulpenak, liburuak, audioak, argazkiak, efemerideak€ "Sarea etengabe osatzen" jarraituko du datozen urteetan Armiarmak, eta langintza horretan arituko da ere Literatur Emailuak.

Horretarako, bestalde, etorkizunera begira proiektu iraunkorra behar dutela aipatu du, "ezin daiteke berrikuntzarik planteatu, daukaguna babestu eta jagon barik". Hortaz, edukiak batu egingo dituzte aurreratzean ere, ondoren horiek jendearen eskura jarri eta mantentzeko. "Zoritxarrez", dagoeneko desagertu egin diren kultur proiektu eta webgune ugari ezagutu dituzte azken hogei urteotan, Gaztelumendik esandakoaren arabera. Hala, gaur egun kultur edukien mundua sarean "anitza" den arren, oraindik ere gehiago "aberastu"ahal eta behar dela uste du: "Horretan dihardugu, eta pozik, batez ere laguntzeko prest agertzen diren literaturzale askori esker".