Ez da hainbeste denbora pasa telebista kateek bideoklipak jartzen zituztenetik. Are gehiago, bideoklipak etengabe jartzen zituzten telebista kateak bazeuden ere. Orain, milaka kate eskura ditugun garai hauetan, musika kate espezializatu oso gutxi daude, eta zer esanik ez euskaraz. Hala ere, YouTuberen agerpenarekin ikus-entzunezkoa demokratizatu egin zen duela hamar urte baino gutxiago.
Euskal taldeek ere bertara jo zuten bideoklipentzako erakusleiho bila. Zea Maysen Negua joan da ta (2011) bideoklip sentiberak marka guztiak gainditu zituen, eta egun bost milioi ikusarazte ditu. Gatibuk ere zenbaki antzekoak lortu ditu eta oraintsu Chill Mafiak duela aspaldiko fenomeno biraleko protagonista izan dira Gazte arruntaren koplak (2021) bideo sinple baina original eta mamitsuarekin.
Bideoklipetan bakarrik ez, zuzenekoetan ere produkzio handia daukagu Two Baskosen kalitatezko aukeraketari edo Stereozonaren Villa de Bilbaoko lehiaketako saioen emankizunari esker. Halaber, dokumental garrantzitsuak argitaratu dira: hala nola, Alvaro Fierroren 160 metros: una historia del rock en Bizkaia (2014) edo Javi Molinaren MoreJaia, el documental (2020), euskal ravero famatuenen ibilbideari buruzkoa.
Azkenengo urteetako euskal bideoklip produkzioek maila handiagoa erakusten dute. Zetak taldearen irudiaren atzean dagoen Iratxe Reparazek argi du "mundu mailan ikus-entzunezkoen boom bat" egon dela eta bideoklipak "zerbait masiboa" bilakatu direla. 2019an ekin zion bakarkako ibilbideari Pello Reparaz musikariak, eta ordutik dabil Iratxe proiektuaren arte zuzendari lanetan. Arriguri kolektiboa duela urte batzuk hasi zen bideoklipak grabatzen, eta oraintsu Saiatzen naiz Merina Grisen bideo ikusgarrian parte hartu du, Badator eta Galapanekin lankide. Proiektuei gehitzen dioten identitate eta kalitatea medio, biak egungo egoera emankorraren erakusle dira.
Iratxeri "zaindutako estetika batek, apustu ausartek, eta lan egiten dugun artisten ideiekin bat egiteak" ematen dio proiektu batenganako interesa. Arrigurirentzat, aldiz "musika taldea bera edo aktore bat, arte zuzendari bat, kamara laguntzaile bat edo eguneko menu gozo bat" izan daitezke proiektu bat hartzeko arrazoiak. Hauen ustez, erraztasunak badauka goraldi honekin erlazio handia: "lehen ez genuen hain merke materiala, ezta ezagutza guztia interneten" eta "taldeek ez zuten egun osoa erakusleihoan egoteko beharrizanik". Reparazentzat, naturalagoa da bilakaera, belaunaldi berri honek "ikus-entzunezkoa duelako sormena adierazteko modua".
Euskal iruditeri berriaren bila
Iratxe Reparazek argi dauka "bideoklipak maila berri batera eramateko saiakera" egiten ari dela. Eta, bere erreferenteen artean Xavier Dolan, Ulrich Seidl edo Erich Rohmer bezalakoak zerrendatzen baditu ere, euskal iruditeri garaikidea sort-zen ari dela uste du: "batzuek pentsatuko dute folklorea berreskuratu dela. Baina guztiz kontrakoa da, desakralizatu egin da". "Ez dute klixea erreproduzitu, berrinterpretatu dute XXI. mendeko ikuspegitik" dio, Zetak edo Chill Mafiaren lanen harira.
Lehen aipatutako nortasun ildo hori argi ikusi daiteke bai Zetakek erabiltzen dituen tipografietan, zaindutako detaile txikienetan eta noski, paisaietan. Arriguriren bideoetan ere nabaria da antzinako kamera eta tresnekin ematen dioten giroan, eta artisautzatik gertu dagoen lan egiteko eran. Dena dela, pesimistago agertzen dira, inspirazioen artean "amumarekin bazkaltzea" nagusienen artean aipatzen badute ere "denok ari gara 20 aldiz aurrekontu gehiago duten bideoklipak kopiatu nahian" aitortuta, "lanketa hori egiteko baliabide eta baldintzarik ez dago" argudiatuz.
Beharrezkoa bai, baina ez jasangarria
Reparazek garbi defendatzen du proiektu musikal batek ez lukeela "irudirik gabe bizi behar, proposamen artistiko biribil bat bihurtzeko beste oinarri bat" baita. Gainera, musika taldeak jada ez dutela soilik musikariek osatzen gehitu du, sormen talde zabalago batek baizik. Edo horrela beharko luke behintzat, bere hitzetan "taldeek irudiak izan dezakeen eragina oso garrantzitsua dela badakitelako". Arriguri kolektibokoak ere "zoritxarrez" taldeek "markek bezala funtzionatu behar dutela" agertu dute.
YouTubek ematen duen errentagarritasuna biek jartzen dute kolokan, hala ere Reparazek musikariek errentagarritasun hori beste leku batzuetatik lortzen dutela adierazi du: "kontzertuetatik, diskoen salmentatik€". Haatik, "katxe altua duten talde askok dirurik ez dagoela esan digute, eta guk sinesten diegu" azaleratu dute Arriguritik eta industria "burbuila" bat dela, ez dela jasangarria. "Errotik dago kontua txarto, gehienetan taldekideek poltsikotik jartzen dute dirua, eta industria hau ezin da modu isolatuan aldatu" nabarmendu dute, eta Gaztea sarietan bideoklipengatik sarituak taldeak izatea salatu dute, "beraiek mugikorrarekin egingo balituzte moduan".
Argi utzi dute bizi garen garaian musika proiektuek berebizikoa dutela irudia zaintzea, eta bideoklipen industria ez dagoela musikarengandik isolatuta, prekarizazio parekoa biziz. Eta azken finean, ikus-entzunezko langileen sormena aitortzeko bide luzea geratzen zaigula.