Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 22.100 langabe gehiago zenbatetsi ditu 2024ko lehenbiziko hiruhilekoan aurrekoaren aldean (+%31,57), eta orotara 91.900 daude, lagabezia tasa %8,53 izanik. Gainera, 39.200 enplegu galdu dira urtarriletik martxora bitartean. Aurtengo lehen hiruhilekoa iazkoarekin alderatuta, 800 langabe gehiago izan dira (+%0,86), INE estatistika erakundeak ostiral honetan kaleratu duen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.

EAEko 16 urtetik gorako populazioa 1.909.300 pertsonakoa da urteko lehen hiruhilekoan, hots, aurrekoan baino 1.000 gehiago

Urtarriletik martxora aurreko hiruhilekoan baino 39.200 landun gutxiago zenbatetsi dira EAEn

Urtarriletik martxora aurreko hiruhilekoan baino 39.200 landun gutxiago zenbatetsi dira EAEn (-%3,83), eta orotara 985.000 daude. 2023ko hiruhileko beraren aldean, berriz, 20.300 landu gehiago izan dira, hau da, %2,11ko gehikuntza.

Bestalde, EAEko 16 urtetik gorako populazioa 1.909.300 pertsonakoa da urteko lehen hiruhilekoan, hots, aurrekoan baino 1.000 gehiago (+%0,01) eta 2023ko lehen hiruhilekoan baino 19.000 gehiago (+%1,01).

Halaber, aurreko hiruhilekoan baino 17.100 pertsona aktibo gutxiago zenbatetsi dira aurtengo urtarriletik martxora (-%1,57), eta guztira 1.076.900 daude, hau da, 2023ko lehenbiziko hiruhilekoan baino 21.100 gehiago (+%2,0)

Bilakaera horiekin, EAEko langabezia tasa %8,53 da urteko lehen hiruhilekoan; emakumeen artean %9,30 da langabezia tasa (48.300 langabe), eta gizonen artean %7,82 (43.600). Jarduera tasa orokorra %56,40 da, %52,47 izanik emakumeen artean (470.700 landun) eta %60,62 gizonen artean (514.300).

Arabak du langabezia tasarik altuena (%8,80) 14.200 langaberekin

Azkenik, lurraldeka, Arabak du langabezia tasarik altuena (%8,80) 14.200 langaberekin; Bizkaiak %8,68ko langabezia tasa du, eta 50.300 langabe, eta Gipuzkoan 27.400 langabe daude, %8,16ko tasarekin. Landunak 147.500 dira Araban, eta jarduera tasa %57,13; Bizkaian 529.200 landun daude (%57,78), eta Gipuzkoan 308.300 (%53,84).