Denean hezkuntza eta antzerkia uztartzea gustatzen zaio Jon Olivaresi. Batez ere hezkuntza ez formalean egin du lan, hainbat euskara elkartetan. Orain hezkuntzan eszedentzia hartu eta interpretazioan murgildu da, baina ez da geldirik egotekoa bera. Kirol eta kultura zale amorratua, Osintxuko auzo alkate izandakoa... Hamaika sekretu gordetzen ditu aktore bergararrak.
Nola hasi zinen antzerki munduan?
-Pixka bat kasualitatez. Betidanik izan ditut buruan antzerkiaren eta hezkuntzaren munduak. Haur Hezkuntza ikasi nuenean antzerkigintza hautazko irakasgaietako bat zen. Irakaslea Elgoibarko Taupada antzerki taldeko arduraduna zen eta antzerki bat egitea proposatu zidan, aste beteko kontua izango omen zen. Hamaika urte beranduago han jarraitzen dut, bi telesail egin berri ditut eta momentu honetan hezkuntzatik eszedentzia batean nago.
Eta antzerkitik pantailara, noiz egin zenuen salto?
-Saltoa Patria telesailarekin egin nuen. Egia da orain urte batzuk Goenkale-n kapitulu bat egin nuela, baina proba-tzeko izan zen batez ere, saltoa Patria-rekin egin nuen.
Salto handia, gainera.
-Erronka handia izan da, hasieran presio handia sentitzen nuen nire buruarekiko, proiektu potolo batean parte hartzearen presioa. Betidanik miretsi ditudan aktoreekin buruz buru egin dut lan. Beraz aldi berean gozamen handia izan da. Horrelako lankideekin saltoa erosoa izan da.
'Patria' eta 'Altsasu', zeresan handia ematen ari diren telesailak, biak ala biak.
Biek hautsak harrotzeko moduko gaiak lantzen dituzte, bai. Patria-rekin gertatu da, zeresana eman du, estreinatu aurretik batez ere. Kaleratu ostean kritikak gehiago mugatu dira telesailaren kalitatera eta aktoreon lanera. Altsasu-rekin ikusiko dugu, baina zeresana eman du eta emango du ziur, lau urte besterik ez dira pasatu eta gaia oso presente dago.
Zelan bizi duzu?
-Edozein proiekturekin bezala zalantzak izaten ditugu, papera onartu edo ez, zer ikuspuntutik lantzen den ikusi, lantaldeak zeintzuk diren jakin... Proiektu guztiekin izaten ditugu zalantzak eta horrelako gaiekin are gehiago. Azken finean gu aktoreak gara eta kulturaren helburuetako bat hori da, gaur egun pil-pilean dauden gaiak mahai gainean jartzea, galderak sortzea eta erantzunik ez ematea inoiz, hori ikuslearen zeregina da. Polita da lantzen diren gaietan aniztasuna egotea eta kulturaren bitartez askotariko gaiak plazaratzea.
Gogoan duzu telesailotan parte hartzeko proposamena egin zizuten eguna?
-Lehendabizi Patria izan zen. Hezkun-tzan nebilen lanean eta Madrildik deitu ninduten antzezten ikusi nahi nindutela esateko. Astebetean bizpahiru bidaia egin behar izan nituen Madrilera, lanean jarraitzen nuen bitartean, zoramena izan zen. Handik bi astera barruan nengoela esateko deitu zidaten. Altsasu grabatzeko itxialdia amaitu ostean jarri ziren nirekin harremanetan. Koronabirusa dela eta prozesua motelagoa izan da, dena zailagoa delako.
Nolako telesaila da 'Altsasu'?
-Ikuslea pertsonaien azalean sar dadin saiatu gara, haiek bizitako egoerak sentiaraztea. Pertsonaia bakoitzak era batean bizitzen du istorioa, eta telesaila horretara doa, pertsonaiek bizi dituzten emozio eta sentimendu horiek helaraztera. Oso presente izan dugu hori lan egitean.
Zein da zure pertsonaia?
-Nire pertsonaia Urko da, herriko gazte bat. Apur bat estratega da, lidertza puntu bat dauka, pixka bat hotza da. Egoera jakin batek bizitza nola aldatzen dion erakusten da seriean.
Gogorra izan da horren lan sentikorra grabatzea?
-Denetariko egunak egon dira, baina, gogorra baino, hunkigarria izan da. Sekuentzia jakin batzuk oso hunkigarriak izan dira, adibidez, Urkok bere bikotearekin duen harremana edo telesailean zehar agertzen diren "gero arte" batzuk. Gogorra izan da hotz handia pasatu dugulako, baina bestela hunkigarria izan dela esango nuke.
Udazken honetan euskarazko fikziozko hiru serie kaleratu dira, nolakoa da egoera euskarazko fikzioan?
-Badirudi du apustua egin dela euskarazko fikzioari tokia egiteko. Uste dut ezinbestekoa dela kulturaren bitartez eguneroko gaien inguruan hitz egitea eta euskaraz egitea, gainera Euskal Herrian artista ugari eta oso onak ditugu. Ematen du horren aldeko apustua egin dela, iaz hasi zen Ihesaldia-rekin eta espero dugu bide horretatik jarraitzea.
Antzerkiaz gain zer beste zaletasun dituzu?
-Ugari. Asko gustatzen zait kirola egitea, mendira joatea, irakurtzea, musika entzutea... eta hezkuntza eta interpretazioa denean uztartzea.
Bestalde, Osintxuko (Bergara) auzo alkatea izan zara, zertan datza?
Osintxu Bergarako auzo bat da baina herritik sei kilometrora dago. Bergaran herritik aparte dauden auzoek auzo alkatea daukate. Auzokideen zalantzak eta proposamenak udalera eramaten ditu auzo alkateak, auzoa ordezkatzen du, eskolako delegatuak bezala. Niri 22 urterekin proposatu zidaten Osintxuko auzo alkatea izatea. Beti izan naiz oso aktiboa herrigintzan, maite dut herria eta herrian lan egitea. Sei urtez izan nintzen auzo alkate.