Posible al da norberarena ez den lur batean sustraiak botatzea? Noiz bukatzen du migrante batek migrante izaten? Nola ikusten ditut nik migranteak? Eta, gai naiz beraien ezberdintasunean, neuk ere beraiek nire herritar sentitzeko? Galdera ugari; galdera potoloak, Amancay Gaztañagaren iritziz. Antzeztoki atzetik zein gainetik, behean edo aurrean daudenei egin nahi dizkietenak; beraien buruei jada egindakoak.
Euskal Herrian bizi diren atzerritarren ahotsa izango da Artedramak eta Huts Teatroak sortutako lan berria: Atzerrian lurra garratz. Laura Penagosek eta Ander Lipusek elkar ezagutu zutenean sortu zen guztia, duela bi urte. Penagosek berak idatzitako testu batzuk erakutsi zizkion Lipusi, eta orduan sortu erein zuten hazia. Testu horietatik eratorritako guztia, baina, asko aldatu da hasiera haietatik. Bidean, Amancay Gaztañagarekin egin du topo bikoteak. "Artedramak eta Huts Teatroak emakume baten begietatik kontatu nahi zuten istorioa; hasieran dramaturgia bat idaztekoa hasi nuena, zuzentzen bukatu nuen".
Eszenatokian Aurora Mora artista ageri da, bere instalazio artistikoari azken ukituak ematen. Gaua da, bere bizitza betirako aldatuko duen deia jasotzen duenean. Ahizpa da, Kolonbiatik, ama ustekabean hil denaren abisua emanez. Goizean, Bogotara itzultzeko hegaldia hartu behar du. Eta bitartean, gaua dolu gau bilakatu da, eta horrekin etorri dira amorru, maitasun, min, negar, barre eta bestelako sentimenduak. Aurora ez dago bakarrik, sentimendu horien inguruan izango baitira, joan-etorrian, Auroraren han eta hemengo senideak: ama, ahizpa, amona, mutilaguna, eta horren aita. Guztiak Ander Lipusek berak interpretatutakoak.
Laura Penagosen bizipenak eta sentipenak izan dituzte abiapuntu antzezlanean, berak idatzitako testu batzuetatik abiatuta; Aurora, beraz, fikziozko pertsonaia da, baina badu errealitatetik. Geruza asko dituen antzezlan bat da, Gaztañagaren iritziz; izan ere, badu familiarretik zerbait, badu baita politikotik ere, eta Aurora Euskal Herrian bizi den emakume sortzaile bezala ere ikus daiteke.
"Atzerrian lurra garratz, hoña ibini eginik baratz" esaera zaharra oinarri hartuta osatu dute obra berriaren izenburua, eta horren esanahiak antzezlan guztian hartzen du zentzua. "Esaerak dio lurra ez dela hain egonkorra, ez dela oso lur samurra, ezegonkor sentitzen dugula, eta kontuz osatu behar dugula, kontuz eman behar direla eman beharreko pausoak. Hori izan zen abiapuntua, guk ere nahi genuelako kontatu espazio bat eman nahi geniela Euskal Herrian bizi diren migranteei", azaldu du obraren zuzendariak. Hala, esaera hori tranpolin legez hartu, eta hamaika istoriotara eramango dituzte ikus-entzuleak.
Asko dira antzezlanean jorratzen diren gaiak, eta horien guztien bitartez, gogoeta egitera gonbidatu nahi dute Atzerrian lurra garratz ikustera doan publikoa; "Antzezlana ikustetik ateratzerakoan, pentsa dezatela: Nola ikusten ditut nik migranteak?". Zuzendariari berari ere zer hausnartu eman dio prozesu horrek guztiak. "Gainera, plano askotan ukitu nau; ni Ekuadorren jaioa naiz, eta bost urte nituenean etorri nintzen Euskal Herrira. Nahiz eta familia euskalduna izan, nik neuk ere sentitu izan dut noizbait Aurorak dioen zatiketa hori: nongoa naizen eta zergatik guztiok nahi dugun toki batekoa izan". Bere ziurtasunetik egin dizkio galderak bere buruari, eta antzezlanaren laguntzaz, posible izan du bere buruari erantzunak ematea.
Bi urtean elikatua
Bi urtez, antzezlana bere bizitzaren parte izan dela aitortu du Gaztañagak, eta, alderantziz, bera ere antzezlanaren parte izan da, bi urteko bere bizipenak bertan baitaude: "Azken finean, elkar elikatu garen zerbait izan da". Oraintsu erditutako umea da Atzerrian lurra garratz Gaztañagarentzat, sabelean hazten doana eta nolako bilakaera edukiko duen ez dakiena.
Emaitzarekin pozik da zuzendaria, eta pozik migranteei beraien ikuspuntutik beraiena kontatu ahal izateko espazioa emateaz. Orain, bi urteko bidea eginda, publikoarekin partekatzeko unea da, eta irrikan da horretarako, "behar bat ere badelako".
Sortze prozesuak momentu asko edukitzen ditu, eta dibertigarriak izan diren une asko izan ditu zuzendariarentzat. Antzezlana taula gainera eramatearekin batera, baina, obrak duen beste alde bat hasi da berarentzat; "hain samurra ez dena". "Eskua askatu behar diozu zuk sortu duzun horri, eta, pixkanaka, taldeko besteena ere izaten hasten da. Ni beti egongo naiz hor, gainbegiratzen, baina egina dago, eta gozatzeko momentuak, orain, besteenak izango dira, nireak bukatu dira pixka bat. Besteek ikus dezaten gogoz nago".
Otsailaren 12an Oñatin estreinatu zuten Atzerrian lurra garratz, eta, dirudienez, etenik izango ez duen bidea egingo du datozen hilabeteetan.