Jose Mari Zabala, artista

"Gustatuko litzaidake gazte nintzela egin dudan guztia kutxa batean aurkitzea, lehenagotik egina"

'Museo bikoitza' proiektuaren partaide izango da Zabala, Donostiako San Telmo museoan, Erlea Maneros artistak lekukoa pasatu ostean. Haren arabera, leku eta momentu zehatzetan egoteak, eta baita pertsona jakin batzuekin ere; eman dio aukera proiektuetan aritzeko

14.07.2020 | 21:34
Argazkian, Jose Mari Zabala artista irundarra.

Soinua, argazkia, bideoa eta zinema dira, besteak beste, Jose Mari Zabala (Irun, Gipuzkoa, 1974) artistak landu dituen diziplina artistikoetako batzuk. Museo bikoitza proiektuari segida ematea izango du ondorengo erronka, urtebetean garatu beharko duena. Hain zuzen, Asier Mendizabal artistak jarri zuen proiektua abian, eta Donostiako San Telmo museoa dago horren oinarrian. Are, artista bakoitzak hautatzen du nori pasatu jarraipenaren lekukoa. Zabalak adierazi duenez, oraindik ez dago ziur zer egingo duen, eta lehenengo museoko biltegian gordeta dagoena ikusteko asmoa du.


Donostiako San Telmo museoaren ondarean eta narratibetan murgilduko zara proiektu honetan. Esku hartze artistiko bat egin beharko duzu urtebetean. Erronka bat al da?

- Esan dezaket baietz. Proiektu honetan murgiltzeko hautatu nauten artistak bereziak dira, eta haien lerro berean egotea exijentzia ere bada. Gainera, ez da oso arrunta izaten artistek artistak aukeratzea, normalean kanpotik hautatzen baikaituzte. Esango nuke ohore handi bat dela, baina baita ardura ere.


Horiek izan ziren zure hitzak aurkezpenean ere: "Ohore handia da eta ardura latza". Hain zuzen, Erlea Manerosek hautatu zintuen. Zer suposatzen du kate horren parte izateak?

- Ohore bat da katearen parte izatea proiektuari jarraipena emateko hautatu nautelako, baina, bestetik, ardura ere sentitzen dut, lan mardul bat egin behar dudalako. Beraz, gustatuko litzaidake zerbait berezia lortzea.

Manerosek Kalifornian (AEB) egin du bere ibilbidearen zati handi bat, eta adierazi du hango testuinguru asko lotzen dituela zure lanarekin. Bat egiten al duzu bere hitzekin?

- Zer esango dut horretaz. Urte hauetan guztietan nire gisara aritu naiz lanean. Egin edo asmatu ditudan gauzak ez dira txorakeriak izan, beharrezkotzat jotzen bainituen. Beraz, ez da harritzekoa beste pertsona batzuek ere interes berberak edukitzea eta eremu berdinetan aritzea antzerako proiektuak lantzen.


1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetako euskal kulturaren susperraldiaren partaide zarela ere gehitu du. Horrela sentitzen al zara?

- Egia da aukera asko izan nituela. Leku eta momentu zehatzetan egotea egokitu zait, eta baita jada desagertuta dauden baina zutabeak izan diren pertsonekin ere. Zortea izan nuen hor tartean ibili nintzelako, eta, are, egun ere banabilelako. Norbere buruaz hitz egitea konplikatua da, baina aitortzen dut zenbait arlotan aritu naizela eta gauza ugari egin ditudala. Gainera, egindako gauza horiek gazteentzat baliagarriak baldin badira, pozten naiz; erreferentzia bat dira, azken batean.


Lana koordinatzen ere Maneros arituko da.

- Kide edo artista bakoitzak hautatzen duen pertsonari gida lanak egiten dizkio, nolabait berak aurrez ikasitakoa, duen esperientzia ondorengoari pasatzen dio. Kasu honetan, lehenbizi, sei hilabete izango ditut ikerketa egiteko, San Telmo museoaren leku ezkutuenetan dagoena ezagutzeko. Horretarako, Maneros hurbil ibiliko da. Gerora, nik gauza bera egin beharko dut hautatzen dudan artistarekin.


Ba al daukazu buruan zer egin nahi duzun? Nola eutsiko diozu erronkari?

- Hasieratik izan nituen ideia ugari, baina hausnartu, eta pentsatu nuen hobe izango zela itxarotea eta museoan zegoen guztia ikustea. Izan ere, museoko biltegietan gauza pila bat daude gordeta, eta arazo bat izango litzateke hori guztia ezagutu gabe lanean hastea, gauza asko bazterrean gelditzeko arriskua baitago. Lehen urratsa, beraz, biltegira joatean izango da eta bertan dagoen guztia ezagutzea. Behin hori egindakoan, has naiteke pentsatzen zer egin dezakedan, baina helburua ezkutuan dagoen hori argitara ateratzea da.


Gainera, museoa gaztetatik ezagutzen duzu. Zer da leku hori zuretzako?

- Garai batean gutaz, gure kulturaz jakin nahi izanez gero, ez zegoen aukera asko, baina museo horrek bazituen gauza andana erakusteko. Gaztea nintzelarik hasi nintzen hori ezagutzen. Halere, orain museoa handitu egin da eta aldaketak egon dira. Orain urte batzuk jendearekiko hurbilagoa zen, eta hori berreskuratzeko nahia dago, herritarren aldea lantzekoa, sakontzekoa eta lortzekoa. Maila bat, errekonozimendu bat duen museoa da, baina orain lehen zuen hurbiltasuna berreskuratzea falta da, eta nik bat egiten dut helburu horrekin.


Jendearengana gehiago hurbiltzeko helburuarekin?

- Bai. Jendeak jakin beharko luke zer aurkitu dezakeen bertan. Are, baliteke gauza ugari ezagutzea eta hurbilekoak sentitzea ere.


Egin beharreko lanarekin saiatuko al zara hurbiltasun hori lortzen?

- Gure ametsa da erabilgarria izan daitekeen zerbait lortzea, zerbait erakusten duen lan bat izatea, hurbila eta izugarrizko kalitatea duena; amets bat da iraunkorra izatea.


Horretarako, formatu desberdinak erabili daitezke. Zuk ere hainbat erabili dituzu hamarkadetan zehar: esaterako, argazkia eta soinu ekoizpenak. Zergatik hautatu zenituen formatu horiek?

- Garai batean soinua, musika, bideoa edo zinea egitea oso arraroa zen, baina orain arrunta da eta jende askok erabiltzen ditu diziplina horiek guztiak elkarrekin. Ez zen hautu finko bat izan, besterik gabe atera zen eremu horiek lantzea, baina ez zen oso konplikatua izaten horiek erabiltzea eta menperatzea.


Soinuaren bidez hasi zinen esperimentatzen. Zergatik?

- Ez Dok Amairuko partaide izan nintzen. Mikel Laboarekin eta Joxan Artzerekin ibili nintzen gauzak lantzen. Hori bolada bat izan zen, eta gerora hasi nintzen argazkilaritzarekin, bideogintzarekin eta zinemagintzarekin. Gauza dezente egin ditut, inguruan gertatzen ziren gauzek arreta deitzen zidaten-eta. Beti egon naiz erne inguruko gertaerei, eta, beharbada, horregatik izan ditut hainbeste aukera eta fazeta espresio ezberdinetan.


Nolakoa izan zen Laboarekin eta Artzerekin aritzea?

- Bolada hura oso bizia izan zen eta bazirudien guztia asmatzen ari ginela. Joxan Artze ezagutu nuen lehendabizi, bere aurreneko liburuarekin ari zen lanean eta orduan ezagutu nuen. Eskatu zidan argazkilaritzaz arduratzeko, eta horretan hasi nintzen. Gainera, Jose Luis Zumeta margolariarekin ere izan nuen harremana garai horietan, beste lan batzuk egiten zebilelako. Horrela hasi ginen hirurok tratatzen, eta gerora Laboarekin ere izan nuen harremana. Gitarrarekin ari nintzen jaialdi batera etorri zen, eta esan zidan ea elkarrekin jotzen probatuko genuen. Hasi ginen zerbait egiten, eta handik denbora batera Ez Dok Amairun sartzeko eskain-tza egin zidaten. Espektakulu zenbait antolatu genituen. Konturatu gabe egin ditut gauza guzti horiek, gaztetatik horrela aritu naiz.


Irudira ere hurbildu zinen, bideora eta zinemara. Axut filmaren zuzendaria izan zinen, eta 1975ean eman zenuen estreinakoz Donibane Lohizunen (Lapurdi). Zer izan zen Axut zuretzako?

- Orokorrean, lan baikor bat izan zela esango nuke. Gainera, momentu horrez geroztik hasi zen hemen ere zinemagintzaren gaia lan-tzen. Ordura arte uste zen aktore izateko madrildarra izan behar zinela, edo bertan jardunean aritu behar zinela, bederen. Euskal izen eta abizenak zituen pertsona batek ezin zuen aktore izan, beste izen mota bat behar zuen horretarako. Baina berdin gertatzen zen idazleekin ere. Idatzi nahi izanez gero, gutxienez, Cervantes abizena eduki behar zenuen.


Euskaldun izateak kutsu negatiboa al zuen?

- Sarritan esaten ziguten ea nola egingo genuen hemen pelikula bat, garai horietan ez zegoelako hiri handietako kalerik edo ez zelako gai poliziakorik gertatzen. Bazirudien hemen baserriak zeudela eta listo, ez zegoela beste ezer ere. Beraz, uste dut Axut filmak zinea egiteko aukera mahai gainean jarri zuela, eta pixkanaka hasi zela zinemako mugimendua.


Nolakoa izan zen filmak izan zuen harrera?

- Esango nuke mundua zatitu egin zuela; batzuk alde agertu ziren eta beste batzuk aurka. Kontra egiten zutenek esaten zuten ea posible zen zinema egitea garai horietan, baina erreakzio bera egon zen olerkiekin edo kantagin-tzarekin ere. Gainera, gu gazteak ginen ordu hartan, eta izan genuen gatazka ere. Izan ere, bagenekien jarraitzaile berriak eta gazteak genituela eta bazegoela halako gaiei edo ekiteei eusteko behar bat airean, baina, bestetik, bazegoen erreakzio itsu hori ere. Halere, hemen beti egon da gatazka, beti egon dira bi aldeak eta eztabaidak; euskara batuengatik, adibidez.


Nola definituko zenuke orain arteko zure ibilbidea?

- Ni beti saiatu naiz sentitzen dudana eta pentsatzen dudana aurrera ateratzen. Pentsatzen hasten naiz, eta uste dut zerbait uzten dudala hemen egina. Gustatuko litzaidake gazte nintzela nik egin dudan guztia kutxa batean aurkitzea; nolabait, lehenagotik egina. Gustatuko litzaidake egindako guztia ere belaunaldi berriei uztea. Gainera, askotan bilatu ditugu erreferentziak hemendik kanpo, baina orain baditugu hemen sortutakoak ere. Hor kokatuko nuke nire lana; saiatu naiz zerbait berria egiten eta egindako hori ondorengoei uzten.